ARTIUMeko Praxis programari buruz
Ikusi Atzean, jai-taldearen amaieran erakusketaren fanzinea
Atzean, jai taldearen amaieran izenburupean, Itziar Barriok herri-jaietako aparatu ikonografikoa eta horien erregistro sozialen berezitasunak ikertu ditu, jaiaren ideiaren inguruan gure artean nabarmentzen diren kodeak berreraikitzen saiatzeko. Helburu horrekin, jaiaren imaginarioari lotutako zeinu batzuk bereganatu eta desartikulatu egingo ditu, bere fikzioak sortu eta mitologia berriak itxuratzeko. Horrela, eremu kodifikatu horretan, zeinu jakin batzuen kontsumoak gure nortasuna eraikitzeko oinarriak nola finkatzen dituen adierazten digu.
Artistak gizakiaren ohitura, usadio eta beharren analisia proposatu eta espazio propioaz eta aldi baterako okupatutako espazioaz hitz egiten digu. Halaber, berezitasun horiek eragindako portaera kolektiboez berriz pentsatzen laguntzen digu.
Aretoaren erdialdean, harri eta zur utziko gaitu horma batetik hazten den txosna batek (tabernako barraz hornitutako txabola antzekoak dira txosnak, Euskal Herriko jaietan oso zabalduak).
Txosnak, eskualdearen araberako bereizgarriak gorabehera, etxearekin harremanetan jartzen gaitu, maila formalean zein kontzeptualean, baita taberna-txabolaren aldi baterako izaerarekin ere. Kode hori proiektuaren ikonoa da eta ikusle kolektiboak erraz antzeman dezake. Taberna-etxea binomio hori, berriro ere, Barrioren obran presentzia duen maila antropologikoarekin lotzen da, eta maila horrek, hemen, kolektibitatearen garrantzia, jaia ospatzeko ekintza soziala, erritualen iraunkortasuna eta taldeko kide izatearen seinale diren zeremonial sistematikoak betetzeko beharra ditu isla.
Barriok fikzioa/ez-fikzioa binomioarekin jokatzen du uneoro, baita horrek sorrarazitako anbiguotasunez betetako espazioarekin ere. Narratiba etengabea da, anbiguotasun horiek elkartzen dituen eremua. Horrela, proiektuaren hasieran, herri-jaiei buruz auzoz auzo eta bizitasun handiz ikertzen jardun duen fasean, fikziozkoa ez den eremu batean mugituko da artista. Artista ez dagoen etapan zehar, berriz, espazioak bizirik jarraitzen du, fabulazio batetik abiatuta, eta fabulazio hori garatzen joango da, azkenik fikzioak eta ez-fikzioak berriro bat egin arte, herri-jaiekin bat datorren bukaera batean.
Aretoaren atzealdean elementu nahasgarri bat dago, hurbilarazten zaituen aztoramendu halako bat duena. Beldurrezko pelikula orotan bezala, protagonistak ezinbesteko ate hori irekiko du, zarata igargarri horrek deituta. Horma bat da, atzealdeko bazter batean sortutako gune bat, gauzak gertatu ohi diren lekua iradokitzen duena. Bazter hori aseptikoa da egunez, baina gauaren botereak debekatutako ororen, txizaren, sexuaren, drogen, ezkutuaren... gordeleku bihurtzen du.
Txosnaren aldi baterakotasunak ere presentzia du proiektuan garatuko diren elementuetan. Horien artean, Itziar Barriok pankarta gisako instalazio bat egingo du, jaietako ohiko pankarta edo kartela gogora ekarriz. Horrek, berez arte-hizkuntza iragankorra izaki, aste batera edo bira mugatzen den bizitza laburra baitu. Pankarta horren sorrera ere bat dator DIY (do-it-yorself) kulturarekin. Izan ere, haren sorkuntza eta erabilitako materialak oso oinarrizkoak izaten dira, azpiegitura eta aurrekontu murritzekin egiten delako.
Posterra, bere aldakortasunari esker, testuinguru guztietara egokitzen da eta hiriko paisaia eta altzari guztietara hedatzen da. Kartelgintzaren elementu horiek gizarte baten, orainaldi baten –iraganeko tradizioari atxikia eta, kasu batzuetan, berrinterpretatua–, kultura eta ohitura batzuen eta erritu eta gizarte-kode batzuen ispiluan dute isla.
Arte garaikideak eta antropologiak elkar aurkitzen duten gune horretan, itxuraz elkarren aurkakoak diren beste elementu batzuek ere bat egiten dute: gizarte garaikideak eta gizarte tradizionalak. Agerikotik ezkutura doan ikur-irudi multzo batean aurkezten dira balizko konbergentziak eta dibergentziak.
Blanca de la Torre-ren aurkezpena
Itziar Barrio-ren aurkezpena
Sarrerak Online
Denda Online