Argizko hormak. Aitor Ortiz

Hasiera: Azteazkena, 08 Otsaila 2006

Amaiera: Astelehena, 01 Maiatza 2006

Lekua: Ekialde Behekoa Aretoa

Argizko hormak, bilbotar artistak ARTIUMerako egin duen proiektu berriak, aurreko lanen mintzaira berbera darabil, baina eszenografiaren ikusgarritasuna eta arkitekturaren pertzepzio bisualaren jokoari buruzko gogoeta handinahiagoak dira.

Argizko hormak, bilbotar artistak ARTIUMerako egin duen proiektu berriak, aurreko lanen mintzaira berbera darabil, baina eszenografiaren ikusgarritasuna eta arkitekturaren pertzepzio bisualaren jokoari buruzko gogoeta handinahiagoak dira. Erakusketa aretoan formatu batzuetako eta besteetako argazki multzo bat dago ikusgai; alde batetik, arkitekturaren lehengaiaren beraren irudiak, hau da, harri soila, eta harri hori ateratzen den harrobia eta, bestetik, arkitektura biluzia, oraingo honetan ARTIUMena. Multzo biribil eta indar bisual handikoak bisitaria biltzen du irudien zuri-beltzeko geometria monumentalaren bidez, eta baita energia berezia dariela diruditen aargazkietako batzuen argi-fokoen bidez ere.

Harkaitzaren ehundura izurtsua eta monumentaltasun zakarra hautematen dira harrobi baten hormen irudiak begiradarekin laztantzean. Horma zakar horietako batzuk zulatu eta hustu egin dira, eta irekidura eta leiho horietatik argi zuri distiratsua ateratzen da –halako naturaz gaindiko aura bat duena– eta argi horrek oso kontraste bortitzak eta antzerki-tankerako argilunak sortzen ditu. Irudi horietako batzuetan, argi efektu horrek, harrizko masaren tasun eskultorikoa nabarmentzeaz gainera, sinbolismoz beteriko toki bilakatzen du harrobia, santutegi bat edota espazio sakratu bat bailitzan.

Harrobiaren aurrean museoaren arkitektura sortzen da. Argazki batzuek aretoko hormarekin bat egiten dute, eta hormaren barruan sartzen dira beren mugak galdu arte. Artistak museoaren benetako arkitekturari parte harraraztea lortzen du eta trompe-l'oeil perfektu gisara, pertzepzio bisual zorrotzenari erronka jotzen dio irudia zer den eta horma zer den zalantza eginaraziz. Horren aurrean, halako kezka-sentipena jabetzen da ikusleaz, eta ahalegin bikoitza egin behar du dena eta ez dena bereizteko. Erreala eta ukigarria denaren eta fikziozkoa eta hutsik mentala denaren arteko zalantza horrek giza-ikusmenaren esperientziaren mugak (eta argazkigintzaren boterea) nabarmentzen ditu.

Formatu txikiagoko beste hainbeste irudik osatzen dute aretoko multzoa. Ia erabat abstraktuak dira eta begien bistako erreferentzia arkitektonikoak dituzten arren, oso itxura piktorikoa dute. Bisitaria berriz ere abiapuntura, harrobira, daraman bideo baten proiekzioak ixten du erakusketa.

Argazkiak, arkitekturak, eskulturak eta argiak Argizko hormak denaren bilbe bisual konplexu eta sofistikatua osatzen dute. Aitor Ortizek maisutasunez jartzen ditu elkarrizketan elementu horiek guztiak existitzen ez den paisaia arkitektoniko bat, unibertso ukigarri baina zeharka ezina eraikitzeko.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand