Jana Sterbak, 1955an jaio zen Pragan eta gaur egun nazioartean ezagunenetakoa den artista txekiar-kanadiarra da. Bere kultura bikoitzak oreka interesgarria eman dio bere mintzaira artistikoari: hor elkartzen dira, alde batetik, bere jatorrizko herrialdekoak berezkoa duen espiritu kritiko askatzaile batekin erabilitako gai historiko-sozialekiko interesa eta, bestetik, geroago Kanadan izandako heziketatik daTorkion gai horiek erabiltzeko modu zuzen, zehatz eta murriztailea.
Giza subjektuaren pribatutasuna aztertzen duten irudi zirraragarriak egiten ditu bereziki, alderdi politikoak, biologikoak, mitologikoak eta pertsonalak konbinatuz, eta hala, bere lana azken urteetako gogoeta antropologiko poetikoen eta erradikalena bilakatu da.
Arabako ARTIUMek aurkeztu duen Performancetik bideora erakusketak, artista honen ekoizpena oinarritzen den bi interesgune horiek aztertzen ditu, bere lehendabiziko performanceak –azterketa bio-teknologiko interesgarrietan sartzera eraman zutenak– eta azken urteetako lan esanguratsuenak –bestearen begiradaren ideiaren inguruan sortutako bideo-instalazio konplexuak– elkartuz.
Hau da Jana Sterbakek 2000ko hamarraldian egin dituen bi instalazio handiak –biak ere zinemagintza esperimentalean barneratzen diren pantaila anitzeko lanak– biltzen dituen lehendabiziko erakusketa. From Here to There lana txakurkume bati kamera-begi bat ezarrita egin da. Kamerak, Kanadako zelai elurtuetan barrena egindako ibilaldia jasotzen du. Lan horrekin ordeztu zuen artistak Kanada Veneziako 2003ko Bienaleko Kanadiako Pabiloian. Waiting for High Water, berriz,Venezian filmatu da, uren goraldi garaian. Lan honetan filmaketa-mekanismoa konplexuagoa da eta kamera-begia hirukoiztu egin da ur azaleko irudi panoramikoak jasotzeko. Azken bideo-instalazio hori Arabako ARTIUMek ekoiztu du eta 2005eko Pragako Nazioarteko Bienalean erakutsi zen lehendabiziko aldiz.
Lan berri hauekiko elkarrizketa estuan, erakusketak atzera egiten du artistaren performance ezagunen bila. Laurogeietako hamarraldian haragizkotasun amorratua eta elektrifikazioa erabili zituen norbanakoak bere nortasuna eratzerakoan aurrean dituen arriskuen eta hertsaduren inguruko metafora bitxiak egiteko. Erakusketan Remote Control II (1989) aitzindaria dago ikusgai, Veneziako 1991ko Bienaleko Apertorako hautatua izan zena (horrekin hurbildu zen lehendabiziko aldiz bere lana Europara). Bertan, gorputza objektu-makina bihurtzeko mekanismo bat sartzeko ahalbidea deskubritzen du artistak. Horren ondoren, gorputzarentzako deserosoak diren egokitzapenak asmatu ditu: Uniform (1991) edota Sisyphus Sport (1997), esate baterako.
Mundu fisikoarekin eta animalien munduarekin loturiko ekintza txikien bidez, dakusagunaren zentzua errotik aldatzeko gai diren egoera absurduak deskribatu ohi ditu artistak, era horretara gizateriaren gogoeta eta aurrerapen garranzitsuak erlatibizatuz. Horrela, esate baterako, Artist as Combustible (1986) lanean suak bere artista-irudia suntsitzen du. Absorption: Work in progress (1995) lanean, Joseph Beuys artista aleman ezagunaren jantziak jaten dituen sits bilakatzen da Jana bera eta Psi a Slecna (Defence) (1995) lanean, txakur baten uluak erabat desegiten du kantu saio baten solemnitatea. Azken urte hauetan objektuetara igaroarazi ditu gizakiaren gaitasun performatzaileak, eta argi eta garbi ikusten da hori Bread Bed (1997), Selection (for Sisyphe) (1998), edota Dissolution II. (Auditorium) (2001) lanek jasaten dituzten mutazio asaldatzaileetan. Azken lanean, modu tragikomikoan desegiten da izotza urtzean partez gai horrekin egindako aulki multzo bat. Ustekabeko irudiak erabiliz, Jana Sterbakek gizakiari buruzko metafora iradokitzaileak proposatzen ditu bere eskultura eta ekintzetan.
Teresa Blanch
Erakusketaren komisarioa
Sarrerak Online
Denda Online