Ostirala, 2019(e)ko Uztailaren 12a 13:05

Eskualdea deialdi publikoak komisariotza-proiektu bat eta ekoizpen artistikoko hiru proiektu hautatu ditu, Izkin, Kuartangon, Bastidan, Añanako Gatz Haranean eta Amurrion egingo direnak

Leyre Goikoetxearena izan da hautaturiko komisariotza-proiektua, zeinak Anabel Quincoces, Miriam Isasi eta Belén Cerezoren proposamenak biltzen baititu. Raisa Álava, Oihane Amurrio eta Mario Paniegoren proposamenak Eskualdea Ekoizpena sailean hautatu dira. Eskualdea komisariotza- eta ekoizpen artistikoko programa bikoitza da, landalderako egiten dena, eta Foru Diputazioko Kultura eta Kiroleko Sailak eta Artium Fundazioak sustatzen dute

Eskualdea Arabako komisariotza eta ekoizpen artistikoko deialdi publikoa Leyre Goikoetxearen Un triángulo, 3 vértices_ser_rizoma (Hiruki bat, 3 erpin, errizoma izatea) komisariotza-proiektuaren hautaketarekin ebatzi da, eta hartan parte hartzen dute Anabel Quincoces, Belén Cerezo eta Miriam Isasi artistek; eta orobat hautatu dira Raisa Álava, Oihane Amurrio eta Mario Paniegok aurkezturiko proiektuak. Sei interbentzio dira guztira, zenbait hirigune eta espazio naturaletan bideratzekoak, besteak beste Bastidan, Izkiko Parke Naturalean eta Añanako Gatz Haranean. Balioespen Batzordeak –Haizea Barcenillak, Beatriz Herráezek, Enrique Uriartek eta Enrique Martínez Goikoetxeak osatzen zuten– proposamenek orohar duten kalitate artistikoa, lurraldearekin duten lotura soziala eta kulturala, eta haiek gauzatzeko ezarri diren dinamika partizipatiboak azpimarratu ditu. Hautaturiko proiektuak 2019ko bigarren sei hilekoan zehar garatuko dira.

Kulturaren Plan Estrategikoaren esparruaren eta Garapen Iraunkorreko Helburuen baitan, Arabako Foru Diputazioko Kultura eta Kiroleko Sailak eta Artium Fundazioak sustatzen duten Eskualdea deialdi publikoaren helburuak sorkuntza-lan eta pentsamolde garaikidea Arabako gizartearen osotasunari hurbiltzea, arte-testuinguru arabarraren garapena bultzatzea eta baserriaren eta hiriaren munduaren arteko erlazioen gaineko hausnarketa sustatzea dira, proposamen berritzaileen, esperimentalen eta eraginkorren bitartez. Eskualdea programak, guztira, 48.000 euroko hornidura du.

Eskualdea Komisariotza
Leyre Goikoetxeak (1983) aurkezturiko proiektuak –Un triángulo, 3 vértices_ser_rizoma (Hiruki bat, 3 erpin, errizoma izatea)– hiru artista arabarren interbentzioa proposatzen du. Belaunaldi desberdinekoak dira, eta bitarteko eta ikusmolde desberdinak dituzte Arabako landaldeko munduaren eta mundu naturalaren inguruan. Testuinguruaren eta bertan bizi diren pertsonen zuzeneko ezagutzatik abiatuta, «naturaz hitz egiten [saiatzen dira hiru sortzaileak], naturatik bertatik, eta etorkizunean orainetik pentsatzen, iragana gogoan hartuta». Balioespen Batzordeak «bai komisarioaren, bai artisten jardunbide artistikoa, Arabako testuingurua baino harantzago» azpimarratu du, eta bereziki nabarmendu du «haien kanpoko proiekzioa».

Alde batetik, Miriam Isasik (1981) Izkiko Parke Naturalean egitekoa den interbentzio bat proposatzen du, Carpinteros (Arotzak) deitua. Parkeko okilen ahots desberdinak grabatuz, eta behaketa eta artxiboko materiala berreskuratuz, Isasik pieza performatibo bat sortuko du –koreografia eta musika–, agertoki natural batean irudikatu eta bideoan grabatuko dena.

Memorias de azufre y sal (Sufre eta gatzezko oroitzapenak) da, bestalde, Anabel Quincocesen (1968) proposamenaren izena. Kuartangoko Bainuetxeko ur sufretsuak eta Gatz Haraneko ur gaziak, eta, zehatzago, haietan bizi diren mikroorganismoak, hartzen ditu izenak gogoan. Quincocesek eskultura-multzo bana egingo ditu Bainuetxearen kanpoan eta barruan, eta Gatz Haraneko zenbait sorotan, berriz, beirazko hainbat eskultura ipiniko dira.

Belén Cerezok (1977), azkenik, landaldeko bizimoduaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa bat proposatzen du, Artziniegako Museo Etnografikoan egingo duen interbentzio baten bitartez bideratuko dena: Presente continuo (Orainaldi jarraitua) izeneko proiektu bat da. Proposamen honetan lurraldeko hainbat herritan harturiko argazkiak, soinuak eta bideoak izango dira, besteak beste, Artziniega, Bastida, Kuartango eta Añanako Gatzagako errealitate soziala, kulturala eta ingurumenari dagokiona islatuko dituztenak.

Un triángulo, 3 vértices (Hiruki bat, 3 erpin) proposamenak, gainera, proiektuak garatuko diren ingurunearekiko zenbait bitartekaritza- eta solasaldi-ekimen bateratuko ditu, hitzaldiak nahiz proiekzioak, elkarrizketak eta bisitaldi gidatuak; eta hori ere balioetsi du Batzordeak, «bai sorkuntza-prozesua, bai jendaurreko aurkezpen-prozesua irekitzen baititu, prozesua osorik ikusgai eginez komunitatearen aurrean», identitate artistiko nabarmen batetik abiatuta. Proiektuaren amaieran, azken erakusketa bat egingo da Kuartangon, eta hantxe agertuko da proiektua bere osotasunean, hiru artisten lanak barne direla. Erakusketa honen muntaketa eta antolamendua jendaurrean egingo dira.

Eskualdea Ekoizpena
Eskualdea Ekoizpena deialdiari dagokionez, Raisa Álava artistak (1990) aurkeztua izan da hautatu den lehen proiektua, Sin título (Titulurik gabe). Zeramikazko lantegi partizipatibo bat proposatzen du Álavak –lehengai horrekin lan egin ohi du normalean–, Amurrion, hantxe hazi baitzen eta hantxe egin baitzituen ikasketak. Batzordeak bereziki azpimarratu du nola planteatu den «herritarrekiko prozesu partizipatibo bat, (…) bere lan artistikoa prozesu horren emaitzaren mende jarriz», «zeramikaren hizkera gaurko garaira ekartzeaz» gainera.

Oihane Amurrio (1996) da El cuerpo traumado en un espacio (Gorputz traumatizatua espazio batean) proiektuaren egilea, zeina orobat hautatu baita deialdi honetan. Bastidako herriko familiaren baratzea hartuz operazio-basetzat, harekin lotura pertsonal estuak baititu, hausnarketa-lana egingo du astebetez artistak, irudiak eta soinuak erregistratuko ditu eta solasean arituko da herriko hainbat pertsonarekin. Ekintza horiek erakusketa baten abiapuntua izango dira, eta erakusketa horretan islatuko ditu «espazioaren (nire baratzearen) kartografia batzuk, eta, aldi berean, nire gorputzarenak». Batzordeak bereziki balioetsi zuen «prozesu esperimental [hori], oroimenetik eta neure esperientzia pertsonaletik abiatzen dena (…), komunitatea, gorputza eta paisaia elkarrekin lotuz».

Azkenik, Gidaliburua da hautaturiko hirugarren proiektua, Mario Paniegorena (1978). Artista arabarrak azken urteotan egiten ari den lanaren –Manual de instrucciones– proposamen berriak aurkeztuko ditu. Paniegoren eguneroko bizitzako gidaliburu berriek parte-hartzaileen ekarpena izango dute, hainbat eskola-lantegitan. Batzordeak, hain zuzen ere, oso gogoan hartu du «testuinguru sozialekiko elkarrizketa-proposamena sorkuntzaren prozesuaren parte delakoan, berrikuntza edo oroimena bezalako alderdiak lantzeko, eta ondoren espazio publikoan garatzeko».

Eskualdea 2019

Hautatutako proiektuak
Eskualdea Komisariotza: Leyre Goikoetxearen Un triángulo, 3 vértices_ser_rizoma, Miriam Isasi, Anabel Quincoces eta Belén Cerezo artistekin
Eskualdea Ekoizpena:  Raisa Álavaren Sin título; Ainhoa Amurrioren El cuerpo traumado en un espacio; eta Mario Paniegoren Gidaliburua

Ikus deialdiaren oinarriak

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand