ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak eta Cervantes Institutuak “Gizonak eta emakumeak direla-eta” aurkezten dute, Gasteizko zentro-museoaren beraren bildumako obra hautatuek osaturiko erakusketa bat, Institutuak New Yorken (http://nyork.cervantes.es/) eta Chicagon (http://chicago.cervantes.es/) dauzkan egoitzetan ikusgai jarriko dena, 2007ko maiatzaren eta azaroaren bitartean. Erakusketa hau, besteak beste, Jorge Oteiza, Joan Miró, Eduardo Chillida, Salvador Dalí edota Pablo Picassoren obrek osatzen dute, eta artista hauek emakume edo gizon izateari buruz izan dituzten begirada desberdinak aurkezten ditu, ARTIUM Bildumaren aberastasuna eta ugaritasuna erakusteaz gainera. “Gizonak eta emakumeak direla-eta” New Yorken egongo da irailaren 1a arte. Ondoren, Chicagoko Cervantes Institutuaren egoitzara joango da, eta han irailaren 13tik azaroaren 9ra egongo da zabalik.
Maiatzaren 7tik irailaren 1era
Cervantes Institutua Nueva Yorken
Irailaren 13tik azaroaren 9ra
Cervantes Institutua Chicagon
“Gizonak eta emakumeak direla-eta” erakusketak artistek gizon edo emakume izatearen ideiaren inguruan egin dituzten zenbait hurbilpen mota aurkezten ditu, bai ikuspuntu huts-hutsik artistiko batetik eginak, bai ikuspuntu psikologiko edo deskribatzailetik eginak. Zentzu horretan, artistaren hurbilpen hori pertsona bati egindako gorespena izan daiteke, hala Jorge Oteiza eta haren “Homenaje a Mallarmé”, edota besarkada bezalako keinu guztiz gizatiarraren gauzatzea, nola baita Eduardo Chillida eta haren “Besarkada”. Hurbilpen gaurkoagoak dira, tonu surrealista dutenak, Carmen Calvo eta haren“El ruido de la lluvia lloró alto”, Elena del Rivero eta haren “Les amoureuses (Elena & Rrrose)” eta Vicente Ameztoy eta haren “Sin título” familia-erretratua.
Joan Mirók ("Femme dans la nuit") eta Salvador Dalík ("Retrato de Mrs Fagen") surrealismo tradizionaletik datorren ikuspuntu bat eskaintzen dute, eta orobat dira aipagarriak keinu espresionistak, besteak beste Antonio Saura ("Portrait imaginaire de Philippe II nº 3") eta Pablo Picassorenak ("Mousquetaire à la pipe"). Era berean, esanahi desberdinak eman dakizkieke Juan Hidalgok ("Flor y mujer"), Naia del Castillok ("Corral") eta Rogelio López Cuencak ("Welcome") proposaturiko ideiei.
Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan 2002an inauguratu zenez geroztik egin den lanak, beste ondorioen artean, Arabako ARTIUM Bildumaren balioen jendarteratze-lan handia eragiteko ondorioa izan du. Fenomeno hori, alde batetik, argi sumatu da mundu osoko museoetako erakusketetara mailegaturik eraman diren obren kopuruaren hazkunde esponentzialean. Ehun bat pieza joan ziren 2006an Madril, Bartzelona, Buenos Aires, Río de Janeiro edota Herford hirietara (Alemania), eta gaur egun Bilboko Guggenheim Museoak eta IVAMek, besteren artean, ARTIUM Bildumako lanak erakusten dituzte beren erakusketetan. Bestalde, gertaera kolektiboetan izan duen parte-hartzean ere agertu da bildumaren eta Gasteizko zentro-museoaren beraren hedapena; hala, aipagarriak dira, besteak beste, "Museoen museoa" eta "Museoen Labirintoa", Madrilen eta Pekinen egin zirenak, Cervantes Institutuaren egoitzan kasu honetan.
Baina bereziki aipagarria da, azken bi urteotan, Gasteiztik kanpo erakutsi diren ARTIUMen funtsen inguruko erakusketa monografikoen produkzioa. Zentzu horretan, 2006an Alacanteko Santa Barbara Gazteluan egin zen erakusketa eta Iruñeko Caja de Navarraren Artesala aretoaren inauguraziokoa gogora daitezke. Orain hedapena atzerrira ere hedatu da, Cervantes Institutuaren eskutik Estatu Batuetarako eta Brasilerako antolatu diren erakusketen bitartez.
Instituto Cervantesekin antolatutako erakusketa:
Sarrerak Online
Denda Online
