Heroirik ez gehiago. Bilduma VIII

Hasiera: Osteguna, 2008(e)ko Urriaren 02a

Amaiera: Igandea, 2009(e)ko Irailaren 20a

Lekua: Hegoa Aretoa

Heroirik ez gehiago. Bilduma VIII erakusketan gizakia aldarrikatu nahi da historiaren protagonista gisa.

Heroirik ez gehiago. Bilduma VIII erakusketan gizakia aldarrikatu nahi da historiaren protagonista gisa, telebistak eta couché paperak sustatzen duten eta politika, ekonomia, kultura eta baita freak esaten zaion mundua ere kutsatzen duen jokatzeko modu “heroiko”, tragiko eta desmobilizatzaile baten aurrean. Heroirik ez gehiago ARTIUMen bilduma iraunkorraren zortzigarren aurkezpena da gainera, testuinguru berri batean kokaturiko hirurogeita hamar artelan baino gehiagoren sorta eta artelan horien beste irakurketa berri batzuk egiteko aukera. Erakusketan ARTIUM bildumako artista garrantzitsuenetako batzuen lanak ikus daitezke, esate baterako, Pablo Picasso, Salvador Dalí, Jorge Oteiza, Luis Gordillo, Joan Brossa, Vik Muniz edota Juan Muñoz artistenak, eta horien aldamenean, artista gazteagoenak, esate baterako Karmelo Bermejo edota Elena Mendizabal artistenak.

«Ez nuen erretzeari uzteko egun egokia aukeratu » zioen behin eta berriz Lloyd Bridges-ek Aterriza como puedas pelikulan. Filmaren amaieran, «erretzeari uztea» «kola usaintzeari uztea» bihurtua zen, tartean edaria eta lasaigarriak utzirik.

Nik uste dut, gaur, «ez dugu heroien aurka jartzeko egun egokia aukeratu» esan ahal izango genukeela guk ere. Ez da heroiak ukatzeko sasoia. Alde guztietatik datozkigu: Vietnamgo heroiak, Independentziaren gerrako bigarren mendeurreneko heroiak, gerra guztietakoak, idulki baten gainean estatua duten heroiak, olinpikoak, heroiak oro har.

Gure heroiak ugariak dira, batzuk horrela jaio ziren, akastun, superheroi bihurturik. Freak direlakoek «heroi» kontzeptuan jarri dute arreta. Beste batzuek inoiz ez dute jakingo hil ondoren heroi esango zaiela, batzuk egoerak eraginda dira heroi, baina asko, guztien artean heroienak, heroi lanerako, heroi lanbiderako aurkezten dute beren burua. Heroi erromantikoa, heroi bere buruaren suntsitzailea, heroi maskulinoa, absurdua, jainkozkoa, deabruzkoa, laburbilduz, ostikoa bota eta alde guztietatik agertzen dira.

Begien bistakoa dirudi esatea, sortzaile batentzat protagonista bat aukeratzea heroia aukeratzea dela. Kontatuko den istorioa, erakutsiko den irudia, edota erabiliko diren erreferentziak aukeratzeak berk, salbuspen bat definitzera behartzen du, berezitasun bat mugatzera, eta guk nahi izan ala ez, erabaki horrengatik beragatik, gure heroi bihurtzen dira. Gero, besteen heroi bihur daitezen nahi izango dugu.

Beraz, berriro diot, azken aldi hauek eta, dirudienez, etorkizun hurbilekoak ere «heroien garaia» dira. Ez heroiena, HEROIena baizik. Alde guztietan ugariak dira gertakizun eta ekintza heroikoen erreferentziak. Inork ezin dio itzuri egin heroiak diren irudi aintzatsu horien aipamenak ikusi, entzun nahiz irakurtzeko eginbideari.

«Heroia», gizakiaren edozein alderdiz aritzeko erabiltzen den arketipoa da. Politika, erlijioa, gizartea, kultura eta artea dira arruntean haren pausalekuak. Berez, bizirik dagoen edozer da heroiaren antzezlekua, bere zain daudela eta beharrezkoa dela jakinik edozein egoeretara egokitzen baita. «Heroikotasun» kontzeptua eta «heroia»ren irudia Filosofiaren beraren oinarrizko zutabeetako bat dira, hasiera hasieratik eta gaur arte. Zer dela eta da hori horrela? Zergatik behar dugu Heroia? Litekeena ote da arrazoietako bat gure berrerospenaren bilaketa izatea eta, horretatik, gizakien historia berrerosle mesianiko heroikoz beteta egotea? Ez ote da izango gure transzendentzia beharrak Jainkoaren («jainkozkoa naiz» esan ohi zuen behin eta berriz Dalík), Aintzaren, Oroimenaren, Historiaren eta gure artean bitartekoak izendatzera behartzen gaituela erdi gizaki eta erdi jainko diren irudi horien artean? Izaki horiek, gizaki gizajook amets eta amesgaiztoetan sumatu baizik ezin duguna egiteko eta jasateko gai dira. Konpartsa huts bihurtzen gaituen gure eginkizunaren ikuspegi horrek onartzen du ahalegin titaniko, ikaragarri, gizagabeen bidez baizik ezin dela aldatu mundua, eta ahalegin hori pertsona bereziek, heroiek, egin behar dutela (Ulisesek, bere buruargitasuna eta maltzurtasuna dela eta heroirik gizariarrena, Itacan zuen emaztea, betiko bere zain, galtzorratz lana eginez). Bi aukera baizik ez zaizkigu gelditzen: guztiok heroi bihurtu, edota heroi guztiak akabatu, gizakia bere buruaren protagonista izan dadin.

Heroiak bere izaeran itsatsirik darama tragedia. Oinazea, heriotza, pairamen gogorra eragin egiten ditu edota ezarri egiten zaizkio, kontua da, beti berekin doala, literalki nahiz metaforikoki: hil egiten dute edota hil egiten dira, batzuetan, biak batera. Gure heroiak besteen heroien aurka borrokatzen dira, mugarik gabe aurre egiten dute edota lehiatzen dira. Zortea baldin badugu, gureak aterako dira garaile eta, bestela, besteenen beldur izango gara, gure heroi hilengatik negar egin bitartean. «bere burua heroi izendatu duenak» gatazka eta oinazea eragiteko duen gaitasuna, «bere gogoaren kontra heroi» denaren parekoa da. Bigarren hau «heroi ofizial» bilakatzen da Estatuak nahiz taldeak multzotik bereizteko eta eredu gisa ezartzeko pertsona baten nolakotasun bat izendatzen dutenean.

Heroiaren bila logaleturik ibiltzeak, haren zain egoteak geure erantzukizuna alde bat uztea esan nahi du, eta aurrean ditugun ustezko gaitzetatik (ia beti erlijioarekin, politikarekin nahiz identitatearekin loturik daude) salbatuko gaituen gizakiaz haraindiko esku-hartze batean itxaropena izatea. Horregatik, siesta hau, norabide batean nahiz bestean parte-hartzen edota mugitzen hasteko zain egote burugabe hau, gure fedeari erantzun bat ematen zaionean baizik ez da gertatuko itsu-itsuan. Bien bitartean, gu zain gaude, eserita, Pablo Picassoren Mousquetaire à la pipe-ren antzera, Heroiak zer egin behar dugun edota gauzak nola ikusi behar ditugun esan diezagun zain.

Hirurogeietan David Bowiek Heroes izeneko abesti bat egin zuen, disko oso bati ere izena eman ziona. Handik gutxira, The Stranglers taldeak No more heroes izeneko abestiarekin erantzun zion. Esapide hori belaunaldi oso baten gerra-oihua bihurtu zen: nihilismoaren bertsio berri baterantz, desengainurantz, urte haietako gizarte-sistemaren ertz zorrotz eta kritikorantz, autoestimu maila apalenerantz ?punk mugimenduak «ez dago etorkizunik» eta «ez zaigu axola» leloen bidez adierazi zuena? abiada bizian zihoan belaunaldiarena.

Erakusketa hau gauza horietaz ari da baina, batez ere, jarrera garbia hartzen du «heroirik ez gehiago» adierazpidearekin. Haien zain egoteko beharra askotan, itxaropenik gelditzen ez denean, heltzen diogun iltze gori bat baizik ez dela onartuta ere, «heroirik ez gehiago» Heroiarekiko ?hau da, artean eztabaidaezina den jeinua, ezin gezurtatuzko liderra, hutsik egiten ez duen gida, mesias axiomatikoa, desmobilizatzen gaituzten guztiak, mirarizko indarren bidez edota argudio gihartsuen bidez munduaren berezko biratzea eragozten dutenak? halako asperdura erakusten duen esaldia da.

Heroirik ez gehiago, nolabait, ukazio positiboa da, alde batetik artea eta, beraz, mundua (artea munduaz mintzo den neurrian) aipagai izan nahi duen intuizio baten emaitza eta, bestetik, etengabe aurkitzen ditugun jarrera heroikoak azaldu nahi dituena.

Erakusketan bi jarrera mota bereizten dira eta, ondorioz, ez da heroien tipologia batzuk eta besteak sakonki aztertzeko ahaleginik egingo. Aitzitik, «bere burua heroi izendatu duenak» (goiargitu-usteak eta interesatuak) eta «heroi ofizialak» (heriotza goiztiarra dela eta ia beti oharkabea), itxuraz kontrakoak, baina benetan hurbilak eta txit zentzugabeak diren bi jarrera nola sorrarazten dituzten erakutsiko du ikuspegi kritiko batetik.
Heroirik ez gehiago, aldi berean, ARTIUMek gordetzen dituen funtsen erakusketa bat da, eta museoa inauguratu zenetik urtero egin den bezala interpretazio sakoneko testuinguru batean egingo da berriz ere. Ikusgai dauden artelan guztiak biluzik daude, egileek burutu zituzten eran. Haien asmoak han daude, baina inork ezin du eragotzi subjektibotasunak, norbere bilbeak, baldintzatzen gaituen orainak berak eta Hegoa aretoaren mekanismo biltzaileak ?izan ere artelanek bakarrik ez, hauek kokatzen diren espazioek ere erakusketaren multzoa osatzen laguntzen dute? kutsaturiko begiz ikustea. Erreferentzia sakratuzko tokiak, horma makotuak, estugune deserosoak, eta hori guztia Heroiaren izatea ?zaila, organikoa eta sakratua? nabarmentzeko.

Izan gaitezen antiheroi edota heroi xume, nahi dugun bezala baina, batez ere, izan gaitezen munduaren higiarazle, heroi erraldoirik tartean sartu ezean berez mugitzen baita.

Heroirik ez gehiago. Bilduma VIII
Hegoa aretoa, urriaren 2tik, 2009ko irailaren 20ra

Komisarioa: Daniel Castillejo

Heroirik ez gehiago ARTIUMek (Vitoria-Gasteiz) ekoitzi du
Jarduerak: Daniel Castillejoren eta Daniel Innerarityren hitzaldiak; antzerki ikastaroa Antonio Tagliariniren eskutik; zinema zikloa Juanma Bajo Ulloak hautatutako pelikulekin; familientzako bisitaldi gidatuak eta jarduerak.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand