Ostirala, 2019(e)ko Ekainaren 07a 11:54

Artiumek Galduaz eta berreskuratuaz aurkezten du, Javier Hernández Landazabalen erakusketa bat

Artistak artefaktu mekanikoen forma duten eta zorroztasun handiz landu diren zenbait eskultura aurkezten ditu, eta eskultura horiei pinturan dagokien irudikapena. Erakusketak oroimena edo bizipenak bezalako auziak planteatzen ditu, baita denboraren igarotzea edota errealitatearen eta irudikapenaren arteko harremana ere

Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, Javier Hernández Landazabalen Galduaz eta berreskuratuaz erakusketa aurkezten du (Iparra aretoa, 2019ko ekainaren 8tik irailaren 15era). Hernández Landazabalen ibilbidea normalean pintura errealistarekin lotzen da, baina oraingoan gutxiago ezagutzen den bere ekoizpenaren alderdi bat agertzen du, non artefaktu mekanikoen forma duten eskulturen sorkuntza eta eskultura horiek oihalera eramaten diren modua konbinatzen baititu. Daniel Castillejo da bizipenen oroipena, denboraren iragana edo errealitatearen eta irudikapenaren arteko erlazioa bezalako auziak lantzen dituen Galduaz eta berreskuratuaz erakusketaren komisarioa, eta Artiumen ekoizpena da. Erakusketa laster agertzekoa den katalogo batekin osatuko da, eta testuak Antonio Altarriba eta Castillejorenak dira.

Javier Hernández Landazabalek (Vitoria-Gasteiz, 1959) Galduaz eta berreskuratuaz erakusketan bere arte-praktikan oso ezaguna ez den alderdi bat agertzen du, praktika hori oro har pintura errealistarekin lotua egon baita. Erakusketa hau gailu mekanikoen forma duten hamar eskulturak osatzen dute; eskultura horiek arrreta handiz eraiki ditu artistak, azken 30 urteotan berreskuratu eta bildutako objektuekin. Objektu horiek mihiztatu ondoren, Hernández Landazabalek agertoki arduratsu bat sortzen du artefaktuen argazkiak egiteko, eta, ondoren, oihalera eramateko, bere ohiko teknika errealistarekin, pauso motel eta xehez. Erakusketak bederatzi pintura aurkezten ditu, hamargarrena ezin aurkitu izan den bildumazale partikular batena baita.

Galduaz eta berreskuratuaz erakusketak Jorge Luis Borgesen bertso batetik hartzen du izena, zehatzago, idazle honen El tango poemako bertso batetik. Hernández Landazabalek gailu hauek eraikitzen, antzezten eta pintatzen ditu; iraganaren eta orainaren ikonoen nahaspila bat dira, eta horien bidez zenbait auzi mahairatzen ditu egileak, bizipenen oroimenaz, denboraren iraganaz, errealitateaz eta irudikapenaz, hizkuntzaz, arteaz mintzatzen den arteaz. Eta pinturaren eta eskulturaren arteko egokitasun-joko sotil bat baliatzen du horretarako, baita paradoxa, sarkasmoa, kritika, ironia, hitz-jokoak, mundu ikasiaren eta mundu herrikoiaren aipamena, eta halako nihilismo bat ere.

Gai horiek eta baliabide horiek berebat ageri dira aipaturik obren tituluetan: La suerte y la muerte, Arte-ficio dadá, Tiempo muerto, L’ esprit de l’ escalier… Azken horretan, esate baterako, giza burezur bat ageri da liburu baten gainean, esku-eskailera baten goialdean bata eta bestea, bonbilla batek argiturik. Eskaileraren espirituak, Antonio Altarribak erakusketaren katalogorako idatzi duen testuan azaltzen duen bezala, berandu heldu den ideia argitsuari egiten dio erreferentzia, jadanik erantzunik ezin eman denean, «aukera galdua, jadanik argirik eman ezin duen distira, heriotzaren ondoren pizten den bonbilla».

Javier Hernández Landazabal Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 80ko hamarkadara arte plastikoen irakaskuntza eta pinturagintza, eskulturagintza, marrazkigintza, ilustrazio- eta komikigintza konbinatu zituen. 1991n Detective albuma argitaratu zuen, pinturaren eta literaturaren arteko hibridoa, komiki-egiturarekin eta Antonio Altarribaren testu batekin, eta album hark inflexio-puntu bat markatu zuen egilearen obran. Obra horrek, 90en hasieran, ia osorik, pintura errealistaren antzeko zerbaiten aldera egin zuen; teknikoki oso pintura landua da, eta kontakizun- eta hausnarketa-asmoz egina.

Erakusketari buruz  Liburuxka  Aretoko testuak  Prentsarako irudiak

Galduaz eta berreskuratuaz. Javier Hernández Landazabal
Komisarioa: Daniel Castillejo
Iparra aretoa, 2019ko ekainaren 8tik irailaren 15era
Erakusketaren katalogoa, Antonio Altarriba eta Daniel Castillejo testuekin (laster argitaratzekoa)
Jarduerak:
Ostirala, ekainak 7

  • 19:00 orduetan: inaugurazioaren aurreko bisitaldi gidatua NOS[ YO ]OTROS eta Galduaz eta berreskuratuaz erakusketak ikusteko. Artiumeko Lagunentzat (beharrezkoa da erreserba egitea)
  • 20:00 orduetan: erakusketa zabalduko da. Sarrera librea

Hurrengo doako bisitaldi gidatuak Museoaren sarrerarekin

  • Igandea, ekainak 9, 12:00 orduetan (NOS[ YO ]OTROS erakusketarekin). Gaztelaniaz
  • Igandea, ekainak 16, 12:00 orduetan. Gaztelaniaz.
  • Asteazkena, ekainak 26, 16:30 orduetan. Euskaraz. Zuk nahi duzuna tarifa

Galduaz eta berreskuratuaz Artiumen ekoizpena da (Vitoria-Gasteiz)

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand