Gamarratarrak zinemara doaz. 40etan eta 50etan Gasteizen ikusi ziren pelikulak

Hasiera: Osteguna, 18 Urria 2007

Amaiera: Igandea, 24 Otsaila 2008

Lekua: Iparra Aretoa

ARTIUMek Gamarratarrak zinemara doaz, 40etan eta 50etan Gasteizen ikusi ziren pelikulak erakusketa aurkeztu du.

ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Gamarratarrak zinemara doaz. 40etan eta 50etan Gasteizen ikusi ziren pelikulak erakusketa aurkeztu du. Urrezko garaia izan zen hura zinemarentzat, ikusi besterik ez dago 50.000 biztanle baizik ez zituen Arabako hiriburuak 7 zinema areto handi zituela. Jesús Gamarraren familiak ARTIUMi egin dion emaitzan oinarriturik –garai hartan zinema aretoetan banatu ohi ziren eskuko programen mila ale– ikusleen oroimenean irarritako irudietan barrena egiten den ibilbide erdi sentimental erdi artistikoa da erakusketa. Izan ere, diktadura eta autarkia garai hartan zazpuigarren artea zen, seguru asko, mundu errealetik ihes egin eta alegiazko beste mundu batzuk aurkitzeko aukera bakarretako bat. Afixategiak, hormairudiak, kartelak, eskuko programak, garaiko izarren argazkiak eta ARTIUM Bildumako lanen sorta txiki bat izango dira erakusketa honetan. Irudi haiek egiten zituzten artistei atal bat eskainiko die, gainera, erakusketak eta, batez ere, José Luis González de Viñaspreri, Vitoria-Gasteizen izan den afixategi-ilustratzaile bakarrari. Gamarratarrak zinemara doaz ARTIUMek ekoitzi du El Correo-ren babesez.

Iparra aretoa
2007ko urriaren 18tik 2008ko otsailaren 24ra

Espainiako gerraosteko urte autarkiko eta grisetan gasteiztar familia bat maiz joaten zen hiriko zinema-aretoetara, Jesus Gamarra aita buru zuela. Gamarratarrek, garai hartako familia euskaldun eta espainiar askok bezala, artea, edertasuna eta emozioak aurkitu nahi zituzten behinik behin areto horietan, eta, aldi berean, egunerokotasun zapaltzailetik ihes egin une batez. Zinema-aretoak beste mundu batzuk aurkitu eta errealitateari ihes egiteko guneak ziren.

Zinemarako grina 30eko hamarkadaren amaieran piztu zitzaien, eta poliki-poliki gero eta maizago joaten hasi ziren aretootara. Horrela, berrogeietako hamarkadaren erdialdera astean bizpahiru aldiz izaten ziren zinema-aretoetan. Maiztasun horrek 1950. urte aldera jo zuen goia eta hamarkadaren erdira arte iraun zuen. Gero beherantz egin zuen, hirurogeietako hamarkadara arte.

Bilakaera horrek espainiar familia arruntaren etxeko ekonomiaren bide berbera jarraitu zuen: pater familiae zenaren soldata oinarrizko beharretara bideratu eta aisialdirako ia iristen ez zen urteetatik hasi eta berrogeita hamarretako hamarkadako hazkunde ekonomikoaren (Francoren gobernuak bultzatutako Garapen Planak) lehen garaietara arte; azken urte horietan ekonomia pribatuekiko presioa arindu egin zen eta baliabide gehiago bideratu ahal izan ziren entretenimendurako eta aisialdirako. Garapen horrek Vitoria-Gasteizko aretoen hobekuntza eta hedapenarekin ere zerikusia izan zuen:

  1. 1945ean Ideal Cinema berritu zuten (1925ean inauguratu zutena),
  2. 1947an Florida Antzokia berritu zuten (1926an Salón General izenarekin inauguratu zutena eta lehenago, 1896an, Teatro Circo edo La Barraca izenarekin ireki zutena),
  3. 1951n Gran Cinema Vesa ireki zuten,
  4. 1955ean Amaia Antzokia ireki zuten, eta azkenik,
  5. 1959an Samaniego zinema-aretoa inauguratu zuten;

aurretik abian ziren Antzoki Berria edo Principal Antzokia (1918tik) eta Principe Antzokia (1925ean ireki zutena).

Jesus Gamarrak kutxazain lan egiten zuen Banco Central banketxearen Dato kaleko sukurtsalean, eta urte haietan 1.000 film baino gehiago ikusi zituzten berak eta bere seme-alabek. Vitoria-Gasteizen eskaini zituzten gehienak. Ohitura zenez, zinema-aretoen sarreran ikus-entzuleek esku-programa jasotzen zuten. Orriaren alde batean pertsonaiekin edo filmeko gertakariekin zerikusia zuen irudia azaltzen zen, eta bestean, berriz, labur-labur protagonisten eta aktoreen berri emateaz gain, filma non, noiz eta zein ordutan eskainiko zen adierazten zen. Gainera, filmaren argumentuari buruzko esaldi batzuk irakurri zitezkeen bertan, ikus-entzulearen jakin-mina pizteko. Filma amaitu ondoren gehienetan esku-orri horiek zakarrontzira botatzen zituzten.

Hala ere, harrigarria dirudien arren, Jesus Gamarrak ikusitako film guztien esku-programak gorde zituen. Bere oinordekoek, famili maitasunak eta zinemarako grinak bultzatuta, gaur arte gorde dute altxor txiki hori. Urte hasieran, eskuzabaltasunez, Arabako ARTIUM museoari eman zioten dokumentu multzoa.

Garai hartako Vitoria-Gasteiz eta gure gurasoen hiriaren oroimen sentimental, artistiko eta kulturala dakarkiguten irudietan oinarrituta, ARTIUM museoak erakusketa antolatu du garai bateko zinematografiaren inguruan. Sasoi hartan filmak, kartelak eta esku-programak ziren jende gehienak artearekin zuen harreman bakarra. XX. mendeko artea, bada, industriaren seme-alaba zen, masa handien kontsumora bideratua, «arte handia»-ren eta «arte herrikoia»-ren artean erdibidean zegoena. Gasteiztarrek bestelako arte batzuk ezagutzeko modurik izan ez zuten garai bateko artea.

Babeslea:

logo

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand