Hiponako Agustinek, Aitorkizunak liburuan, bere buruari «Quid est ergo tempus?» (Zer da, bada, denbora?) galdetzean, hona zer erantzun zuen: «Si nemo ex me quaerat, scio; si quaerenti explicare velim, nescio» (Inork galdetzen ez badit, badakit; galdetu didanari azaldu behar baldin badiot, ez dakit). Geure buruari eta munduari berari arreta pixka batekin begiratzen badiogu hitzez denbora zer den adierazteko ezintasunean aurkitzen gara, aporia bat, eragozpen gaindiezina, irteerarik gabeko egoera bailitzan. Agian, geure barruan susmatuko dugu –berriz ere, Borges-en antzera «denbora sortua izan naizen gaia da» dionenean– hurbiltzeko, ulertzeko ahalegin oro ia ezin sartuzko sarritasuna dela.
Egungo egoeran, beraz, ez gaude ez hurbil, ezta urrun ere. Ziurgabetasunean baizik. Gaur egun larrimina da une posible bakarra, eta hitzezko denbora, denbora erretoriko bilakatu da. Horregatik subjuntiboa –hasierako poeman bezala–, erakusketa honen izenburu izan nahi duena, zalantzaren denbora da, eta bere mehatxua orainean gauza daiteke soilik, egilearen nahian itxaropen zantzu bat nabari baldin bada ere Aion denbora absolutuaren, betierekotasuna irudikatzen duen jainko greziarrarekin elkartzeko. Hala ere Borges-ek eta haren idazlan hilezkorrek berezko denbora, heltzen diogun abagunea, agian hauxe bera den une zehatza, bre nahia errealitate bihurtzen duen denbora historikoa gorpuzten duen Kairos-ekin –Kronos-en iloba den jainkotxo hori, airean dantzatzen duen ile xerlo luzea alde bat utzita ia burusoila–, topo egin dute ustekabean. Kairos-en aurrean bere aitona saturnotarra dago, Cronos, bere seme-alabak irentsi dituena, denbora lineala, neur daitekeena, Borges-ek dagoeneko ezagutu duena irudikatzen duena.
Erakusketa honek, El tiempo que venga ((Datorkeen) Denbora (mendekatzailea)), venir (etortzea) eta vengar (mendekatzea) ditu aipagai oraina definitzen duen eta itxuraz benetakoa den premisa baten eran. Kairos eta Kronos ditu aipagai, aldi berean eta denbora berean. Aukeraren, une egokiaren bila ibiltzea eta, bestalde, mendekua, iragaite errukigabea. Ezin zehaztuzkoa denaz eta pisa daitekeenaz mintzo da, zoriaz eta halabeharraz. Bien bitartean, nahasturik, bai baitirudi ez dagoela denbora erretorikoa baizik, bata eta bestea nahasten ditugulako, itsuturik begiratzen diogu osotasunari dena arazo bihurtuz. Ezerk ez dio itzuri egiten galderari eta ezinezko ziurtasunari. Denbora errizoma tankerakoa da, eta beraz, intuizioz hauteman badaiteke ere deskribaezina da. Gertaeraren espekulazioa da, testuinguruan oinarritua, eta gertaera hori gainditzeko edo zapuzteko aukera, aldi bereko edota jada gertaturiko prozesuekin lotuz.
Era berean, arteak antzelan huts gisa darabilgun gailu problematizatzailea den aldetik, etengabe baieztatzen eta galdetzen du, orobat, osotasunari, aipatu den gaurko iraganari begira, eta jasotako erantzunak –ezin zuen bestela izan– etorkizunaren irudikapen akastunak dira.
Denbora mendekatzailea. Bilduma IX
Hegoa aretoa, 2009ko urriaren 24tik 2010eko irailaren 5era
Denbora mendekatzailea ARTIUMek ekoitzi du (Vitoria-Gasteiz).
Jarduerak: Denbora mendekatzailea, Daniel Castillejo-ren hitzaldia, azaroaren 3an, asteartea, 20.00etan; zinema zikloa, Fernando Colomo-k zuzendua, 2010eko urtarrilean; inaugurazioa (urriaren 23an, ostirala, 20.00etan); doako bisitaldi gidatuak (ikus programazioa www.artium.eus orrian).
Sarrerak Online
Denda Online