ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Luis Gordillo ARTIUMen funtsetan erakusketa aurkezten du (Hegoa aretoa, urriaren 19a arte). Bertan Museoaren bilduma iraunkorrean dauden artista sevillarraren lanak daude ikusgai. 1970eko hamarraldiko bi margolan eta 90eko hamarraldiko margolan bat eta litografia serie oso bat, Gordilloren lanaren etengabeko bilakaeraren lekuko izango dira, hori baita bere ibilbide artistikoaren ezaugarri nabariena.
70eko hamarkadako espainiar margolaritzaren berritzaileetakotzat jotzen da, eta bere lanak hamarraldi hartako pop-aren eragin nabaria duen figuraziotik, bere azkeneko lanetako abstrakzioraino doaz.
Arabako ARTIUM-en bilduma iraunkorrean dauden Luis Gordilloren lanak Sevillako artistaren ibilbidearen bi aldi sos desberdinetakoak dira. Fumando dúplex más espacio abierto eta Sedimentación-Estructuración C, 1975-1976 bitartean egindako bi margolan dira, hirurogeita hamarreko hamarraldiko Gordilloren lanetan sarritan agertzen diren ezaugarriak dituztenak, hau da, errepikapena, bikoiztasuna, narrazioa, desitxuratzea, kolore hotzak eta komunikabideetako irudiak erabiltzea. Bi koadroetan motiboa bikoizten den konposizio tokibanatuak agertzen dira, motibo horren "koloretako" aldaera bat eta "zuri-beltzeko" aldaera bat aurkezten direlarik.
Bestalde Tropical y complementos margolana eta Celulario 12 litografien seriea 90eko hamarkadako lanak dira (1992koa eta 1995ekoa, hurrenez hurren), eta nabaria da bietan Luis Gordillok azken aldian duen abstrakzioranzko joera. Biak konposizio abstraktuak dira eta zelulen mundu organikoa dute aipagai. Formek, lerroek eta orbanek laborategiak, zelulen biologia, ehun organikoak eta abar dakartzate gogora. Mugimendua eta Itxura bateko kaosa, geometriaren arau zorrotzen mende daude.
Luis Gordillok toki berezia du espainiar margolari garaikideen artean. 1958an Parisera bidaiatu ondoren, bere lanak Europako informalismoaren eragina jaso zuen hasiera batean, baina hirurogeiko hamarkadaren amaiera aldera Pop amerikarraren eragin garbia zuen figurazio desitxuratu bateranzko bidea egin zuen. Harrezkero, bere lanaren ezaugarria etengabeko bilakaera eta berrikuntza izan da, eta margolaritza berriz asmatzeko ahalegina.
70eko hamarkadan garaiko gizartearekiko ironiazko jarrera kritikoa baldin bazuen, marrazkia eta argazkia zituelarik langaiak, laurogeiko hamarkadan kolorea bilakatzen da jaun eta jabe. Bere egungo lanak, abstraktuagoak, giza gorputzarekiko etengabeko erreferentziak dira, barrualde ezkutuarekikoak, medikuntzako nahiz laborategiko tresnen bidez baizik ikusi ezin direnak.