Ardoaren arkitekturak. Bodegas Ysios

Hasiera: Osteguna, 18 Azaroa 2004

Amaiera: Igandea, 30 Urtarrila 2005

Lekua: Atari aretoa

Errioxa, mahastizaintzako eta ardogintzako eskualde ezaguna, inguruaren fisionomia aldatzen ari den hazkunde eta inbertsio aro bat ari da izaten azken urte hauetan.

Errioxa, mahastizaintzako eta ardogintzako eskualde ezaguna, inguruaren fisionomia aldatzen ari den hazkunde eta inbertsio aro bat ari da izaten azken urte hauetan. Bere ardoen eta eskualdearen irudi erakargarri eta modernoa zabaltzeko asmoz, ardandegi-jabe talde batek nazio mailan eta nazioartean ezagunak diren arkitektoen esku utzi dute beren upeltegiak eraikitzea. Hori guztia dela eta, ardoaren erakargarritasunari erreferente turistiko eta kultural berri bat sortzen ari den ondare arkitektoniko berezi horren interes artistikoaren balioa lotzen zaion panorama interesgarria marrazten ari da. Ardoaren arkitekturak. BODEGAS YSIOS ARTIUMen 2003. urtean Bodegas Baigorriri buruzko erakusketa batekin abiatu zen erakusketa sorta batean bigarrena da, eta bere helburua, eskualde horretan garatzen ari den jarduera arkitektoniko berritzailearen berri eman eta zabalkundea egitea.

Bodegas Ysios, Santiago Calatrava arkitekto eta ingeniari valentziarrak diseinatu du bodegas y Bebidas, S.A. enpresarentzat. Biasteri herrian kokatzen da, Kantabriako mendilerroaren oinetan. 2001. urtean inauguratu zen eta bere diseinu paregabea –nazioarteko arkitekturaren panoraman benetako zedarria– urrundik nabarmentzen da metalezko uhinen silueta distiratsuagatik: hegan doan ahate bat bailitzan agertzen da zeruertzean. Upeltegiak Egiptoko Ysis jainkosaren izena darama –mahatsa ardo bihurtzeko prozesua zaintzen zuen– eta 8.000 m2ko azalera du (eraikin soziala eta biltegitarako bi nabe), hurrenez hurren Ekialde-Mendebalde orientazioaren arabera eraturik. Oso ondo integratzen dira inguruko paisaian eta eraikina eskultura boteretsua bailitzan altxatzen da.

Hormigoi armatuzko bi horma eramaile dira eraikinaren oinarria, 26 metroko espazio batek bereizten ditu eta zutika ezarritako zur kobreztatuzko xaflen bidez estalirik daude. Horma uhinduak eraikina inguratzen duen urmaeletako uretan islatzean, kupel handi batzuen forma hautematen da, eraikinaren eginkizunarekiko harreman poetiko sutila sortuz. Estalia ere funtsezko elementua da proiektuaren eraketan. Kanpoko aldean aluminio naturala erabili da, zuraren berotasunarekin kontraste leuna egiten duena. Egiturari dagokionez, zur laminatuzko habeek osatzen dute eraikina. Habe horiek alboetako hormen gainean bermatzen dira eta plano etzanen gainean kokatzen dira eraikinaren luzetarako ardatzari zeharka. Kanpoko itxura, forma ahur eta ganbil leunezko azalera inguratzailea da, beraz.

Erakusketan proiektuaren maketa ikusgarria dago ikusgai, eta aurrealde eta oinplanoen plano tekniko sorta bat, eta baita upeltegiaren koloretako irudiak ere. Material horrez gainera, Calatravak egindako zirriborroen erreprodukzio multzo bat ere ikusgai dago, eta Aitor Ortízen zuri beltzeko argazki batzuk, arkitekturazko xehetasun zenbait jasotzen dituztenak. Era berean, Calatrava jeinuaren sorkuntza prozesua eta ibilbidea sakon ezagutu daitezke Catherine Addak zuzendutako dokumental baten bidez.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand