Inguru hurbilak 2006

Hasiera: Osteguna, 06 Uztaila 2006

Amaiera: Igandea, 17 Iraila 2006

Lekua: Iparra aretoa

Aurten bigarren aldiz egingo da Arabarekin edota Euskal Herriarekin loturaren bat duten 8 artisten lanak aurkezten dituen Inguru Hurbilak programa.

Aurten bigarren aldiz egingo da Arabarekin edota Euskal Herriarekin loturaren bat duten 8 artisten lanak aurkezten dituen Inguru Hurbilak programa. Vitoria-Gasteizen testuinguru artistikoa indartzeko sortu zen gertaldi honetarako, gure inguruak eskaintzen dizkigun ehundaka irudietatik bakar batzuk aukeratu dira.

Iparra aretoa
2006ko uztailaren 6tik irailaren 17ra

Erakusketa honek arriskutsua deritzogun hautaketa bat egiten du. Kontzeptu hutsezkoak diren egituretan bermaturiko planteamenduetatik hasi eta hurbilketa formalenetaraino, aurkeztutako lan bakar batek ere ez du bere proposamenetan egitura egonkorrik. Aitzitik, beren asmoa komunikaziorako esparru berriak, gogoetaren eta emaitzaren arteko harreman berriak aurkitzea da.

Héctor Orruño, Miriam Isasi, Ana Lezeta eta Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum bikotea dira Arabako artistak, eta horien aldamenean, inguruetako beste lau artista daude: Karmelo Bermejo, Javier Soto, Zigor Barayazarra eta Fermín Jiménez nafarra. Guzti hauetako bakar batentzat ere ARTIUMetik igarotze honek ez du esan nahi xedea lortu duenik, ezta bide bat zehaztu duenik ere. Seguru asko, arrazoibide berrien sorrera zalantzekin eta sorkuntza-krisialdiekin txandakatuz joango dira. Eta hori da, hain zuzen ere, programa honen eginkizuna: proposamen arriskutsuei sendotzen laguntzea, topikoetatik eta lurralde ezagunetatik ihesi dabiltzan ahalegin haiek bultzatuz. Horiek baitira, hain zuzen ere, hemen ikusgai dauden lanak hautatzeko erabili diren irizpideak.

Itxura batera ez da beren proposamenei batasun bat ematen dien nolakotasunik ikusten. Hala ere, aretoaren itzulia eginda hemen sortzen ari den artearen ezaugarrietako bat izan litekeena hautematen da. Margolanak, bideoko dokumentazioa, argazkiak, lanen girotzeak eta instalazioak ikusita, badirudi guztietan objektuaren irudikapenari uko egin zaiola testuinguru zabalago batean kokatuz. Artelana erakusketan ikusgai baldin badago ere, errealitate berezi baten elementu bat bailitzen erakusten da.

Horrela, margoa mihisetik ateratzen da, hormarekin bat egiten du eta arkitektura edota testu bilakatzen da. Eskulturak bere idulkia ahaztu eta zabaldu egiten da, argazkiak ekintza baten hondakin kontzeptuala dirudi, eta bere baitan osorik dagoen lan bakarra, bideo baten proiekzioa da, gauza txit ukiezina. Horrek guztiak artistaren lana ekintza bakana eta geniala den ideiatik urrun edukitzeko beharra dagoela ikusarazten digu –horretaz jabetu nahiz ez jabetu–, eta lan horrek errealitatearekiko lotura behar duela erreferente zehatz bati –inguru soziala, politikoa nahiz intimoa izan– eusteko.

Horrela Héctor Orruño-k bere margolanekin etorkizun hurbil batean kokatzen dituen espazio bitalak sortzen ditu, nanoteknologiara eta zientzia fikziozko komikietara eramandako estetika baten bidez, eta aldi berean, margoekiko, lantegiarekiko eta eskulanarekiko harreman zuzenari eusten dio.

Beste alde batetik, planteamendu kontzeptual berrien berrikusketa batek, gure erreferente kultural, politiko eta ekonomikoak ironikoki erabiltzeko aukera ematen diote Karmelo Bermejori eta horrek sentipen kontraesandunak sortzen ditu ikusleengan gaurko gaien inguruan.

Ana Lezeta-k berriz, bideoko pieza bat proposatzen du, erakusketako lan poetikoena. Irudiari traba egingo dion soinurik gabe, kaleidoskopio zorabiagarria sortzen du 7 antzezleren elkartze eta urruntzearen bidezko etengabeko mugimenduaren bidez. Bere lanak giza harremanen sentipen sarritan ziklikoak ekartzen dizkigu gogora.

Hala Miriam Isasi-ren nola Javi Soto-ren proposamenek espazio intimoak esploratzen dituzte. Bakoitzak bere mintzairaren bidez, osagai garratz eta begirunegabeak sartzen dituzte beren lanetan, elkorragoak Javiren kasuan eta introspektiboagoak Miriamenean. Bien esku-hartzeak kolorez aserik daude eta ikusle posibleentzako keinuz beterik.

Hizkuntza formalistago baten bidez, Zigor Barayazarrak gizakiaren sozializazioa eta bizi den eremua ditu aipagai. Inguratzen gaituzten zeinuen, iragarki panelen nahiz seinaleen analisiaren bidez, beste erreferente natural batzuekiko konfrontazioak planteatuko ditu, poetikoki eta ironikoki.

Fermin Jiménez-ek gure eguneroko kezkak darabiltza bere lanean, marrazki, instalazio, argazki nahiz bideo bilakaturik. Artista multidisziplinarioa, ideiez josten du espazioa lotsarik gabe, bere lantegi edota bizileku bihurtuz. Jolasgura, kritikoa eta hezea, prozesua bere lanaren gidoia bilakatu da eta ikuspegi baikor bat erakusten du bere lan artistikoaren bidez.

Iratxe Jaio-k eta Klaas von Gorkun-ek osatutako taldearen proposamenarekin amaitzen da erakusketa. Instalazio batek, Meanwhile, In the Living Room..., aurretik izen berberarekin Holandan egindako ekintza batean sartzen gaitu. Arruntean irudiak alkarren gainean jartzekoe rabili ohi den chroma key telebistako urdinak estalitako egongela baten irudikapenetik abiatuta, egile hauek bi munduren artean kokatzen gaituzte –erreala eta irudikatua–, giza jokabideen azterketa batean esanahiak batetik bestera eramanez.

Hau da, azken batean abiatu besterik egin ez diren proiektu artistiko hauen indarrari eta konpromisoari ARTIUMek egiten dion aitorpena.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand