Ostirala, 2019(e)ko Ekainaren 07a 11:26

Artiumek NOS[ YO ]OTROS aurkezten du, Juan Carlos Meanaren erakusketa bat

Artistak, erakusketa honetan, gizabanakoak komunitatearekin duen harreman batzuetan gatazkatsua lantzen du. Harreman horren ondorioak –bortizkeria, leialtasuna, zaintza, konspirazioa, kemena– erreferentziatzat hartzen dituzten hirurogeitik gora obrak eratzen dute erakusketa

Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, Juan Carlos Meanaren NOS[ YO ]OTROS erakusketa aurkezten du (Iparra aretoa, 2019ko ekainaren 8tik irailaren 15era). Meanak, erakusketa honetan, hausnarketa egiten du pertsonak komunitatearekin duen harremanaz eta nortasun indibidualaren mugez, bai kanpoko munduari, bai norberaren barneko munduari dagokionez. Artistaren azkenaldiko obren kopuru garrantzitsu bat biltzen du erakusketak, bere lanaren aurreko aldien zenbait erreferentziaz gainera. José Angel Artetxe da NOS[ YO ]OTROS erakusketaren komisarioa, eta Artium arduratu da ekoizpenaz. Erakusketa laster agertzekoa den katalogo batekin osatuko da, eta testuak Fernando Illana, Meana eta Artetxerenak dira.

NOS[ YO ]OTROS erakusketak gizabanakoaz eta gizabanakoak komunitatearekin duen harremanaz dihardu. Harreman hori, Juan Carlos Meanarentzat, ez da beti erosoa gertatzen, gatazkatsua baizik, eta maiz, nortasunaren mugei dagokienez bereziki, komunitatearen barnean –identitate jakin bat bideratzeko xedea duten gizarte-mekanismoak–, nahiz komunitatearen kanpoan –mugak, atzerria–. José Ángel Artetxe komisarioak azpimarratzen duen bezala, prozesu etengabea da hori Meanarentzat, eta jokoan daude hartan «dimentsio etiko bat norberari buruzkoa, dimentsio politiko bat besteen aniztasunari buruzkoa, eta dimentsio ekologiko bat edo inguruarekiko harremanarekin loturikoa».

Sei sailek osatzen dute erakusketa – Laboratorio de conflictos, Comunidad, Pertenencia, Asépticos, Después de Narciso eta Creencias –, eta espazioan elkarren ondoan dauden eta nahasten diren hirurogei piezatik gorako multzo bat eratzen dute. Erakusketa hau dela-eta artistak seinalatzen duen bezala, «hiru dimentsioko lan hauetan gizabanakoaren eta taldearen arteko tentsio horren alderdi jakinak lantzen dira: bortizkeria, leialtasuna, zaintza, konspirazioa, kemena, etab.».

Horretarako, hainbat eratako elementu sinbolikoak erabiltzen, konbinatzen eta elkarrekin lotzen ditu Meanak –bala-zorroak, xaboi-piezak, zeramikazko platerak, neurketa-instrumentuak, ispiluak, adreiluak, su-armen zatiak…–, eta elementu horiek gai jakin batzuk lantzen dituzte, nola diren muturreko bortizkeria, gatazkaren aurreko eraginkortasunik eza, edo zenbait prozesu industrialen giza kostua. Mihiztaketa horiek ideia jakin batzuk iradokitzeko balio diote artistari, «harreman sotilen multzo bat, zeinak [obren] tituluetan beretan antzematen baitira»: Posverdad, Caution humans, La medida del valor, Las sospecha de las mirada, Plan estratégico, La medida de las creencias

Juan Carlos Meana (Vitoria-Gasteiz, 1964) Bilboko Arte Ederretako Fakultatean eta Pariseko Goi Mailako Eskola Nazionalean trebatu zen. Euskal Herriko Unibertsitatean doktoretza eskuratu zuen, eta pintura izan zuen lehen arte-jarduera, nahiz eta  90 hamarkadatik aurrera eskultura, instalazio, argazkigintza eta bideoaren aldera egin zuen. Harrezkero, erregulartasunez erakutsi du bere obra, banakako erakusketetan –Londres, Vigo, Coruña, Gijón, Valentzia, Vitoria-Gasteiz…– nahiz erakusketa kolektiboetan –Artium, Vigoko MARCO, Donostiako San Telmo Museoa, Amsterdameko Stedelijk Museum-a…–. Juan Carlos Meana Vigoko Unibertsitateko Pintura Saileko irakasle titularra da, eta orobat da arte-sorkuntzaren inguruko idatzien egilea: Lo que no somos, lo que no queremos, El espacio entre las cosas, La ausencia necesaria eta duela gutxi kaleratu duen El aprendiz de lengua extranjera.

Erakusketari buruz  Liburuxka  Aretoko testuak  Prentsarako irudiak

NOS[ YO ]OTROS. Juan Carlos Meana
Komisarioa: José Ángel Artetxe
Iparra aretoa, 2019ko ekainaren 8tik irailaren 15era
Erakusketaren katalogoa, José Ángel Artetxe eta Fernando Illanaren testuekin (laster argitaratzekoa)
Jarduerak:
Ostirala, ekainak 7

  • 19:00 orduetan: inaugurazioaren aurreko bisitaldi gidatua NOS[ YO ]OTROS eta Galduaz eta berreskuratuaz erakusketak ikusteko. Artiumeko Lagunentzat (beharrezkoa da erreserba egitea)
  • 20:00 orduetan: erakusketa zabalduko da. Sarrera librea

Hurrengo doako bisitaldi gidatuak Museoaren sarrerarekin

  • Igandea, ekainak 9, 12:00 orduetan (Galduaz eta berreskuratuaz erakusketarekin). Gaztelaniaz
  • Asteazkena, ekainak 12, 16:30 orduetan. Euskaraz. Zuk nahi duzuna tarifa:
  • Igandea, ekainak 23, 12:00 orduetan. Gaztelaniaz

NOS[ YO ]OTROS Artium Museoaren ekoizpena da
y comimos todos del mismo plato (Serie Comunidad) instalazioa ARTEPAN-en laguntzarekin ekoitzi da

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand