Maitatu, pentsatu eta eutsi. Bi bildumaren arteko topaketa ARTIUMen funtsen azken erakusketaren izenburua da; oraingo honetan beste bilduma garrantzitsu bateko artelanekin batera erakutsiko da, «la Caixa» Fundazioaren bildumakoekin batera, hain zuzen ere. Elkartze aberasgarri hori erakusketa tematiko baten eran antolatu da sorkuntza garaikidearen inguruan begirada eta interpretazio berriak eskaintzeko asmoz.
2007ko martxoaren 29tik abuztuaren 19ra
Hegoa aretoa
Erakusketaren izenburua, Maitatu, pentsatu eta eutsi, Santiago López Petit filosofoak «bizi nahia»-ren inguruan egindako planteamendu batzuetatik atera da, eta ideia hori duela gutxi idatzitako liburu-trilogian garatu du.Trilogia horren azken liburukian, Amar y Pensar: El odio de querer vivir, López Petitek bizi nahia planteatzen du bizitzaren aurreko erronka gisa, eta mundu zoro eta zorabiagarri honek egiten dizkigun inposaketei aurre egiteko. Maitatzea, pentsatzea eta eustea, bere ustez, erronka zail horri aurre egiteko baliabide baliozkoenak dira.
Uste hori artean ere aurki daiteke. Arteaz aritzea bizitzaz aritzea da, geure izateaz eta, beraz, munduari aurre egiteko bizi nahi horretaz. Gaur egungo artearen zati bat merkantilismoaren, ikuskizun nahiaren eta abiadura biziegi baten eraginaren pean dago. Zorionez, badira oraindik ere bizitzaren interpretazioari eta bizitza horri aurre egiteko moduari buruzko konpromiso sakona duten artistak, konpromiso hori emozioen mundukoa, intelektuala nahiz politikoa izan.
Erakusketa honetan ikusgai dauden hemezortzi artistak horren erakusgarri bikaina dira. Bizitzaz —azken batean, maitatzeaz, pentsatzeaz eta eusteaz— mintzatu ahal izateko gogoeta egiteko eta kontzientzia hartzeko deiak. Oso objektu xumeak erabiltzen dira, esate baterako, arlote baten bizikleta eta puskak, hiriko pertsona marginalen bakardadearen eta itxaropenik ezaren ikono gisa, eta xiringa hipodermiko batzuk, drogen eraginez gaixorik dagoen gaur egungo hiri baten planoa marrazteko. Beste artista batzuk gizaki garaikidea bizi den isiltasunaz eta komunikaziorik ezaz mintzo zaizkigu metaforikoki, askotan ahulenak isilarazteko botere faktikoek inposatutako isiltasunaz. Hain zuzen ere, sistema bidegabe horren biktimak eta bere ondorio gordinena, gerra, ere aipagai dira erakusketa honetan.
Erakusketa honetako artista batzuek gizatasunaren emozioak aztertzeko esperientzia intimista bilakatzen dute sortzearen ekintza. Denboraren iraganari aurre egiteko eta betiereko gaztetasuna lortzeko obsesioa, tolesgabetasuna galtzeak eragiten duen larritasuna, amarekiko, familiarekiko eta bere inguruarekiko harreman hunkigarri eta, batzuetan, korapilatsua, edota bikote baten maitasunaren bukaera eta horrek eragiten dituen samina eta gorrotoa, hona gaietako batzuk, bizitzatik bertatik atereak. Askok eta askok geure burua ikusiko dugu hor islaturik.
Santiago López Petitek bere azken liburuan dioen bezala «Bizitza hitz bat da. Bizi nahi izatea, garrasia». Proiektu honetarako elkartu diren ARTIUMen eta «la Caixa»-ren bildumako hemezortzi artelan horiek ikustea, bizitzea egokitu zaigun mundu horri begiratzean gure artistek goratutako ahotsaren oihartzunak entzutea da, dudarik gabe.
Antoni Abad
Doug Aitken
Eija-Liisa Ahtila
Txomin Badiola
Stephen Dean
Tacita Dean
El Perro
Leopoldo Ferrán eta Agustina Otero
Guillermo Kuitka
LIU Jin
MA Liuming
MIAO Xiaochun
RONG Rong
SHAOYINONG & MUCHEN
SHENG Qi
SHI Guorui
WANG Jin
WANG Qingsong
WENG Peijun
Komisarioak: Daniel Castillejo eta Nimfa Bisbe
Erakusketaren ekoizleak:
Sarrerak Online
Denda Online