«Historia (letra larriz idatzia) ez da inoiz, erabat, hala izaten, ez baita bakarra, asko baitira, eta merezi duten bakarrak ezabatzen direnak izaten baitira, ahulen historiak direlako edota gezurrei kordokarazten zaielako». Francesc Torres artistaren hitz eztabaidaezin hauek Iluna da lo datzagun gela erakusketaren aurkezpena egiteko balio dute. Erakusketa kontzeptual honek itxuraz eta edukiz, oroitzapen historikoa berreskuratzeko beharra du aipagai.
Bere garaiarekin nahasirik dagoen artista honen lana taldearen kontzientziarekin loturik dago duela zenbait hamarkadatatik hona. Historia, ideologia, boterea, mendetasuna, gerra, banakoa zein taldea izan dira, neurri handi batean, bere egitasmo artistikoaren ardatzak. Instalazioa izan da, bestalde –eta baita idatzi ugariak ere– bere adierazpide nagusi. ARTIUMeko erakusketa, hain zuzen ere, bi instalaziok osatzen dute, Memorial izenekoa bata, eta erakusketari izena eman dion Iluna da lo datzagun gela, bestea. Bi lan horien testuinguru historiko eta geografikoak desberdinak baldin badira ere, biek gogoeta unibertsal bati zabaltzen diote atea: norena da Historia?, norentzat idazten da?
Memorial, 1992an aurkeztu zen, Golkoko gerra amaitu eta urtebetera, eta instalazio honekin abiatzen da erakusketa. 2006. urtetik dago gordailuz ARTIUMeko funtsen artean. Izenburuak eta itxura formalak ematen dituzte bere edukiaren lehen arrastoak: gure kontzientziari kargu hartzen dion etxean egindako oroitzapenezko «monumentua» da. Kuwaiteko petrolio putzu bateko beti pizturik dirauen garraren irudia berez mintzo da Mendebaldekoon zurikeria demokratikoaz eta besteak salbatzeko dugun «asmo oneko» grinaz. Bien bitartean, etxe barruan, munduko gerrei buruzko berrien bidez bonbardatzen –eta eta anestesiatzen– gaitu telebistak. Golkoko gerra, bigarren mundu gerratik hona izan den lurreko erasoaldirik handiena izan zen, hain zuzen ere, telebistak ia zuzenean eman zuen lehendabiziko gatazka armatua. Hala ere, ia-ia gure egongeletaraino sartu zen arren, oroimena ahula da, eta handik gutxira ia inor ez zen zen jada biktimez oroitzen.
Francesc Torresen interesa beti piztu izan duen garai bat, gerra zibilekoa –Espainiaren hurbileko historiaren garai traumatikoenetakoa– da, bestalde, Iluna da lo datzagun gela instalazioaren gaia. Gainera, oraingo honetan, gatazka hartan galtzaile izan zirenen historia da interesa biltzen duena, asko eta asko hobi komunetan baitatza, duintasuna berreskuratu zain.
Instalazio hori egiteko, Francesc Torresek proiektu bati ekin zion 2004. urtean Oroitzapen Historikoa Berreskuratzeko Elkartearen eskutik. Burgosko probintziako hobi komun bateko gorpuak –1936an basoan hildako berrogeita seiren gorpuzkinak– lurpetik ateratzeko lan mingarria dokumentatu zuen eta guztiaren argazkiak atera zituen.
Zenbait hormairudik, erloju zahar batek eta indusketa lanen 29 argazkik osatzen dute instalazioa. Lan taldeak eta biktimen senideek osatzen dute halako ikus-eguneroko hau. Nabarmentzekoa da gorpuzkinak familiei nola itzuli zitzaizkien eta hainbeste hamarkadatako saminaren eta gutxiespenaren ondoren herriko kanposantuan nola ehortzi zituzten erakusten duten irudiak.
J. Bourkek dioen eran «bizirik daudenek, hilik eta betiko isildurik daudenen agindua jasotzen dute: iraganari buruzko egia gordetzea. Gu gara ahanzmenaren eta oroimenaren artean aukera egiten dugunak». Francesc Torresen erakusketa, dudarik gabe, estetikazko proposamen kontzeptual interesgarria da, baina horrez gainera, Historiaren jabetza eskubideari buruzko argudio sakon eta beharrezkoa da.
Laura Fernández Orgaz
Ekoitzia:

Laguntzaileak:
Iluna da lo datzagun gela. Francesc Torres
Iparra aretoa, 2009ko maiatzaren 9tik irailaren 20ra.
Jarduerak: Francesc Torresen hitzaldia, maiatzaren 8an, ostirala, 19.00etan. Zinema zikloa Balkoi irekia.Gerraondorako dokumentuak, maiatzaren 22tik ekainaren 7ra; komisarioa, Pablo Llorca. Eztabaida taldea Oroimenaren iluntasuna, maiatzaren 26an eta 27an. Doako bisitaldi gidatuak
Sarrerak Online
Denda Online