Perejaume: Retrotábula

Hasiera: Azteazkena, 25 Ekaina 2003

Amaiera: Igandea, 26 Urria 2003

Lekua: Ekialde Behekoa aretoa

Retrotabula da Kataluniako Perejaume (San Pol de Mar, 1957) artistak aldi eta toki desberdin eta elkarrengandik urrunetan garatzeko asmatu duen erakusketa.

Retrotabula da Kataluniako Perejaume (San Pol de Mar, 1957) artistak aldi eta toki desberdin eta elkarrengandik urrunetan garatzeko asmatu duen erakusketa. “Lurraldeen erretaula” gisa definitzen du berak eta “lan zabal”, begirada batean eduki ezin, baina metaforikoki espazio eta une batzuk eta besteak sinkronizatu nahi dituen eta azkenean argitalpen batean bildurik utziko dituen proiektua da. Espazioan eta denboran hedatzen den sare handi baten eran, Retrotabula museoaren hesi fisikoak desegiten saiatzen da, muga geografikoetatik harantz topaketa artistiko bat bultzatzeko.

Erakusketa-mapa handi horren gune bakoitzerako –ARTIUM, Granadako Jose Guerrero Zentroa, Bruselako Maison D´Erasme eta arrantzaleen kofradia bat, San Pol de Mar-en–, Perejaumek izaera eta formatu desberdina duen proposamen bat asmatu du, eta ARTIUMen egingo da erakusketa garrantzitsuena.

Gasteizko proiektuaren sorrera, museoaren eta inguru naturalaren arteko mugei –zehazki, ARTIUMen eta Arabako Orixon mendiaren artekoei– buruzko gogoeta batetik abiatzen da. Bi testuinguru horien arteko ustezko muga desegin eta gurutzatzeko, artistak tokiz aldatzen ditu, eta mendian egindako esku-hartze artistiko baten bidez lotu eta elkarrekin harremanetan jartzen ditu, ondoren museoan gauzaturik geldituko da eskultura-pieza boteretsu baten presentziarekin: Cambra-Cambrils. ARTIUMeko Ekialde-Goikoa aretoaren espazioa inbaditzen duen lan horrek, zurezko horma zilindriko erraldoi baten forma du, zeinaren beheko aldea Orixol mendiaren tontorretako baten soslai topografiko malkartsuari egokitzen baitzaio.

Proiektua burutzeko, artistak bertan neurtu zuen tontorraren soslaia, eta pieza lantegi batean egin ondoren, mendian ezarri zen. Esku-hartzearen une nagusia, artelana eta tontorra elkartu zirenekoa argazkitan jaso zen, gero museoan erakusteko. Mendia eta artelana, hau da, natura eta artea elkartu ondoren, koroa handia ARTIUMera eraman zen azkenean bertan erakusteko. Horrez gainera, beste ia hirurogei piezek (pintura, marrazki, argazki eta eskulturek) osatzen dute Retrotabula. Cambra, Museografía, Els retaules edota Arts ciutadanes lanek museoaren mugez mintzo zaizkigu metaforikoki, gizonaren esku-hartze kulturalak inbaditutako naturaz, edota pintura beraz –zeina beretzat ez baita bitarteko soila, gai bat baizik–.

Baina, nola izan dezakete elkarren antza toki batek eta margolan batek? Hori izan liteke Perejaumeren artea, hiru mailaren (irudikapena, mundua eta ikuslea) arteko loturen inguruan artikulatua, ulertzeko abiapuntua. Artista, etengabe mintzaira berrien bila, gizakiaren sustraietara eta gizakiak naturarekiko duen harremanetara bidaiatzen da. Horrela, kinka larrian uzten du tokien oroimena edota ezagutza margolanen bidez –hau da, paisaiaren generoaren bidez–, harrapatu edota ordezkatu daitekeen ideia, hori izan den arren iraganean artista askoren ahalegina. Idatzi teoriko interesgarrien bidez eta paisaiaren inguruko aldaera analitiko sorta baten bidez, Perejaumek paisaia-pintura birdefinitzen laguntzen du, begirada berri bat planteatuz. Pinturatik, argazkigintzatik, bideogintzatik edota ekintzatik abiatuta, idazkera ahaztu gabe, jakina –bere lana ulertzeko giltzarria baita–, Perejaumek zalantzan jartzen ditu irudikapenaren, formatuaren eta arte-generoen, mintzainaren edota museoaren espazioaren beraren mugak, eta are termino berriak asmatzeraino iristen da, esate baterako: despintura, desescultura, oísmo, edota pesebrismo. Guzti horren ondorioz, bere lana poetikoa eta iradokizunez betea da, eta batzuetan baita ludikoa eta ironikoa ere, eta kontzeptuaren aldetik ez du zerikusirik harremanetan jarri ahal izango litzatekeen erreferente artistikoekin, esate baterako XIX. mendeko paisajearen tradizio erromantikoarekin, Kataluniako abangoardia historikoarekin edota Land Art delakoarekin.

Retrotabula deskubritzea paisaiaren beste dimentsio bat hautematea da, hitzak, irudiak eta geure begiradak beste zentzu bat hartzen dutela ohartzea.

Jar ezazue berriz ere urrea lurrean, bana itzazue mendian brontzea, marmola eta bolia, orain gehien falta zaiguna irudika dezaten: irten ziren tokia.

Perejaume, La pintura i la boca

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand