Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Extraños en el paraíso. Fotografía contemporánea en el País Vasco erakusketa aurkeztu du Pekingo eta Tokioko Cervantes Institutuaren egoitzetan, bere Bilduma Iraunkorreko hamabi euskal artistaren 22 lanek osatua. Txaro Arrazola, Txomin Badiola, Miguel Ángel Gaüeca, Eduardo Sorrouille eta Darío Urzay dira, besteak beste, Javier González de Duranak komisariaturiko erakusketan ikusgai dauden euskal artistetako batzuk. Erakusketa honek teknologiaren garapenak eta jendearen onarpenak lagundurik argazkigintzak Euskadin azken hamar urte hauetan izan duen garapen handiaren berri ematen du. Bestalde, begien bistakoa gertatzen da hautatutako artistek nahiago izan dutela, arruntetik at, beren mundu berekiak sortzea, paradisu perfektuak direlako edozer gauza gerta daitekeen eszenatokiak.
Extraños en el paraíso Artiumek Cervantes Institutuarekin elkarlanean antolatzen duen hirugarren erakusketa da, institutu horrek munduan zehar (AEB, Hego Amerika eta Asia) dituen egoitzetarako. Oraingo honetan, Javier González de Duranak euskal arteari begiratu dio, eta arte garaikidearen munduan gero eta garrantzi handiagoa duen teknika bati, argazkiari. Hamabi artistaren azken hamar urteetako hogeita bi lan, Artium Bildumatik atereak, biltzen ditu erakusketak guztira.
Beste toki askotan bezala, azken hamar urte hauetan Euskal Herrian ere argazkigintzak garapen handia izan du artearen munduan, ez inguruak eskaintzen dituen baliabide teknologikoei esker bakarrik, baita publikoaren harrera onagatik ere. Bestalde, artistek berek –batzuk, jatorriz, margolariak eta eskultoreak– beren interes artistikoekin loturik ahalbide zabalak eskaintzen zizkien esparru bati, argazkigintzari, eskaini dizkiote beren ahaleginak, ohiko tipologiek ez baitzituzten asebetetzen. Horrek ez du esan nahi artista horiek argazkien bidez sortzen dutena formalki margolaritzatik edota eskulturatik hurbil dagoenik, izan ere, beren argazkiak erabat autonomoak dira beste diziplina horietatik.
Artiumen funtseko argazkiak mila baino gehiago dira, eta azken urteetan asko hazi dira bilduma publiko –ARCO, Arte Garaikideko Azoka– eta pribatuetako – Argazkilaritzako Ordóñez-Falcón Fundazioa– gordailuei esker. Funts horiei begiratuz gero hauteman daiteke euskal artistek oso gogoko dituztela autoerretratuak. Nolanahi dela ere, ez dira norbanakoa argi eta garbi ezagutzen den ohiko autoerretratuak, aitzitik, egoera ulertezinetan dauden petsonaietan ezkutaturik agertzen dira, beste norbaitek idatzitako gidoi batzuei jarraituz jokatuko balute bezala, bilakaeran zein rol betetzen duten jakin gabe eta ezagutzen ez duten bukaera bati aurre egin behar diotela: beren buruarekiko arrotz dira. Argazki horietan denak du halako antzerki kutsua eta, beraz, dena perfektua izan ahalko litzateke, benetako paradisua.
Extraños en el paraíso erakusketak beren mundu berekiak arruntetik kanpo sortzea –agian, eguneroko errealitateak norbere burua babestera ea keinu misteriotsuetara gonbidatzen duelako– nahiago izan duten euskal artista batzuen lana erakusten du. Ana Laura Aláezek, Txomin Badiolak, Darío Urzayk, Miguel Ángel Gaüecak, Alberto Peralek eta beste batzuek harridura politikoaren eta jokatzeko gogoaren artean mugitzen den Euskal Herri baten gaurko aurpegia erakusten duen erakusketa bat osatzen dute. Artista hauek oraingoz paraisu perfektua delako edozein gauza gerta daitekeen eszenatoki batean kokaturik bezala agertzen dira, gidoigile zentzudun baten zain.
Extraños en el paraíso. Fotografía contemporánea en el País Vasco
Pekingo Cervantes Institutua. 2007ko urriaren 19tik abenduaren 9ra
Tokioko Cervantes Institutua. 2008ko urtarrilaren 25etik martxoaren 12ra
Komisariotza: Javier González de Durana
Katalogoa: Javier González de Duranaren testua. Txineraz eta gaztelaniaz (Txinako edizioa) eta japonieraz eta gaztelaniaz (Japoniako edizioa)
Sarrerak Online
Denda Online