ARTIUMen funtsen laugarren aurkezpena, Mezu gurutzatuak. Denboraren esparruan errealitatearekin mintzatuz oso bestelakoa da orain arte zentro-museo honetan ikusi direnekin alderatuta. Bildumari buruzko orain arteko erakusketek alde kronologikoari eta estilistikoari heldu baldin badiote, artearen diskurtso tematiko batzuk eta besteak hizpide izan baldin badituzte edota gure artistetako batzuen bilakaera analizatu baldin badute, erakusketa berri honek beste norabide bat hartu du, beste museo batzuetako arte klasikoko lanak eta bildumako arte garaikideko lanak nahastuz. Iraganak eta orainak eskua emango diote elkarri, estilo eta garai desberdinak elkarrekin biziko dira ezohiko joko batean eta, ustekabean, artelanen mezuak elkarrekin gurutzatuko dira.
Hogeita bederatzi piezek osatzen dute erakusketa. Batzuk, Arabako Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museotik eta Araba, Bilbo, Sevilla eta Zaragozako Arte Ederren Museoetatik datoz, eta ARTIUMeko funtsetako beste hainbeste artelanekin jarriko dira parez pare, garai eta aldi guztietako artelanak, batzuetan begien bistakoak eta beste batzuetan sotilak diren, baina nolanahi ere edozein begirada zorrotz eta jakinahiak aurkitu eta askatasunez interpreta ditzakeen alderdiren bidez loturik daudela erakusteko. Formari nahiz funtsari dagozkion antzekotasunak direla-eta egindako parekatze artistiko horiek adierazten dute artea ez dela itxura batera ikusten dena –erreala– bakarrik, harago doala. Mentala eta pertsonala hutsik den beste toki batean sartzeko atea da. Horregatik, interpretazioak ugariak eta askotarikoak izan daitezke, ikusleak adina, eta sortu ziren uneaz beregainak. Nolanahi dela ere, eta ikusleentzat erreferentzia gisa, artelan pare bakoitzaren ondoan iruzkin bat eta beste garai batzuetako ahotsen alegiazko interpretazioak egongo dira, multzoaren ikuspegia argigarriagoa eta aberasgarriagoa gerta dadin.
Gaia izan da, batzuetan, lanak elkartzeko arrazoia, beste batzuetan, itxura formalaren antzekotasuna, edota azpian dauden ideien hurbiltasuna. Horrela, mendez-mende gizakia kezkatu duten eta artean islatu diren zenbait gai unibertsal nabarmentzen duten artelan-bikoteak ikusi ahal izango ditu bisitariak. Esate baterako, denboraren iragana eta bizitzaren iheskortasuna Juan de Arellanoren natura hilean eta Hannah Collins-ek erretrataturiko marraskiloetan irudikatzen da, eta baita Antonio Peredaren natura hil barrokoan eta Cristino de Vera kanariarraren natura hilean ere.
Erretratua ere oso garrantzitsua izan da aldi batzuetako eta besteetako artistentzat. Aurrez aurre jarritako Vicente Lópezen eta Antonio Sauraren erretratuek agerian uzten dute erretratatuaren adierazpen-indarra ez datzala egikeraren eta xehetasunen perfekzioan bakarrik. Bestalde, erretratatu batzuen –Angel Larroqueren nanoa edota Manuel Losadaren lepoker loteria saltzailea– duintasun eta xalotasunaren ondoan, deigarria gertatzen da Carlos Aires gazteak torero jantzian erretrataturiko nanoen zirkuko tonu artifiziotsua.
Erakusketan protagonismo handia duten margolan erlijiosoek dimentsio berri bat hartzen dute egungo lan profanoekin nahasturik. Hala gertatzen da gurutzearen sinbolo boteretsuak loturiko Tàpiesen eta Riberaren lanekin. Edota Zurbaranen lantegiko Santu martirien eta Riberaren Santuen barneramenduaren, eta Humberto Rivasen argazkietako gizon-emakume arrunten anonimotasunaren arteko kontrastearekin. Chillidaren eskulturaren bihurdurak, berriz, bere mantu bihurrituan bildurik dagoen Doloretako Ama barroko baten konbultsioarekin bat egiten du. Eta haurtzaroko xalotasuna modu anbiguoan hautematen da Sagastizabalen haur erraldoiaren maltzurkeria pikaroa eta San Juanitoren lañotasun zurrun eta artifiziala parean ikusita.
Martirioa, gorputzaren mina, boterea, nortasuna, indarkeria, gizarte- bazterketa, naturaren ikuspegia eta objektuen balio sinbolikoa dira ikusgai dauden gainerako lanek iradokitzen dituzten kuestioetako batzuk. Nolanahi dela ere, ez dira bakarrak. Bakoitzak, orainean kokaturik eta bere ezagutza, lehentasun eta zaletasunekin bere mezu gurutzatua egin ahal izango du.
Komisarioak: Javier González de Durana eta Daniel Castillejo
Koordinazioa: Bilduma Iraunkorraren Saila
Eskerrak Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoari, Arabako Arte Ederren Museoari, Bilboko Arte Eder Museoari, Sevillako Arte Ederren Museoari, Zaragozako Museoari eta Arabako Angostinako Santa Coloma parrokiari.
Con el patrocinio de 
Ikusleen ideiak.
Erakusketako hezkuntza-guneko lantegi eta jarduerak
Gune honetan parte hartzaile bakoitzak bere erakusketa antolatu ahal izango du. Artelan batzuen eta besteen irudiak erabiliz arte historikoaren eta garaikidearen arteko bikote eta elkartze berriak egin daitezke. Era berean, parte-hartzaileek testuak idatzi ahal izango dituzte beren aukeren zergatia azaltzeko edota erakusketako artelanen ondoan dauden iruzkinei buruzko beren iritzia emateko.
Erakusketak dirauen artean nahierara parte hartu ahal izango da lantegi honetan; hala ere, asteazken eta igandeetan jarduera antolatu bat egingo da.
Asteazkenetan 19:00etatik 20:00etara
Igandeetan 11.30etik 12:30era
Bi egun horietan taldeak mugatuak izango dira.
Argibideak eta erreserbak: 945 20 90 10
Sarrerak Online
Denda Online