Gure oroitzapenak. Umeentzako erakusketa

Hasiera: Astelehena, 2008(e)ko Martxoaren 10a

Amaiera: Igandea, 2009(e)ko Otsailaren 01a

Lekua: Atari Aretoa

Nire historia entzun nahi duzu?. Gure birraitona-amonak haurtzarora itzuli dira nola bizi ziren kontatzeko.

Gure oroitzapenak, 2006an hasita ARTIUMek antolatzen dituen haurrentzako erakusketen programan kokatzen da. Eta horregatik, beti bezala, museoaren Atari aretoan egongo da ikusgai. Era berean, ohitura denez, espezifikoki haurrentzat diseinaturik dagoen gai baten inguruko Bildumako lan sorta bat jarriko da erakusketan. Hala ere, oraingo honen helburuak, gauzatzeko prozesuak, emaitzak eta, seguru asko, jendearen aldetik izango duen erantzunak, izaera bakan eta berezia ematen diote proiektu honi.

Fundación Mejora-rekin elkarlanean egin den erakusketa honekin gure zaharren ahotsak berreskuratu nahi dira. Haien bizitzari egindako omenaldia dela esan ahal izango litzateke, eta baita ahozko tradizioari, belaunaldiz belaunaldi igarotzen diren eta gure oroitzapenean gelditzen diren istorio horiei ere. Gure historiaren aldi jakin bateko jendearen eguneroko bizitza ahaztetik salbatzen duten benetako biografiak dira. Erakusketa bisitatuko duten neska-mutilengana (eta hauen familiartekoengana) iritsiko diren iraganeko oroitzapenek historia beste era batera, modu pertsonalagoan eta zuzenagoan, baina testu liburuetan erakusten den bezain modu baliozkoan eta argigarrian, ulertzen eta ikasten lagunduko diete.

Haurrentzako beste erakusketa batzuetan ez bezala, gure zaharren ahotsak dira protagonista, eta artelanak, berriz, oroitzapen horien agertoki eta testuinguru. Aretoan sakabanaturik dauden pantailetan ikusi eta entzun daitezkeen istorioen eta artelanen artean berez sortzen da elkarrizketa, arretaz aukeratu baitira Bilduma osatzen dutenen artean harreman hori sortzeko eta elkar aberasteko. Antonio Lópezek margotutako Tomellosoko kale malenkoniatsu eta hondamenezkoa elkarrizketatuetako batzuen biografien atze-oihala izan zitekeen. Benjamín Palenciak 1948an erretratua egindako neskatoak, horien antzeko bizipenak izan zitzakeen. Seguru asko, José Caballerok 1935ean irudikatu zituen uso denboragabeak, gure protagonistetako batzuen paisaiaren zati ziren. Esther Ferrer-en lanak gutako bakoitzaren historia pertsonalaren igarotzean pentsarazten digu, zahartzaroan, gure halabeharrezko patua den heriotzean.

Proiektua gauzatzeko hamabi pertsonaren laguntza izan genuen, eta udan egin zitzaizkien elkarrizketak. Pertsona horiek ausaz aukeratu ziren, batez ere adina kontuan izanda –gazteenak 82 urte ditu, zaharrenak, 101– eta kontuan hartu zen hirikoak eta landakoak izan zitezen, eta jatorri soziokultural askotakoak. Pertsona horiei guztiei kamera baten aurrean egin zitzaizkien galderak, eta beren haurretako eta gaztetako oroitzapenak gogora ekartzeko eta gerra zibilaren garaiko bizimodua, janaria, jolasak, dantza edota erlijioa nolakoak ziren kontatzeko eskatu zitzaien.

lkarrizketa horiek guztiek dokumentu bideografiko bizi eta hunkigarria osatu dute –Txingoka jolasean– interes sozial, historiko eta, batez ere, giza interes handikoa. Aretoko pantailetan oroitzapen garratzak etorriko zaizkigu gogora, esate baterako, Gernikaren bonbardaketan bizirik ateratako emakume batena, errazionamendu kartak edota erlijioaren errepresioa; baina une horien dramatismoari dantzaren, herriko jaien edota haur-jolasen inguruko istorioek sortzen duten espontaneotasuna eta freskotasuna kontrajatzen zaie.

Gure oroitzapenak erakusketaren asmoa, izenak dioen eran, norbanakoen eta guztion oroitzapenak elkarrekin jartzea da, artearekin biziaraztea eta aberastea, sentibera izaten eta inoren bizipenak –iraganekoak nahiz gaurkoak– entzuten ikastea eta, batez ere, gure zaharrekiko errespetua bultzatzea, guztiok izango baikara zaharrak, ezinbestean, egunen batean.

Laguntzailea:

logo

Gure oroitzapenak. Haurrentzako erakusketa.
Atari aretoan, urriaren 3tik aurrera.

Ikus-entzunezkoaren ekoizpena: Karin Dolk eta Maite Garbayo.

Gure oroitzapenak ARTIUMek (Vitoria-Gasteiz) ekoitzi du Fundación Mejora/Caja Vital Kutxaren laguntzarekin.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand