Rafael Zabaleta

Hasiera: Azteazkena, 13 Azaroa 2002

Amaiera: Asteartea, 31 Abendua 2002

Lekua: Hegoa aretoa

Castaño Lasaosa-Zabaleta familiak Arabako ARTIUM Museoan gordailuz utzitako lanak biltzen ditu Rafael Zabaleta Gordailua erakusketak. 36 artelanek osatzen dute gordailu hori, eta 36 horietatik 10, Zabaleta margolariaren inguruko artistenak dira.

Castaño Lasaosa-Zabaleta familiak Arabako ARTIUM Museoan gordailuz utzitako lanak biltzen ditu Rafael Zabaleta Gordailua erakusketak. 36 artelanek osatzen dute gordailu hori, eta 36 horietatik 10, Zabaleta margolariaren inguruko artistenak dira: Joan Barberá, Pedro Bueno (Madrilen ikasle zen garaiko solasaldietatik Zabaletaren adiskidea; gordailu honetan Zabaletak egin zion erretratu bat ikus daiteke); Antoni Cumella (zeramika-lanak), Benjamín Palencia, Miquel Villáabassols eta Pablo Picasso (1949an, Zabaletak Parisera egin zuen bidaietako batean ezagutu zuen; adiskide egin ziren eta Picassok erakusketa honetan ikusten dugun marrazki eta litografia liburua oparitu zion).
Begirada lotsatia eta zorrotza zuen gizon txiki, burusoil, begi-urdin honek, landako mundua eta unibertsala nahasten zituen bere lanetan. Nekazariei halako mistikotasun bat eman zien kolore biziak erabiliz, eta Pantokrator bizantziarraren erako espresio hieratikoaren eta antolaketa zentralizatuaren bidez.
Quesadan (Jaenen) jaio, bizi eta hil zen. Familia aberatsekoa zen eta Madrileko San Fernandoko Arte Ederren Eskolan egin zituen pintura ikasketak. Han garaiko abangoardiekin jarri zen harremanetan eta gorputz biluziak eta paisaia akademikoak margotu zituen. Ikasketak amaitu ondoren Parisera joan zen lau astetarako, eta bidaia horretan hiriarekiko zuen miresmena berretsi zuen. Gerra zibilaren garaian Jaenen gelditu zen eta Baza eta Guadix-en Errepublika-gobernuko Berreskuratze Zerbitzuekin aritu zen lanean. Garai hartan egin zituen gerrako marrazkiak desagertu egin ziren Madrilen espetxeratu zutenean.
1940ko hamarraldian aldi berri bat hasi zen bere margolaritzan. Quesadan bizi zen baina eten gabe joan ohi zen Madrilera. Han egin zuen bere lehendabiziko bakarkako erakusketa Biosca galerian, eta Eugenio d'Ors bere lana goraipatzen hasi zen, Katalunian aurkezten eta Salon de los Once delakoan zabaltzen. Urte haietako bere margolanak gero eta lauagoak bihurtu ziren, hazpegiak soilduz eta koloreak bizituz joan zirelarik.
1949an Parisera egin zuen bidaiaren ondoren hasi zen bere lanaren azken aldia. Parisen Picasso ezagutu zuen, eta horrek eragin nabaria izan zuren bere lanean. Bestalde bere aurreko garaiko ezaugarriak areagotuz joan ziren: kontraste handiko koloreak, marra markatua, hieratikotasuna... bere nekazariei forma trinkoak eman zizkien eta kolore biziak elkarrengandik bereizteko marra beltz lodia erabili zuen.
Bere lanean nabarmentzekoak dira marrazkiak, Los sueños de Quesada [Quesadako ametsak] serie surrealista, esate baterako. Horietan marra zehatz batek erritmoz hornitzen du konposaketa eta zuri/beltzaren elkartze sinple baino eraginkorraren indarra du.
Rafael Zabaletak egunerokotasuna eta landako mundua marrazten ditu bere pintzelen bidez, ikuspegi zatikatu eta sinboliko bat erantsiz. Originaltasunez betetzen ditu mendiko paisaiak, nekazaritza-lanak eta bere herria, eta biztanleei ikono-izaera ematen die. Denbora gelditu egiten da formak marrazten dituzten marra beltzetan, biribiltasun geometrikoan, nekazariaren begirada zorrotzean.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand