Carlos Sáenz de Tejadak eleberriak irudiztatu zituen, irartze-lana eta litografia egiten ikasi zuen, jantzi-marrazkiak eta antzerkirako eszenografiak egin zituen... eta bertako eta nazioarteko aldizkari ugarirekin aritu zen lanean, nahiz informazioaren nahiz modaren arloan. Sonia Delaunay izan zen bigarren horretara hurbiltzera bultzatu zuena. Baina 15 urtez lan egin zuen La Libertad egunkarian ondu zen irudigile gisa, eta han izan zuen garaiko errealitate politikoa eta gizartearena islatzeko aukera.
2005eko martxoaren 18an, Sáenz de Tejadaren familiak Arabako ARTIUM Museoaren esku utzi zuen Sáenz de Tejadaren funtsa gordailua; gordailu horretan egileak 1922 eta 1934 bitartean landutako 186 obra daude, eta baita dokumentu-artxibo bat ere, irudien osagarri dena eta horiek testuinguruan kokatzen laguntzen diguna.
183 jatorrizko marrazkik, gehienbat La Libertad egunkarirako eginak, osatzen dute gordailuaren parte bat. 1919an hasi eta 1934 bitartean lan egin zuen El Liberal egunkariaren zatiketaren ondoren sortu zen La Libertad egunkarirako.
Erakusketa honek egunkari horren atal batzuk eta besteak ezagutzeko aukera emango du, 1933ko urritik 1934ko ekainera La Libertad-en lehen orrialdean ateratzen zen “Antena”; La novela de La Libertad 1925-1933 bitartean irudiztatu zuen igandeko gehigarria; 1934ko “Estampas españolas”, 1925eko “Viejas estampas” eta 1930eko “Aspectos de París”. Horrez gainera, atal berezi batekoak ez izan arren La Libertaden gizarte-atalak irudiztatu zituzten marrazkiak ere badira.
“Antena” sailerako landutako ilustrazioek erakusten dute, bereziki, Tejadak marrazkilari gisa zuen maila bikaina. Tejadak estu jarraitu zion egunkariaren ildoari, eta gizarteko talde zabaletara iristen saiatu zen; horretarako, askotariko giroak islatu zituen, giro nolabait elitistatik hasi eta hain gogokoa zuen errebaletako mundura, ohiturak, jaiak, kirolak eta kultura-jarduerak, etab. tartean zirela.
Marrazki horietan ez zuen bilatzen argazki kameraren berehalakotasuna edo errealismoa; irudien eta pertsonen marrazkien bidez bilatzen zuen egiatasuna, dinamismo biziko lerro garbiak eta perspektibak erabiliz. Eta horiek dira, nolabait esateko, Tejadak garai hartan egin zituen marrazkien ezaugarri nagusiak.