Asteartea, 2019(e)ko Urriaren 08a 10:38

Begoña Zubero, argazkigintzarekin Artiumen

Artium bildumako Touch (Ukitu) obraren egilea da, eta obra horrekin parte hartuko du Artistak gurean saioan. Begoña Zuberorekin egingo den saio hau, gainera, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak antolatutako Sorkuntza, hiria, paisaia jardunaldien barnean dago.

Begoña Zubero argazkilariak bihar, urriak 9, Artistak gurean jardunen hitzordu berri batean parte hartuko du Artiumen. Arte Garaikideko Euskal Museoaren Bilduman dauden sortzaile batzuekin zuzeneko harremana izateko antolatzen ditu jardun horiek Artiumek. Zubero Artium bilduman dauden hainbat lanen egilea da, horien artean Touch triptikoarena, eta hari buruzkoa izango da argazkilariaren saioa. Arte garaikidearen ezagutza errazteko helburua duen programa honek EDP fundazioaren babesa du. Begoña Zuberoren hitzaldia 19:00etan hasiko da, Auditorioaren eta Museoko biltegien artean egingo da, eta sarrera doakoa izango da.

Begoña Zubero (Bilbo, 1962) irudi- eta soinu-diziplinetan trebatu zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta New Yorkeko School of Visual Arts-en. Zuberok faktura tekniko bikaineko argazkiak egiten ditu, aldez aurretik ikerketa- eta dokumentazio-prozesu zorrotz bat burututa. Urte batzuk eman ondoren aurkitutako nahiz eraikitako bodegoien bidez giza aztarnari antzematen, 2000. urtetik aurrera Existenz (2007) edo Poko jendea (2017) serieak sortu ditu. Horietan, asmo estetiko jakinez hautatzen ditu Zuberok espazioak eta arkitekturak, baina baita gertakari adierazgarrien lekuko gisa ere, gertatu diren edo gerta litezkeen istorioen agertoki gisa.

Begoña Zubero Artium bilduman dago, zenbait obrarekin: Caos (Fragmento 2/30. ¿Quieres casarte conmigo?) izeneko diptikoa (1994) edo Touch triptikoa (Ukitu, 2003). Azken hori da, hain zuzen ere, Zuberok Artistak gurean jardunotan aurkezteko aukeratu duen obra. Irudi monokromatikoa da, binilozko diskoen edo ehun futuristen arteko interpretazio ugari iradokitzen dituen abstrakzioa.
 
Begoña Zuberoren argazki-serie askotan ageri dira egileak arkitekturarekiko eta hiri-espazioekiko duen interesa, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Arabako sekzioak eta Artium Museoak antolatutako Sorkuntza, hiria, paisaia jardunaldien abiapuntua izango da Artistak gurean saio hau. Urriaren 9an (asteazkena) arituko den Bilboko argazkilariaz gainera, arkitektoak ez ezik, hainbat diziplinatako adituak ere bilduko dira urriaren 10ean eta 11n, eta aztertu eta erakutsiko dute nola jar daitezkeen hiriko arkitektura eta paisaia haiek ulertzen lagunduko duen begirada ireki eta kritiko baten pean. Parte-hartzaileen artean Maider López artista, Inma Jansana eta Eduardo Rojo arkitektoak edota Aranea diziplina arteko taldea egongo dira. (Jardunaldiei buruzko informazio gehiago).

Artistak gurean programak hilean behin publikoa eta Artium Bilduman ordeztuta dauden egileak elkartzea proposatzen du. Gutxi gorabehera ordu eta erdiko saioetan, artistek sormen-prozesuari nola ekin azaltzen dute Museoko Emanaldi aretoan, eta obra edo proiektu esanguratsuak aurkezten dituzte. Ondoren, erakusketa-aretoan, solasaldiak aurrera jarraitzen du Artium Bildumako dagokion erakusketan ikusgai dagoen obraren edo lanen aurrean.

Topaketa-formatu horrek aukera ematen die bertaratzen diren ikusleei sortzaileekin elkarreraginean aritzeko, zuzeneko kontaktuaren bidez elkarrizketa eta euskal eta espainiar artearen sorkuntza garaikidearen eta obra adierazgarrien ezagutza sakonagoa errazteko. Saio guztiak arratsaldeko zazpietan hasten dira.

Artistak gurean. Begoña Zubero   Sormena, hiria, paisaia jardunaldiak  Artelanaren fitxa (katalogoa)  Irudia  Begoña Zuberoren webgunea

Artistak gurean
Begoña Zubero, Touch lanaren egilea
Urriaren 9an, asteazkena, 19:00etan. Sarrera doan
EDP Fundazioaren babesarekin

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand