Praxis: Jacobo Castellano. Mahai zapia eta oihala

Hasiera: Astelehena, 14 Ekaina 2010

Amaiera: Igandea, 05 Iraila 2010

Lekua: Hegoa Aretoa

ARTIUMek Praxis programaren gertaldi honetan Jacobo Castellano artista andaluziarra aurkeztu du.

Oraingo honetan, Jacobo Castellano da artista gonbidatua. Mahai zapia eta oihala proiektua aurkezten digu. erakustokian bertan sortua hasieratik, harremanak, prozesua eta bat-batekotasuna mamituz, funtsean.
Proiektuaren abiapuntua eskultura bat da: oroigarrizko plaka, jendeari ongi etorria emateko. Ez du inolako inskripziorik, eta gortinatxo batek estaltzen du, ez baitago zer inauguratu.
Hona hemen hurrengo urratsa: marrazki batzuk hainbat laguni bidaltzea, posta elektronikoz eta faxez. Hartzaileek, gero, birbidali egin ditzakete, eta, horrela, parte-hartzaileen kate amaigabea sor daiteke. Hartzaileek, informazioa jasotakoan burura zer etorri zaien azaltzeko, edozein dokumentazio birbidal dezakete museora: ideiak, marrazkiak, eskemak nahiz edonolako iruzkinak. Faxak edo posta-mezuak etengabe jasoko dira erakusketa-aretoan, proiektua ekinean dagoen bitartean. Funtsezko erreminta fisiko zein dokumentalak izango dira, bertan egingo diren lanetarako. Ikusleak prozesu osoan zehar sar daitezke aretoan, eta, gauzak zertan diren momentuan bertan ikusteaz gain, lana aldaraz dezakete, bidalketa baten bidez. Jasotako edozein dokumentuk ustekabeko norabide-aldaketa eragin dezake lanaren ibilbidean...
Jacobo Castellano (Jaen, 1976) aspaldi hasi zen, besteak beste, oroimenaren nondik norakoak eta esparru bizigarrietako gatazkak arakatzen. Erakusketaren abiapuntua New Yorken izandako bizipen bat da, eta faxez bidali beharreko dokumentazioa, gerora proiektuari bidea emango diona, bizipen horretan oinarrituko da. Orain dela urtebete inguru, Coney Island izeneko jolas-parke antzeko batean egon zen Jacobo. Toki goibel eta zaharkitu hartan, zirku-ikuskizunak eskaintzen zituzten, eta protagonistek Tim Burtonen edo Buñuelen filmetako pertsonaiak ziruditen.
Guztien artean, etxola bat nabarmentzen zen. Bertan ezarritako kartelak zionez, «munduko emakumerik txikiena» zegoen barruan. Eta ikusteko eta harekin hitz egiteko aukera eskaintzen zuen, oso merke: dolar-erdiren truke. Jacobo sartu egin zen. Han zegoen Elizabeth, gona-mahai zahar baten aurrean eserita. Mahaian, munduko emakumerik txikiena zela egiaztatzen zuten ziurtagiriak zeuden. Argal-argala zen emakumea, itxuragabea, eta ilea zeharo harrotuta zuen. Degradazio-sentipenak eta ezinegonak gogor astindu zuten Jacoboren barrena. Handik hilabete batzuetara, itzuli egin zen, atrakzioari —hel diezaiegun hitzaren irakurketa ugariei— argazkiak ateratzeko asmoz, baina langile batek emakumea Floridara eraman zutela jakinarazi zion, han eguraldia atseginagoa omen zelako. Negua balitz, esamolde ezagun batekin erantzungo ziola pentsatu zuen Jacobok: «Horrelako hotzarekin, hitzak izoztu egiten dira».

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand