Ostirala, 2019(e)ko Abuztuaren 30a 09:40

Montauk taldearekin hasiko da Igandeak 2019, igandetarako kontzertu programa, Artiumen

Gasteiztar taldearekin batera, Birkit-ek, Sara Zozaya-k eta Duluth-ek osatzen dute iraileko azken lau igandeetako emanaldien agenda. Artiumen eta Laboral Kutxaren proposamen bat da, hurbileko bakarlariez eta taldeez osatutako programa bat osatzeko Igandeak. Kontzertuetako sarrera doakoa da, baina tokia mugatua

Montauk gasteiztar taldeak emango dio hasiera irailaren 8an Artium Arabako Arte Garaikideko Euskal Museo-Zentroak antolatutako Igandeak kontzertu programari, hirugarren edizioan. Igandeak programaren bitartez, musika-agenda berezia proposatzen du Artiumek, Museoaren hurbileko artisten proposamen garaikideekin. Irailean  Montauk, Birkit, Sara Zozaya eta Duluthek eskainiko dituzten saioak intimo eta esperimentalak izango dira batzuk, eta dinamikoagoak besteak, askotariko estilo eta hizkuntzak arakatuz. Edonola ere, Igandeak programak igande arratsaldetarako topalekua izan nahi du, musika berrien zale direnentzat eta horien atzean dauden sortzaileentzat. Kontzertuak Plaza Aretoan izango dira, 20:00etan. Sarrera doakoa izango da, eta tokiak mugatuak. Igandeak 2019 programak Laboral Kutxaren babesa du.

Irudiak

Igandeak, Artiumen kontzertu-programa, irailaren 8an hasiko da, Montauk taldearen emanaldiarekin. Beñat Goitia (ahotsa eta gitarra), Gorka Etxebarria (bateria eta bibrafonoa), Urko Urzelai (baxua) eta Aitor García de Vicuña (gitarra, sintetizatzaileak eta programazioak) dira taldeko kideak. Konposizioek, euskarazko hitzek eta Goitiaren ahots xuxurlariak rock intimistaren barruan kokatzen dute taldea, baina, aldi berean, indar handiz nabarmentzen dira gitarrak eta sintetizadoreak. Edonola ere, Montauk taldearen oinarri musikala egile abestia da, euskal herri musikaren berrinterpretazioa, “XXI. mendeko kantautorea”. 2015ean Gaztetalent irabazi zutenetik, taldeak kontzertu ugari eskaini ditu, eta estudioko bi disko kaleratu ditu Bilaketan (2016) eta Geruzak (2018).
Bideoklipa: Hartzak hotzez hiltzen (Geruzak)  Montauk Spotify-en
 
Birkit da irailaren 15erako aurreikusitako kontzertua Igandeak programaren barruan. Birkite Alonsoren proiektu pertsonala da. Birkite Gasteizen jaioa da, eta Eorann eta Red Carmine taldeen sortzailea. Talde horiekin, besteak beste rock eta indie generoen bidean esperimentatzeko aukera izan zuen. Bolada batean isilean egon ondoren, Emen bakarkako lehen lana kaleratu zuen. Berak editatutako lana da, euskarazko eta ingelesezko abestiekin. Horietan nabarmena da folk eta post rock joeren eragina, eta batez ere nabarmena da gaur egungo emakumeen egoera sozialaren, amatasunaren eta zahartzaroa bitarteko bikote harremanen inguruko gaiekiko interesa. Bere ahotsaz eta gitarra elektrikoaz baliatzen da, eta txandakatu egiten ditu hots garbiak eta distortsionatuak, emaitza intimo eta indartsua lortuz.
Birkit kontzertuan (Harrobia Eskena Bilbo): Leihoa  Birkit Spotify-en

Sara Zozaya izango da irailaren 22an Igandeak programako protagonista. Donostian jaiotako abeslaria eta multi-instrumentista akordeoiarekin hasi zen musikaren munduan. 12 urte besterik ez zituela, bere abestiak sortzen hasi zen, gitarra eta teklatuekin. Gaur egun, Nerabe taldeko abeslaria izateaz gainera, bakarkako bideari ekin dio. 2018ko abenduan argitaratu zuen bere lehenengo EPa, III. Disko labur intimista eta progresiboa da, kritikariek goraipatua; jarraipena izango du gaur egun prestatzen ari den bigarren EPan. Kontzertuan batez ere ingelesezko abestiak aurkeztuko ditu, gai existentzialekin eta eguneroko bizitzako xehetasun itxuraz hutsalekin zerikusia dutenak. Horiek guztiak artistak berak darky indie-folk izendatzen duen estiloan abestuak.
Bideoklipa: Take a Breath (///)  Sara Zozaya Spotify-en  

Igandeak 2019 programaren azken kontzertua, irailaren 29an, Duluth gasteiztar taldearekin izango da. Aitor Aguirre (ahotsa eta gitarra), Ander Sevilla (baxua), Asier Erdozain (gitarra) eta Jon Salvador (bateria) musikariez osatutako taldea 2017an sortu zen, eta urte horretan bertan irabazi zuten Gaztetalent lehiaketa. David Bazan, John Frusciante, Russian Red, Depedro edo Carmen Bozaren eraginarekin, rock intimista eta introspektiboa egiten dute, protagonista direlarik ahotsa eta gitarrak. Gaur egun, eta urtebetez lehenengo lana aurkezten jardun ondoren, El lustro y la polilla, bigarren diskoa prestatzen ari dira.
Bazan (El lustro y la polilla), Youtube-en  Duluth Spotify-en  

Igandeak 2019 Artiumek, Arabako Arte Garaikidearen Zentro Museoak, eta Laboral Kutxak antolatutako programa da. Kontzertu guztietarako sarrerak doakoak dira, baina tokia mugatua da. Saioak arratsaldeko zortzietan hasiko dira, Museoaren Plaza aretoan.

Igandeak 2019
Igandetarako kontzertu-programa Artiumen
Irailak 8: Montauk
Irailak 15: Birkit
Irailak 22: Sara Zozaya
Irailak 29: Duluth
Laboral Kutxaren babesarekin
Kontzertu guztiak Artiumen Plaza Aretoan izango dira, 20:00etan. Sarrera doan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand