Ikasketa Zentroa: 'Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean'

Hasiera: Ostirala, 13 Martxoa 2026

Amaiera: Larunbata, 14 Martxoa 2026

Artium Museoaren AMA Ikasketa Zentroa plataforma bat da, eta, museoaren erakusketa-ildoarekin lotura estuan, arte garaikidearen, ezagutza ekoizteko eta zabaltzeko formatuen eta lankidetzan eta esperimentazioan oinarritutako ikerketa kritikorako metodologien inguruko ikerketa-espazio bat artikulatzen du.

Louidgi Beltrame artistarekin izandako elkarrizketek lagundurik Catalina Lozanok komisariatutako izen bereko erakusketaren esparruan, programa publiko honek erakusketaren ikerketa-esparrua zabaldu nahi du, performance-lanak eta pentsamendu diasporikoa hainbat eratan hedatzen duten filmak aztertuz. Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean erakusketak aztertzen dituen praktika artistikoek modu kritikoan eta espekulatiboan hausnartzen dute mugimendudun irudiak bestetasunaren kontakizun eta irudikapenen eraikuntzan duen eginkizunari buruz (Mendebaldetik eraiki eta definitu zen, modernitatetik eratorritako aparatu epistemologiko guztia oinarri hartuta), horiek osatu baitzuten zinema etnografikoaren askotariko tradizioa. 

Parte-hartzaileak: Louidgi Beltrame (Marseilla, 1971), Manthia Diawara (Mali, 1953), Catalina Lozano (Bogota, 1979) eta Ana Pi (Brasil, 1986).

 

PROGRAMA

Martxoaren 13an 
18:00-19:00. A2 aretoa
Bisita komentatua Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean erakusketara Catalina Lozano komisarioaren eta Louidgi Beltram artistaren eskutik 

19:00-20:00. A4 aretoa
Ana Pi Brasilgo artista eta coreografaren NoirBLUE Conversión performance-a.

Pieza hau 2016an hasitako proiektu koreografiko baten parte da, eta Ozeano Atlantikoarekin, Afrikako diasporarekin eta gorputzen memoriekin lotutako iruditeriak aztertzen ditu.

 

Martxoaren 14an 
11:00-13:00. A4 aretoa
CORPO FIRME: danzas periféricas, gesto sagrado lantegia, Ana Pik gidatuta.

Sormen-praktika honetan, Ana Pi koreografoak uraren askotariko tonizitateak esperimentatzeko gonbidapena egiten die parte-hartzaileei, dantza eta iruditeria berrietarako tresna gisa. NoirBLUEren corpusa eta The Divine Cypher (2021) pieza erreferentzia gisa hartuta —non Katherine Dunhamen eta Maya Derenen lanekin elkarrizketa aktiboa izan baitzuen, bien Haitirekiko harremanean—, lantegiko dinamikak bi lan horien motor koreografiko eta poetikoekin, jarrerarekin eta hiztegi fisiko zehatzarekin egongo dira harremanetan.

Erritmo ariketa oniriko eta zorrotzen bidez, eta presentzia-, tentsio- eta entzumen-egoeren bidez, parte-hartzaileak gorputzean irudi ezezagunak eta iheslariak sortzera eta hausnartzera eramango dira. Tradizio beltzen autonomia erradikalaren eta koreografia kolektiboen artean, memoriaren boterea eta desobedientzia da praktika honen ardatza, mugitzen jarraitzen dugun bitartean askatasun errepertorio bat zabaltzeko xedez. Lantegi honek begirada bat eskaintzen dio Ana Piren «CORPO FIRME; danzas periféricas, gesto sagrado» ikerketari, Afrikako Diaspora Transatlantikoaren mugimendu- eta esanahi-tradizioei buruzkoa.

Izen-emateak: ikasketazentroa@artium.eus

 

18:00-19:30. Emanaldi aretoa
Édouard Glisant: One world in relation (Manthia Diawara, 2009) filmaren proiekzioa eta zuzendariarekin solasaldia.

2009an, Manthia Diawara zinegileak, bere kamerariarekin batera, Édouard Glissant filosofo, idazle eta poeta martinikarrarekin izandako elkarrizketak dokumentatu zituen Queen Mary II itsasontzian, Southamptonetik (Ingalaterra) New York hirira egindako bidaia transatlantikoan. Bidaia intelektual honek Glissanten Harremanaren teoriari eta Tout-monde kontzeptuari buruzko lana eta ikerketak laburbiltzen ditu, bere uste filosofiko askoren artean. «Diaspora oro batasunetik aniztasunerako urratsa da».

Maumaus / Lumiar Cité-rekin elkarlanean

 

Errelatoretza: Paola Buontempo

 

Louidgi Beltramek (Marseilla, 1971) zinemaren eta arte garaikidearen arteko bidegurutzean garatzen du bere praktika. Europan eta Latinoamerikan bakarkako erakusketak egin ditu, eta nazioarteko erakunde garrantzitsuetan eta biurtekoetan aurkeztu izan da bere lana, baita zinema-jaialdietan ere. Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean erakusketan hartu du parte, artista bezala eta Catalina Lozano komisarioarekin elkarlanean, ikertzaile gisa. 2026an parte hatu du, horrez gain, Chengdungo Biurtekoan eta Pariseko Cinéma du Réel jaialdian.

Manthia Diawara (Mali, 1953) Literatura Konparatuko eta Zinemako irakasle da New York University unibertsitatean. Diawara idazle eta zinemagile oparoa da. Arteari, zinemari eta politikari buruzko bere saiakerak honako hedabideetan argitaratu dira: The New York Times Magazine, Los Angeles Times, Libération, Mediapart, October eta Artforum. Bi oroitzapen-liburu ospetsuren egilea da: In Search of Africa (Harvard University Press, 2000) eta We Won’t Budge: An African in the World (Basic Books, 2008). Diawararen film nabarmenen artean daude Angela Davis: A World of Greater Freedom (2023), AI: African Intelligence (2022) eta Negritude: A Dialogue between Soyinka and Senghor (2016).

Catalina Lozano (Bogotá, 1979) Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean erakusketaren kuradoretzako arduraduna eta Euskal Herriko Arte Garaikideko Museoko komisario burua da. Bertan, besteak beste, Mariana Castillo Deball, Jutta Koether, Carolina Caycedo, Patricia Dauder, Joëlle Tuerlinckx eta Josu Bilbaorekin proiektuak garatu ditu. Aldez aurretik, komisario independente gisa, kuradore- eta argitalpen-proiektuetan ezagutza-modu hegemonikoak zalantzan jartzen dituzten praktikei erantzun die bere ikerketak.

Ana Pi (Brasil, 1986) koreografoa eta “iruditeria”-artista da, Frantziatik lan egiten duena. Bere praktikak Atlantikoaz haraindiko Afrikako Diasporaren irudimen erradikal eta birsortzailean du oinarria. Antzinako dantzen eta gaur egungo haien forma periferikoen inguruko ikerketa garatzen du, dantzari “extemporanea”, pedagogo eta idazle gisa jardunez. Tradizioek transmititutako keinu eta mugimenduen azterketa materialetik abiatuta, paisaia, politika, artxibo eta gorputz bizien artean duten eraldaketa ikertzen du. Bere lanak potentzial filosofikoa eta etorkizuneko irudikapenak aktibatzen ditu. 2025ean ATOMIC JOY estreinatu du, Chassol-en musikarekin, eta Julien Creuzet-ekin elkarlanean aritu da HKW Berlin-en. 

 

Programa publiko honetako jarduera guztiak sarrera librekoak dira, tokia bete arte, lantegia izan ezik; horretarako beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea ikasketazentroa@artium.eus helbidean, gehienez 200 hitzeko motibazio-gutunarekin.

Parte-hartzearen ziurtagiria
Programa honetan parte hartu izana egiaztatzen duen ziurtagiri bat eskatzeko aukera dago, hala eskatzen den kasuetan.
Eskabidea ikasketazentroa@artium.eus helbidean egin behar da, programa hasi aurretik.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand