Avelino Sala. Praxis. Diskurtso zatituak. Geldi!

Hasiera: Larunbata, 02 Urria 2010

Amaiera: Asteartea, 23 Azaroa 2010

Lekua: Iparra aretoan

Asmoa: aretoaren lurrean asmatutako «diskurtso» bat margotzea. Francisco Francoren eta Benito Mussoliniren diskurtsoetako esaldiak idatziko dira.

Proiektua etengabeko eboluzio-ekintzatzat hartzen duen ikuspegiari helduz, piezaren lehen ekintza honako hau da: aretoaren lurrean asmatutako «diskurtso» bat margotzea, antzinako idazmakinen ohiko tipografiaz —Courier new letra motaz— baliatuta. Francisco Francoren eta Benito Mussoliniren diskurtsoetako esaldiak idatziko dira, hibridazio horren bidez, beste diskurtso bat sortzeko. Testu berriak ez du ez denbora ez testuinguru jakin bat, mistoa baita, baina diskurtso totalitarioen hutsaltasuna agerian uzten du, argi eta garbi. Eskuineko bi diktadoreen diskurtso totalitarioak uztartuz, bi herrialderen iragan zentzugabeari buruzko begirada poetikoa dakarkigu egileak. Batetik, Espainiari, bere jaioterriari, so egiten dio; bestetik, Italiari. Izan ere, azken urte eta erdia Italian eman du, eta bertan mamitu du hizpide dugun lana, totalitarismoan eta Erromako iragan faxistaren gomutetan oinarrituz, betiere Espainiako Akademiaren ikuspegitik, bertan ere diktaduraren zenbait oroipen, irakurketa paralelo eta antzekotasunek bizirik baitiraute, nahiko nabarmen. Aipatutako diskurtsoak ikuspegi poetikotik berrikusiz, gogoeta etikoari ematen zaio bidea, ikuspegi estetikotik.

Aretoan ekinean aritzea, era berean, arrastoa uzteko zentzugabekeriarekin bat dator, hau da, museoko eremuan bertan idatzitako testuak boterearen berezko diskurtsoa islatzen du, ezerezaren eta ez-tokiaren metafora bihurtutako espazio zurian prozesua betikotu egingo balitz bezala. Pinturaren erabilerak eta prozesuan zehar igarotako egunek diskurtsoaren hauskortasun-, denboraltasun- eta hutsaltasun-metafora nabarmentzen dute. Noizbehinka, diskurtsoa bukatutakoan, lanbasarekin garbitzea eta «ezabatzea» ere keinu bat da, ekintza sinboliko bat. Horra zer adierazi nahi digun: gertatutakoaz oroitzeaz gain, funtsezkoa dela iraganari amaiera ematen jakitea, ahaztu gabe, ordea.

Bideoak
Proiektuaren hurrengo urratsak bi bideoetan oinarritutako instalazioa eskaintzen digu. Neska batek Cara al sol eta Faccetta nera, bi erregimenen ereserkiak, kantatzen ditu a capella. Dena den, Cara al sol eta Facetta nera kanten doinuari eta konpasari bere horretan eutsi zaien arren, alderdirik lirikoenak azpimarratu nahi izan dira, izatez martxa militarrak direnik ez nabaritzeko moduan. Horrela, bi kantek Lieder edo operako ariak dirudite.

Audioak nahastu egiten dira, neskak bere buruari abesten dion bitartean, pantailak buruz buru baitaude. Boterearen burugabekeriaz, ekintza zentzugabeez, totalitarismoaren izaera endogamikoaz eta batzuen eta besteen arteko desberdintasun urriez mintzo zaigu lan gogoetatsu hori. Neskatxaren ahotsa zeharo eztia, ia aingerutarra, eta bere bi emanaldien konnotazio politikoak ez datoz bat, inondik inora. Noemí de Harok, bere buruari bi kantak abesten dizkion neskatxak, propagandaren amaiera irudikatzen du. Jakinekoa denez, letra erraz hunkigarriak erabiltzen zituzten herritarren sentimendu nazionalak pizteko eta goresteko. Bideoetako kanten kutxu emozional izugarria eta neskatxaren gozotasuna eta apaltasuna aurrez aurre ditugu. Haren ahots eztiak orduko sentimentaltasun otzana dakarkigu, beste ikuspegi batetik, ordea. Musikaren hainbat alderdirekin jokatu du egileak, partitura berbera bai militar batentzat bai soprano batentzat baliagarri izan dadin. Noten altuera ahotsen tesituraren arabera moldatu du.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand