Gravity. Ernesto Esposito bilduma

Hasiera: Ostirala, 01 Otsaila 2008

Amaiera: Igandea, 18 Maiatza 2008

Lekua: Iparra Aretoa

Gravity, Ernesto Esposito bilduma dorre bikiak erori zirenetik nazioartean egin den arte garaikidearen begirada kritikoa eskaintzeko aukera da.

Gravity. Ernesto Esposito bilduma erakusketabilduma baten aurkezpena eta, aldi berean, dorre bikiak erori zirenetik nazioartean egin den arte garaikidearen begirada kritikoa eskaintzeko aukera. Bilduma pribatu berezia da, ikuspuntu askotatik erakargarria, eta bildumagilearen nortasun kulturala eta emozionala islatzen duena. Biltzen dituen 800 lan baino gehiagoren artean glamour-a eta ikuskizuna aurkitzen ditugu, baina baita aldaezinezkotzat jo ohi ditugun gure garaiko balioen eztabaida, zalantza eta analisia ere. Gaur egungo kezka ideologiko eta teknikoen islada delarik, bildumak ikus-entzunezko instalazioak, margolanak eta eskulturak biltzen ditu, baina baita musika edota agian inoiz burutuko ez diren egitasmoak ere. Ez da harritzekoa bertan eskatologia, indarkeria edota sexua agertzea, baina baita edertasuna edota etorkizun berri baterako egituren eraikuntza ere.

Goi joskintzarako oinetakoak diseinatzen dituen italiar hau gaztetatik egon da artearekin loturik. Oraindik hogei urte ere ez zituela erosi zuen epeka bere lehendabiziko artelana, Andy Warhol-en serigrafia bat, eta grina horrek, Lucio amelio galeristaren eskutik, Napoli, bere jaioterriko arte garaikidearen ontzimutil bihurtu zuen. Hirurogeita hamarretan eta laurogeietan bere hiria bisitatu zuten artista iraultzaileenak ezagutu zituen, eta adiskidetasun loturak sortuz joan zen beraiekin. Gogoberotasun horren beraren eraginez, duela gutxi lehen aldi hartan erositako pieza garrantzitsu batzuk saldu ditu sortzaile gazteen lanak erosteko. Horren guztiaren ondorioz, bilduma bizia da hau, diseinatzaileak borondatearen, ezagutzaren eta debozioaren bidez mantendu duena.

Erakusketari izena ematen dion «Gravity» hitza baliobiduna da. Objektuen zama fisikoa ageriratzetik hasi –artelanetako batzuk zintzilik daude instalazio konplexuetan– eta metafora sotilenetaraino –desira bi masen arteko erakarpena gauzatzea bailitzan irudikatuz, edota egoera baten benetako edo alegiazko «grabedadea» nabarmenduz– bi indarren arteko tentsioa da beti aipagai. Artelanek berek erakusten dute artearen testuinguruan dauden kontraesanen gaia: ikuskizuna eta hutsaltasuna aurrez aurre daude transzendentziarekin, gogoetarekin eta konpromisoarekin, gizakia kordokan daukaten bi norabide itxuraz kontrajarriak.

Berrogeita hamar artelan baino gehiago biltzen dituen erakusketa honek etengabe kitzikatzen ditu zentzumenak estimuluak metatuz eta ongiaren eta gaizkiaren ikonoak gainjarriz hainbeste aldiz elkartzen diren bi joera horiek txandakatuz. Askatasunaren erresuma honetan edertasuna, egiazkoa, dokumentua eta tragediaren irudikapena elkarrekin bizi dira. Malenkonia kutsua duen optimismo hauskorra.

ARTIUMeko erakusketatik top ten gravity direlakoak aukeratu ditugu. Gravity boteretsua, erakargarria eta umoretsua da eta, aldi berean, kolorea, sofistikazioa eta erronka biltzen ditu bere baitan. Hamar artista hauek erakusketako espiritu «gravity»-ena –posmodernitatearen alderdi batzuei eta ondorio guztiei buruzko gogoeta– islatzen dute. Alde batetik formaren eta kolorearen uretan murgiltzen diren artistak daude eta, bestetik, kronikagile soziologiko bisualen bokazioa dutenak, XX. mendeko gizartearen alderdi batzuei eta besteei buruzko beren ikuspegia –ironikoa, kritikoa nahiz garratza– emateko publizitatearen, modaren edota zinemaren hizkuntzan inspirazioa bilatzen dutenak.

Gravity. Ernesto Esposito bilduma
Iparra aretoa, otsailaren 1etik maiatzaren 18ra Komisarioa: Enrique Martínez Goikoetxea Erakusketaren katalogoa: Ernesto Espositorekin elkarrizketa, eta Enrique Martínez Goikoetxearen eta Laura Fernández Orgazen testuak

Gravity Gasteizko ARTIUMen ekoizpena da

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand