Azteazkena, 2019(e)ko Ekainaren 12a 12:19

Artium Fundazioak eta Arabako Foru Aldundiak lau proiektu hautatuko dituzte Arabako zenbait tokitan esku-hartze artistikoak egiteko

Eskualdea deialdi publikoak komisariotza proiektu bat eta ekoizpen artistikoko beste hiru sustatuko ditu. Eskualdea-ren xedea da sorkuntza garaikidea gizartera hurbiltzea eta landaren et hiriaren arteko harremanaren inguruan gogoeta eginaraztea. Artziniegako Museo Etnografikoa, Izkiko Parke Naturala, Gatz Arana eta Aguraingo ZabalArte aretoa dira proiektuak garatzeko proposatutako eremuetako batzuk

Arabako Artium Fundazioak eta Arabako Foru Aldundiak Eskualdea-ren deialdia luzatu dute, Arabako Lurralde Historikoaren zenbait gunetan garatu beharreko komisariotza proiektu bat eta ekoizpen artistikoko hiru hautatzeko lehiaketa publikoa. Honako hauek dira Eskualdea-ren xedeak: sorkuntza eta gogoeta garaikidea Arabako gizartearengana hurbiltzea, bertako testuinguru artistikoa garatzen laguntzea eta landaren eta hiriaren arteko harremanen inguruko gogoeta sustatzea, proposamen berritzaile, esperimental eta eraginkorren bidez. Komisariotza-programak 30.000 euro jasoko ditu, eta ekoizpen artistikoko bkoitzak 6.000 euro, gauzatu ahal izateko. Proposamenak aurkezteko epea 2019ko uztailaren 5ean amaitzen da.

Eskualdea programa bikoitza da, ekoizpen artistikoa eta komisariotza biltzen dituena, eta asmoa, Arabako Lurralde Historikoan esku-hartze artistikoak egite aarte garaikidearen eta lurraldearen arteko gurutzaketa-guneak sortzeko, landarekiko, eremu naturalarekiko eta gizarte-testuinguruarekiko elkarrizketari arreta berezia eskainiz. Artiumek 2018an antolatu zituen bi proposamen —Ekinean ibiltari eta arte plastikoen erakusketa ibiltaria— deialdi bakarrean integratzen dituen proposamena da.  

Arabako Kulturaren Plan Estrategikoaren eta Garapen Iraunkorrerako Helburuetan adierazitako erronka globalen barruan dago deialdia. Zeharkako ikuspegi batetik, artearen eta kulturaren ahalmen eraldatzaileak nabarmentzea planteatzen du, baita lurralde desorekaren, jendegabetzearen, berrikuntzaren, kultur-eskaera sustatzearen, parte-hartzearen, genero-berdintasunaren, ingurumenaren eta kultur identitatearen gaien haritik ere.

Oinarriak, osorik, Artium Museoaren webgunean daude argitaratuta. Eskualdea-ren bi programetarako proposamenak aurkezteko epea uztailaren 5ean amaitzen da.

Jarraitu irakurtzen +

Eskualdea Ekoizpena

Eskualdea Ekoizpena deialdiaren xedea ekoizpen artistikoko hiru proiektu hautatzea da Arabako toki zenbait tokitan erakusteko. Lehiaketan lurralde honetan nahiz Trebiñu konderrian jaio edo bizi diren artistek parte har dezakete, eta baita beren proiektuan, lanean eta interesen artean arabar testuinuguruarekin lotura esanguratsua dutenek ere.

Aurkeztutako proposamenek arte garaikidearekin lotuta egon behar dute, eta Arabako Lurraldeko leku zehatz batean erakusteko pentsatua. Deialdian hiru aipatzen dira zehazki —Amurrioko La Casona erakusketa-aretoa, Aguraingo ZabalArte espazioae ta Zuhatzu Kuartangoko antzinako Bainuetxea—, baina parte-hartzaileek beste espazio publiko zein pribatu batzuk ere proposatu ditzakete, aurretik haien arduradunekin adostuta. Antolatzaileek hautatutako hiru proiektuak taldeko erakusketa bakar batean batetik bestera eramateko aukera ere aintzat har dezakete.

Era berean, proiektuetan kontuan hartu beharko da topaketa eta bitartekaritza ekintzak burutzea, proiektua garatuko den tokietan eragin handiagoa izateko.

Hautatuko den hiru proiektuetako bakoitzak 6.000 euro izango ditu gauzatzeko. Euskal artearen eta kulturaren esparruko profesionalen ordezkari batzuek osatuko dute balioespen batzordea, gizon-emakumeen parte-hartze orekatuarekin. Epaimahaiak aurkeztutako proiektua (% 60), bideragarritasuna (% 20) eta proposatzen duenaren ibilbidea (% 20) balioetsiko ditu.

Eskualdea Komisariotza

Eskualdea Komisariotza lehiaketaren helburua da artista garaikideen lana garatu eta ohikoak ez diren testuinguruetan ezagutarazteko komisariotza proiektu bat hautatzea, Arabako ondare historikoarekin lotutako inguru naturaletan zehazki. Gutxienez hiru artistaren parte-hartzea eskatzen duten komisariotza proiektuak dira, Arabako lurraldeko hiru kokagunetan gutxienez. Deialdia era horretako komisariotza proiektu bat aurkeztu nahi duen edonori zabalduta dago, herritartasuna edo bizilekua gorabehera, baina artista parte-hartzaileen arabar testuinguruarekiko lotura ere balioetsiko da.

Proposamenak, arte garaikidearekin lotuak, deialdiaren oinarrietan aipatzen diren zazpi espazioetako hirutan kokatu beharko dira gutxienez, hau da, Zuhatzu Kuartangoko Bainuetxean, Artziniegako Museo Etnografikoan, Garaioko Parkean, Izkiko Parke Naturalean, arabar Errioxako Trikuharrien ibilbidean, Lautadaren Ekialdeko Erromanikoaren ibilbidean edota Gatz Haranean.

Proposamenek esku hartuko den tokietako ingurugiroaren, arkitekturaren eta ondarearen integritatea errespetatu beharko dute, eta garatuko diren tokietan eragin handiagoa izateko topaketa eta bitartekaritza ekintzak egingo dituzte. Aurreikusten diren esku-hartzeak talde-lanekoak izango direnez —komisario baten eta artisten parte-hartzearekin—, ikusizko arteen esparruko berdintasun eta emakumeen ikusgaitasun politikak errespetatu beharko dira proiektuetan.  

Hautatutako komisariotza-proposamenak 30.000 euro izango ditu gehienez ere gauzatzeko. Euskal kulturaren eta artearen esparruko profesionalen ordezkaritza batek osatuko du balioespen batzordea, gizon-emakumeak modu orekatuan daudela. Epaimahaiak aurkeztutako proiektuaren kalitate artistikoa eta kontserbaziozkoa balioetsiko du, eta hautatutako tokien testuinguru soziala, naturala eta kulturala (% 60), bideragarritasuna (% 20) eta parte hartzen duten pertsonen ibilbidea (% 20).

Eskualdea 2019. Arabako Lurralde Historikoan esku-hartze artistikoak egiteko programa
Komisariotza proiektu bat (Eskualdea Komisariotza) eta ekoizpen artistikoko (Eskualdea Ekoizpena) hiru proiektu hautatzeko lehiaketaren deialdia
Proposamenak aurkezteko azken eguna: 2019ko uztailaren 5a
Ikus deialdiaren oinarriak

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand