Written Portrait. Patti Smith

Hasiera: Igandea, 11 Maiatza 2008

Amaiera: Astelehena, 23 Otsaila 2009

Lekua: Iparra Aretoa

Written Portrait artistari buruz Espainian egiten den lehendabiziko atzerabegirako erakusketa da.

Erakusketa aretoan sartzean deigarria gertatzen den lehendabiziko gauza, horman espazioak lotuz eta bisitariari ongietorria eginez dauden hiru leihoak dira. Hiru hutsarte horiek, eta erakusketan zehar dauden beste batzuk, ez dira nolanahi kokatu. Aitzitik, funtsezko eginkizuna dute, ikusgai dauden atal batzuk eta besteak –ikus-arteak (erakusketaren ardatz nagusia), poesia eta musika– lotzea eta metaforikoki beren artean dagoen harremana agerian uztea, hain zuzen ere. Hiru adierazpide horiek hitzaren bidez lotzen dira Patti Smithen lanean.

Written Portrait artistari buruz Espainian egiten den lehendabiziko atzerabegirako erakusketa da. Hirurogeietako hamarkadaren erdi aldera egin zituen marrazkiekin abiatzen da, sorkuntzaren munduan eman zituen lehen pausoekin, hain zuzen ere. Marrazkiak, batzuetan espresionistak eta, beste batzuetan, samur eta intimistak, zenbait pertsonaia ospetsu edo adiskideri egindako omenaldiak dira, esate baterako Willem de Kooning artistari, Robert Mapplethorpe adiskideari edota Arthur Rimbaud poetari. Beste batzuei zentzu espiritual bat darie, eta erlijiozko gaietan oinarriturik egoteak eta kaligrafia sotil bat erabiltzeak –batzuetan papera erabat betez – areagotu egiten du kutsu hori. Patti Smithentzat hitza komunikaziorako bidea da, baina baita adierazpen estetikoa ere.

Azken urte hauetan, argazkiak egiteari ekin dio Pattik teknologia errazeko Polaroid Land 250 kamera batekin, bere begien arreta erakartzen duena berehala harrapatzeko aukera ematen baitio. Argazkiek –beti zuri-beltzak– bere mundua islatzen dute, artean eta literaturan dituen zaletasunak eta bere bidaiak. Irudi iradokitzaileak dira, batzuetan itxuraz erabat anekdotikoak diruditen objektuak –baina esanahi berezia dutenak– erakusten dituztenak. Etxe barruak, oheak, hilobiak, zurdakiak edota idazmakinak erabiltzen ditu zenbait pertsonaia gogora ekartzeko, esate baterako, Virginia Woolf, Susan Sontag, William Blake edota Arthur Rimbaud. Bidaietan egindako argazkietan, Europako arkitektura monumentalekiko duen interesa, kaleetako bizitza eta natura birjinaren neurrigabetasun zirraragarria islatzen dira. Garrantzi berezia dute Patti Smithek erakusketa honetarako espreski Vitoria-Gasteizko kaleetan eta Euskadiko beste toki batzuetan egin dituen argazkiak.

Dorre Bikien aurkako atentatuaren ondoren egindako Irailaren 11kako serieari eskainitako atalak artistaren alde konprometituena uzten du agerian. Lan hori terrorismo islamistaren aipamen bat izan beharrean, gizakiok komunikaziorako dugun ezintasunaren eta horren ondorio nabarmenen –gerra eta indarkeria– inguruko manifestu zorrotza da. Leit motiv gisa eraitsitako dorreetako baten irudia duten marrazki sotil eta poetiko kaligrafiadunek eta serigrafiek osatzen dute serie hori. Ezinbestekoan datorkigu gogora Brueghel Zaharraren XVI. mendeko Babelgo dorrearen margolana. Mintzaira da gizaki garen aldetik bereizten eta elkartzen gaituena, baina baita ulertzeko modurik ez dagoenean urruntzen gaituena ere. Serie indartsu honek duen eduki unibertsala dela eta, Gernikako bonbardaketarekin eta ondoren Picassok egin zuen margolanarekin dituen antzekotasunak datozkigu gogora. Eta, hain zuzen ere, gertakizun historiko hori eta artelan hori beti interesatu zaizkio Patti Smithi, argazkietako batzuetan ikus daitekeenez.

Written Portrait ARTIUMek (Vitoria-Gasteiz), Tenerife Espacio de las Artes-el eta Bancajak ekoitzi dute

Written Portrait. Patti Smith
Iparra aretoa 2008ko abenduaren 5etik 2009ko otsailaren 22ra

Komisarioa: Laura Fernández Orgaz.
Katalogoa: Written Portrait. Patti Smith. Pablo Llorcaren testua eta Laura Fernández Orgazen komisariotzaren egunerokoa
Patti Smith. Poesia. ARTIUM Estetikazko Oharrak bilduma. Poemen hautaketa: Benjamín Pradok.

Jarduerak: Dream of Life dokumentalaren aurkezpena, Steven Sebring, zuzendaria, eta Patti Smith aurrean direla (abenduaren 5ean, ostirala); Patti Smithen poesia errezitaldia, (abenduaren 6an, larunbata).

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand