Hannah Wilke. Exchange Values

Hasiera: Osteguna, 05 Urria 2006

Amaiera: Igandea, 14 Urtarrila 2007

Lekua: Ekialde Behekoa Aretoa

Hannah Wilke hirurogeita hamarretan sortu zen amerikar artista feministen lehen belaunaldiko kide izan zen.

Hannah Wilke hirurogeita hamarretan sortu zen amerikar artista feministen lehen belaunaldiko kide izan zen. Belaunaldi horrek gogor borrokatu zuen gizonak nagusi ziren artearen esparruan emakumeak behingoz tokia izan zezan. Beren artearen bidez, Wilkek eta beste emakume askok emetasunaren berezitasuna eta emakume artistaren tokia aldarrikatu zuten subjektu pentsalari eta sortzaile gisa, tradizioz suen objektu pasiboaren irudia apurtuz. Alua ikono bihurtu zen askorentzat, beren artelanetan erabiliz gizonezko artistengandik bereizten zituen zigilua zelako, eta gainera betidanik tabu, bekatu edo ugalkortasunaren sinbolo izana zen emakumearen sexua goratzen zelako horrela (Wilke izan zen, berez, hirurogeien bukaeran aluaren ikonografia erabili zuen lehendabiziko artista). Iraganean emakume artistak bazterrean eta ezkutuan edukitzea ekarri zuen gizonezkoen jenioaren mito patriarkala hankaz gora botatzeko gogoz, sortzaile hauek adierazteko bide eta forma berriak bilatu zituzten, esate baterako, performancea edota oraindik erabiltzen hasi berria zen bideoa.

Ekialde Behekoa Aretoa
2006ko urriaren 5etik 2007ko urtarrilaren 14ra

Hannah Wilkeren lana testuinguru horretan kokatzen da. Gai tradizionalekin –zeramika, esate baterako, bizitza osoan erabili zuena– egindako eskulturak landu zituen, baina baita gai ez tradizionalekin –txiklea, ezabagoma, latexa edota lihoa– egindakoak ere. Gainera, bitarteko ez-tradizionalek zituzten adierazpen-ahalbideez jabeturik, gogotik erabili zituen performancea, bideoa eta argazkia, gehienetan marrazkiarekin batera.

Bere gorputza bilakatu zen bere artearen erdigune, eta bere esperientzia autobiografikotik abiatu ohi zen beti gai unibertsalei heltzeko. Horrela, ekintza, bideo eta argazkietan bere gorputz biluzia erakutsiz, izenburuetan eta idatzi ugarietan hizkuntza modu anbiguo eta ironikoan erabiliz, beste jarrera, arraza, erlijio, kultura (bera judua zen) eta, jakina, emakumeak etiketatu, estereotipatu, azpiratu eta gutxiesteko ohitura kritikatu zuen. Emakumeen zapalketa, gizonezkoen begirada menderatzailea –emakume idealaren iraunarazlea–, feminismo erradikalaren fanatismoa, emakumeen lan artistikoaren balio ekonomikoa eta ekarpena, eta are Duchamp miretsia izan ziren lan ausart eta probokatzaileen oinarri: Super-T-Art, S.O.S. Starification Object Series, Marxism and Art, So Help Me Hannah edota I Object. Kontzientziak astintzeko gai zen bere artea eta askorentzat mehatxagarria gertatu zen...

Bien bitartean, bere gorputz gazte eta ederra biluzik erakusteak garaiko lagun feminista askoren erasoak piztu zituen, gehiegizko exibizionismo narzisista eta arinkeria aurpegiratu zioten. Gehiegi ibili ohi zen maite jolasean eta gehiegi probokatzen zuen feminista izateko, esan zuen inoiz Lucy Lippard-ek, garaiko kritiko ospetsuenetako batek. Hala ere, esames horiei jaramon egin gabe, bide beretik jarraitu zuen lanean eta bizitza osoan erabili zuen bere gorputza, bai gaztea zenean, eta baita adinean aurreratua eta gaixorik zegoenean ere.

Hain zuzen ere edertasunaren iragankortasuna, bizitzaren hauskortasuna, gaixotasuna, oinazea edota halabeharrezko heriotza izan ziren Hannah Wilkek bere helduaroan erabili zituen gaiak. Bere amarekiko harremanaren bidez –zeina minbiziak jota egon zen denboran eta hil arte benetako karrez zaindu baitzuen eta argazkiak egin baitzizkion–, Wilkek gaixotasunari beste balio bat eta gorputz zahar, gaixo eta sendabide gogorren eraginez hondatu bati beste esanahi bat ematea lortu zuen. Selma Butter ahul eta zaurgarri baten irudiari, minbiziaren gordintasuna gorabehera, duintasun berezi bat dario, gorputz hilkorrean baino gehiago espirituan datzana. Zoritxarrez ez zen gaixotasuna, oinazea eta heriotza aurrez aurre izango zituen azken aldia izan. 1987an linfoma bat aurkitu zioten eta gaixotasun horren ondorioz hil zen sei urte geroago.

Intra-Venus seriea azken erronka zail horren emaitza da. Gizartearen bidegabekeriak salatzeko erabili zuen gorputz gazte eta eder hura, berriro erabili zuen, gaixorik eta desitxuraturik, oinazez beterik eta ezin saihestuzko heriotzaren zain, gordintasun osoz gure hauskortasuna eta suntsikortasuna aurrez aurre jartzeko. Irudi luke Intra-Venus pieza guztiak koherentzia lazgarri batekin ahokatzen diren puzzle baten azken pieza dela, gure eskuetan utzi zuen testamentua, artearen bidez jasanberago izan gintezen.

Komisarioa: Laura Fernández Orgaz

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand