Praxis: Teo Sabando

Hasiera: Asteartea, 13 Apirila 2010

Amaiera: Larunbata, 15 Maiatza 2010

Lekua: Hegoalde Aretoa

ARTIUM Teo Sabando artista nafarrari eskainiko dio Praxis programaren hurrengo atala.

2009ko azaroan proposamen bat jaso genuen Teo Sabando artistaren partetik, bere zenbait lan ARTIUM Fundazioari emateko eskaintza eginez. Bere lan-sailik garrantzizkoenetako bi dira: Egun bereko lorategia, formatu handiko marrazki eta argazkien artean 24 pieza biltzen dituen obra oso bat, etaGizon pobrearen lorategia, elkarrekin loturiko 14 lanez osatzen dena. Bi sail hauek museo honek aspaldi ez dela erosi zituen artistaren bi liburutan dute jatorria. Marrazkiak, lanak, liburuak eta prozesua osorik ikus daitezke berriro PRAXIS-en, apirilean eta maiatzean.

Denbora horretan, autoreak ibilbide bat proposatuko du bere obran zehar, bere artista-liburuetan bildutako lanetik abiatuz. Gauza horiek, datu- eta ideia-bilketako prozesu natural baten barruan sortuak, era askotako forma eta tamainatan gauzatu dira, eta osotasun batean biltzen dute artistaren lanaren, proiektuen, marrazkien, argazkien, olerkien eta gainerakoen garapen kontzeptuala. Paradoxa dirudi Felix eta Teo Sabando anaien, eta geroago bigarren honen, sorkuntzazko unibertso intelektuala erakusten duten piezatxo hauek ia ezezagunak izatea, eta gaur egun bildumagile pribatu pribilegiatu gutxi batzuen esku baizik ez egotea. Astean bi bider artistak berak erabili eta beren testuinguruan kokatuko dituen liburu hauen erabilera kameraz grabatuko da. Hala, etorkizunean material hauen edukia eta kontzeptualizazioa berreskuratu eta zabaldu ahal izango da.

Proiektu hau poliki-poliki joango da osatuz, astez aste autorea komentatuz joango den bere beste liburu batzuk erakusketaren osagarri jarri ahala. Dagoeneko bisitatu direnak pantaila baten bidez egongo dira eskuragarri; pantaila horretan egileari eta haren lanari buruz beste datu batzuk ere eskainiko dira. Bitrina batean artistaren sorkuntza-prozesuaren osagarri izan diren zenbait gauza erakusten dira. Paperak, jasotako oharrak eta ohar-koadernoak, zirriborroak eta olerkiak, erreka-harriekin, mineralekin, itsasoko oskolekin eta arantzekin batera, ordena logiko bera osatzen dute. Izadia, ezagutza-modu gisa, Teo Sabandoren obran, bizi-arnasa batez, buritzapen tekniko zehatz eta landu batez artera eramana.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand