Praxis: Súper Héroe Euskalduntzarra. Vicente eta Fernando Roscubas

Hasiera: Igandea, 01 Azaroa 2009

Amaiera: Igandea, 10 Urtarrila 2010

Lekua: Hegoa Aretoa

Súper Héroe Euskalduntzarra zaldizko monumentu tankeran egina dago.

Praxis DIY (do-it-yourself) delakoaren kulturarekin loturik sortu da eta egungo krisialdi ekonomikoaren ondorio gisa. Aldi berean, laborategi edo lantegi esperimentala izan nahi du, dinamikoa eta osagarria, eta urteko programaren aldamenean, hautazko modulu bat sortuko du modu beregainean.
Inprobisazioa da bere izaera eta birziklapena, prozesua, harremana eta, batez ere, ekintza zuzena eta «zerorrek egizu» delakoa dira oinarrian dituen balioak. Azken puntu horren helburua artistari askoz rol aktiboagoa ematea da, eta gaur egun artelanak subjektu-artistaren aldean duen nagusitasuna ezabatzea. Protagonismo hori era bateko eta besteko esparruetan nabarituko da, esate baterako, erakusketak antolatzen hasi eta bertatik egongo dira jendaurrerako zabalik, horrela bisitariek erakusketa bat nola eraikitzen den pausoz pauso ezagutu ahal izango dute. Proiektu hetereogeno sorta batek osatuko du Praxis, hirurogeita hamarretako punk mugimenduaren azpikulturan sortu zen jarrera eta ekimena jasoko duena. Garai hartan artisek berek kudeatzen zituzten beren musika-taldeak, ekoizten zituzten beren diskoak, sortzen zituzten beren enpresak eta baita beren merchandising delakoa, elastikoak, txanoak..., eta autosustapenerako materiala ere.
Bestalde, DIY delakoaren kultura era esponentzialean hazi da multinazionalen korporatibismoa sortzearekin batera, eta ideologia politiko eta soziala bihurtu da ia, «kontsumismorik ez» doktrina arteari ezarria. Praxis-en helburua, beraz, underground-ekoa eta erakundeetakoa elkarrekin adiskidetzea da da, bere statu quo berekiaren aurka borroka egitea, globaltasuna eta tokitotasuna elkartzea, eta horretarako DIY delako kulturaren ohiko esapide bat bereganatu du: «globalki pentsatu eta tokian aritu».

SÚPER HÉROE EUSKALDUNTZARRA

Súper Héroe Euskalduntzarra zaldizko monumentu tankeran egina dago eta Roscubas anaiek burututako poliesterrezko lan sorta baten parte da. Sorta horretan, ironia handiz eta halako probokazio kutsuz, era askotako jendea erretratatu zuten, esate baterako, kirolariak, supermanak edota euskal pertsonaiak.
Proiektu honi esker, artistek berek 1979ko pieza hau –ARTIUM Bildumaren ondarearen parte izatera igaro dena– nola zaharberritzen duten ikusiko dute zuzenean bisitariek. Eta egileen lantegian murgiltzeko aukera izango dute, lan hori haien ibilbide artistikoaren barruan ulertzekoa, eta garai hartako irakite kulturalari hurbiltzekoa.
Lan honen helburua, euskal artearen inguruan sortu zen eztabaidari buruzko keinu komikoa egitea da, garai hartan bizirik zegoen eta batez ere eskulturaren inguruan –Oteiza y Chillida, Basterretxea, Mendiburu, Chillida, Ortiz de Elguea...– garatu zen «euskal eskola» ospetsuari buruzkoa. Garai hartan, hain aldaketa handien erdian, eraikitzen ari zen Lemoizko zentral nuklearra aipagai zuen lan sorta bat burutu zuten Roscubastarrek. Estatua osatzen duten bai zaldia eta bai zaldizkoa itxuraz makerrak eta are groteskoak direla esan daiteke. Zaldunak txanodun laneko jantziak daramatza soinean, abarkak oinean eta eskuan, berriz, aitzurra eta kaikua. Zelaren ordez, ikurrina.
Eskultura hau egiteko, artistek poliesterra erabili zuten, garai hartan zabaltzen hasi zen material alternatibo, arin eta harikorra, ohiko material astunagoei –burdina, harria edota zura– kontrajarririk, batik bat. Subertsioaren bide beretik, garaiko euskal eskolaren joera abstraktuagoaren aldean, Roscubastarrek eskultura figuratibo bat egitea erabaki zuten, beren munduaren parte izango zena, aurreiritzi estetiko zein moralik gabeko esparru batean elkarrekin bizi diren satiraren eta hutsaltasunaren munduaren parte.

Hirurogeita hamarretako euskal artea

Eskuartean dugun proiektu hau aitzakia ezin hobea da hirurogeita hamarretan Euskal Herrian bizin zen giro artistikoaren zati bat gaingiroki berrikusteko. Frankismoa azkenetan zegoela eta, aldi berean, kultura pil-pilean. Garai hartan estetika eta politika nahasturik zeuden eta inguru artistikoetan indarrean zegoen oraindik «eskualdeko versus nazioko» hura. Tradizioarekin hausten zen eta hizkuntza berriak biltzen ziren, Euskadin egindako arterako nortasun bat finkatzea ahalbidetuko zuten zeinu berriak sortzeko beharrik gabe. Eta gainera, txano beltz haiek –irribarre nabarmen batez hornituak– beren ezaugarrien artean zituzten fantzine, aldizkari, lan eta ilustrazioen garaia zen, orobat.
Begien bistakoa da garai hartan sortu ziren beste fenomeno batzuekiko duen lotura, eta fenomeno haiek, bestalde, dagoeneko aipatu den «praxis»-arekin loturik daude: fantzineak, punk-a, euskal rock erradikala... Utopia kutsuko sormen asaldatua, zeinetan biltzen –eta sortzen– baitziren aktibista politikoak, intelektualak, sortzaileak –norbanakoak eta taldeak– zeinen asmoa kulturaren bidez errealitatea, edota honi buruzko ikuspegia, aldatzea baitzen. Roscubastarren lana aitzakia ezin hobea da historiaren atal horri berriz heldu eta artelan bat arte garaikidearen –hala bertakoaren nola nazioartekoaren– garapenerako erabakigarria izan zen une hartako testuinguruan kokatzeko.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand