Hirikumeak erakusketan ARTIUM Bildumako zortzi artelan daude ikusgai, bisitari gazteenengan (eta baita helduengan ere) eguneroko bizitza egiten duten hiriarekiko gogoeta kritikoa ernarazteko xedez. Erakusketa hau zentro-museoan ikasleekin eta familiekin egingo diren jarduera askoren abiapuntua izango da, eta haurrak bereziki kontuan hartuta antolatu da. Egileen artean, Carlos Sáenz de Tejada da zaharrena eta Héctor Orruño arabarra gazteena, eta bataren eta bestearen artean, María Morenoren, Joan Vilacasasen, Xisco Mensuaren, Paz Díaz de Espadaren, Concha Pradaren eta Dionisio Gonzálezen hiri paisaiak ikus daitezke ARTIUMeko Atari aretoan. Hirikumeak Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak asmatu eta ARTIUMek ekoitzi du, eta 2009ko irailaren 27 arte egongo da ikusgai.
ARTIUMek haurrentzako antolatzen dituen erakusketa hauek, formatu txikikoak eta beti Bildumako lanekin osatuak, baliabide garrantzitsua dira gazteenengan egungo artearekiko zaletasuna eta artelanek izan ditzaketen esanahi ugariak ulertzeko gogoa pizteko. Espainiako arte garaikideko museoen esparruan ez da horien antzekorik egiten, haurren eguneroko bizitzari loturik dagoen gai zehatz baten inguruan antolatzen dira beti, eta hala haurrek nola berekin datozen helduek, horren inguruan gogoeta egin eta iritzi kritiko bat osatzeko aukera dute. Horretarako artelanak bisitari gazte hauek ikusteko egokia den garaieran kokatzen dira, eta hormetan gogoeta eragiten duten galderak eta iruzkinak idazten dira.
Ildo horretan, Hirikumeak erakusketak bizi diren inguruan pentsatzera gonbidatzen ditu bisitari gazteak, eta hari buruzko beren ikuspuntuak eta sentipenak adieraztera. Hiri handi eta txikietako protagonistak bertako biztanleak dira jakinaren gainean nahiz oharkabean, han garatzen baitituzte beste pertsonekiko eta gauzekiko harremanak; eta han ibiltzen, hitz egiten, erosten, ikasten, jolasten, eztabaidatzen, atseden hartzen eta kirol egiten dute. Erakusketako artelanen laguntzaz, hirigintzak harreman horiek nola baldintzatzen dituen pentsarazten zaie bisitariei.
Kronologikoki, 1933ko Carlos Sáenz de Tejadaren El Madrid que desaparece. El viaducto izeneko marrazki batekin abiatzen da erakusketa, garai hartan dagoeneko oso azkar aldatzen ari zen eta gaur egun jada ez dagoen hiri baten ohitura erretratua. Joan Vilacasasek 1970eko hamarraldian Planimetría 72-91 margotu zuen, hiri baten planoa susma daitekeen lan neurri batean abstraktua. 1980ko hamarraldiaren lehen erdikoa da María Morenok margotu zuen Vallecas izeneko paisaia, hiria amaitu eta landa hasten den gunetik ikusia, hautsaren eta kutsaduraren laino artean bildua.
1993koak dira Paz Díaz de Espada arabarraren eta Xisco Mensua bartzelonarraren bi lan oso desberdin, bai itxuraren eta bai edukiaren aldetik. Pazen Izenik gabe grabatuak ibilgailuz betetako hiriaren ikuspegi kaotikoa eskaintzen du; Mensuaren Vivienda unifamiliar margolanak, berriz, isolamenduaren eta bakardadearen arkitektura irudikatzen du. Concha Pradaren Plaza de San Agustín, Valencia (1998) argazkian, hiriaren irudia ispilu batean islaturik bailegoen agertzen da, erabateko simetriarik ez baldin badago ere.
Dionisio Gonzálezen argazki panoramiko handi bat gailentzen da erakusketan, Jornalista Roberto Marinho (2005), Brasilgo favelen munduaren ikuspegi berezia, egungo arkitekturako elementuekin nahastua, lehendbizikoak benarrari mugatuak eta bigarrenak gehiegikeriari emanak. Héctor Orruño arabarraren irudi futurista batekin amaitzen da erakusketa, Plaza Roja XYZ (2006) izeneko margolanarekin.
Sarrerak Online
Denda Online