Izaki (samurrak). Patricia Piccinini

Hasiera: Osteguna, 04 Urria 2007

Amaiera: Igandea, 27 Urtarrila 2008

Lekua: Ekialde Behekoa Aretoa

Izaki (samurrak) izenburua ipuin batena, haur pelikula batena edota, agian, jostailu ez-kaltegarri batena izan zitekeen.

Izaki (samurrak) izenburua ipuin batena, haur pelikula batena edota, agian, jostailu ez-kaltegarri batena izan zitekeen. Baina ez da hala, izen bitxi hori Patricia Piccinini artista australiarrak ARTIUMen egin duen erakusketarena da. Artista honek alegiazko istorioak asmatzen ditu, laborategi zientifiko bateko esperimentuetatik sortuak diruditen samurtasunez beteriko mundu artifizialak.

Urriaren 4tik 2008ko urtarrilaren 27ra
Ekialde Behekoa Aretoa

Azken hamabost urte hauetan egindako lanak biltzen ditu erakusketak, eta aldi horretan eskultura, marrazkia, argazkigintza eta bideo-instalazioa landu ditu artistak abere espezie bitxiak, kamioikumeak nahiz lorategi digitalak elkarrekin bizi diren unibertso sintetikoa sortzeko. Patricia Piccininiren mundua irreala da, baina bere istorioak ezagutzeko eta mezua argitzeko bertan sartuz gero, gure eguneroko errealitatetik –teknologiaren aurrerapenek inposatutako abiadura zorabiagarriak eta hauen ondorio kontraesankorrek eta sarritan iragarrezinek markatua– oso hurbil dagoela ohartzen gara.
Naturala denaren eta artifiziala denaren arteko harremana da Patricia Piccininiren lanaren ardatz nagusietako bat. Artistaren ustez bi kontzeptu horien arteko muga gero eta lausoagoa eta iragazkorragoa da: hiriko pertsona batentzat autoa den bezalako zer artifizial bat zaldi bat baino naturalagoa izan daiteke; izan ere, zaldia ere, hautapenezko hazkuntzaren bidez gizakiak izan duen esku-hartzearen emaitza da. Teknologiaren eta aberezkoaren erdibidean, Piccininiren sorkari hibridoek elkarrizketa anbiguo hori uzten dute agerian, eta teknokulturaren irispideari buruz gogoeta egiteko bidea ematen dute.

Young Family, Protein Lattice, Plasticology, Helmets edota Nature Little Helper´s-en tankerako lanek bioteknologian egin diren aurrerapenen ondorioz –manipulazio genetikoa, klonazioa, laguntza bidezko ugalketa edota ingurumenaren kontrola, txit hedatutako eta ia guztion onartutako teknikak– sortu diren eztabaida etikoen korapiloa dute aipagai. Piccininiren lanak eztabaida deserosoak planteatzen ditu gai horren inguruan: non daude zientziaren mugak? Nork jasotzen ditu aurrerapen horien onurak? Gizakiak ba al du bere sorkari guztiak kontrolatzeko modurik? Eta zer gertatzen da hutsegiteekin...?

Ez da ahaztu behar Piccininiren lana, oso gai polemikoak erabili arren, samurtasun handia eragiteko gai dela. Bere izakien itxura bitxiak halako higuina eta ezinegona sor ditzake, baina baita ikuslearen enpatia ere. Artistak jakinaren gainean darabil baliabide hori, eta jarrera etiko bat hartzea zaila den gai korapilatsuak ukitzen dituenean emozioak dantzaraztea gogoko duela esan ohi du. Bere lan askoren protagonistak, hain zuzen ere, haurrak dira, eta beren itxura tolesgabe eta zaurkorrak mezuaren irakurketa atseginago bat egiten laguntzen du.

Bere izakiak hezur-mamitzerakoan hiperrealismoaz baliatzen da Patricia Piccinini ikusleak bere eskulturen azala, zimurrak, izerdia eta ilea ikustera gonbidatzeko. Bestiario bioteknologiko horren aldamenean bere lanaren beste zati handi baten –autoaren teknologiaren munduarekin lotua– metalezko distira sentsualak nabarmentzen dira: kamioikumeak, ama-motorra aldamenean motorkumea duela, kasko kustomizatuak... Giza itxura hartu nahi dutela diruditen makinak.

Mary Shelley-ren Frankenstein-ek bezala, badirudi Piccininiren izakiek giza arrazoimenaren amets utopikoa –aurrerabidearen izenean bizitza sortzea– mamitu nahi dutela. Frankenstein doktoreak sortutako munstroaren antzera, sorkari hauek gogorarazten digute gizakiaren sortzeko ahalmena eta kontrola ez direla hutsezinak. Hala ere, Patricia Piccinini ez dago aurrerabidearen aurka, bere lanean ez dago mezu apokaliptikorik edota egia biribilik, aizitik, erabateko erantzunik gabeko eztabaida bati zabaltzen dio atea...

Ondokoekin batera ekoitzia:

ARTIUM

Kolaboratzaile:

ministerio de cultura

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand