Argazkia errealitatea interpretatzeko modurik zuzenenetako bat dela uste izaten da. Bide egokia da ideiak, kontzeptuak, egoerak edo gertaerak komunikatu, transmititu, islatu eta adierazteko. Denborarekin bere izaeraz beraz duen erlazioagatik izatez askoz ere zabalagoa eta anitzagoa den errealitate baten uneak, momentuak edo zatiak besterik ez dituela jasotzen oso kontuan hartuta beti ere. Erretratuaren gai hau oso loturik egon da argazkiarekin, argazkia hasi zenetik bertatik. Gizakiaren aurpegiari egiten zaion begiradak ezaugarri bereziz jantzi du argazkia: hizkera dokumental eta narraziozkoa, barne begirada psikologikorako eta tipologia formulaziorako teknika, artxibo analitiko eta eredu estetiko zein kulturazko, psikologiko edo karakteriologikoen sintesia egiteko tresna.
Santiago B. Olmok katalogoko testuan dioen bezala: “Gaur egungo argazki erretratuak, beti ere esperimentazio etengabean, giza izaeraren ideiari buruz zer jarrera izan definitu beharrari erantzuten dio: dokumentazio posible oro bi helbururen mende dago: ni-aren eta besteen irudi sinbolikoak eraikitzea, batetik, eta Artean (pinturatik hasi eta argazkiraino) izan diren tradizioek eta gaur egungo hedabideek eraiki dituzten ereduen eta formen kritika egitea, bestetik”. Bestearen begirada erakusketa honetan Ordóñez-Falcón argazki bildumatik hautatutako erretratu sail bat aurkezten da. Erakusgarri honetan beren obraren bidez gaur egungo sorkuntzaren ikuspegi zabal bat eskaintzen duten herrialde askotako artisten obrak biltzen dira.
Horretarako erretratuari dagokionean berebiziko eragina eta garrantzia izan duten bi artisten lanetatik hartzen da abiaburua. Julia Margaret Cameron da lehenengoa; XIX. mendearen erdi aldean erretratuaren sorrerarekin batera jardun zuen; bere inguruko pertsonak erretratatu zituen, ikonografia klasikoan inspiratutako konposizioetan, eszena antolatzeko modua kontu handiz zaindurik. Bere garaikideek gogor kritikatu zuten arren, haiek ikusten zizkioten akatsak eta huts egiteak begiratzeko eta erretratua egiteko modu berri bat bezala ikusten dira gaur egun. Iragarpenezko “begirada” hori berori ikusten da Andy Warholen autorretratuetan; laurogeiko hamarraldian egin zituen polaroid argazkiak gaur egungo erretratugintzaren printzipio aldarrikapen betea direla esan baitaiteke zinez, norbanakoaren nortasuna edo artistaren apailua izan daitezkeen guztiz gaur egungo gaiak ukitzen baititu.
Hamarraldi horretan Thomas Ruffek bere lagunen eta ikaskideen aurpegien erretratu erraldoiak egiten ditu. Erretratu hutsak dira, garbiak, emoziorik erakusten ez dutenak, egileak nortasun anonimoaren ideia transmititzeko baliatzen dituenak. Oso bestelakoa da Richard Avedonen lana; pertsona anonimoak erretratatzen ditu hondo zurri baten gainean, era horretara aurpegien eta gorputzen adierazkortasuna atxikitzeko. Etxekoandreak, meatzariak, langileak eta eskaleak, erabat hautsi eta ilusioa galdu duen gizarte bat islatzen. Avedonen teknika ere medio urritasuna eta monokromia da; baliabide horixe bera erabiltzen du Valérie Belinek erakusketa honetan duen obra sailean. Transexualen lehen planoak gure begira, eta giza gorputzaren gorputzaren eta gurarien mugei dagokienez erronka jotzen digutela. Desiraren gai horixe dago Sam Taylor-Wooden lanetan ere, ilusioaren eta irudikapenaren zentzuarekin egiten duen jolasarekin batera.
Craigie Horsfieldek 1996an La ciutat i la gent proiektua egin zuen Bartzelonan. Lan horretan hiria eta bertako jendea erretratatzen du; horretarako ordea erretatu ofizialetan bazterturik geratzen den guztia hautatzen du. Era horretara begirada kritiko bat proposatzen du, eta erabat baztertzen du artxiboaren ideia, Christine Davisen obran ere presente dagoena. Do Ho Suhen gaia anonimotasuna, nortasunik eza da; erabat hutsaltzen ditu irudiak, erretratu nimiñozko sekulako multzo bat aurkezten baitu horma paper margotua balitz bezala. Antzeko gauza egiten du, alderantziz ordea, Vic Munizek, bere inspirazio iturria Chuck Closek Pantone kolorezko txartelez egindako pinturazko erretratu handietatik harturik.
Zhang Huanen erretratu saila familia erretratu sinboliko bat dela jo daiteke. bere aurpegiaren gainean bere genealogia zuhaitzeko izenak idazten ditu, harik eta idatziaren idatziz azala erabat estaltzen den arte. Lehenak lausotzen duen orainaren ideia hori beste artista batzurengan ere badago. Denbora aldakuntza, ekintza eta eraldaketa gisa ikusten duen idea interesatzen zaio Pere Formiguerari; berdina dena “beti” desberdin dela erakusten duten une eta momentu sail bat biltzen du bere amari egindako erretratu sail batean. Antza engainagarri da, Sarah Jonesen argazkiek edo Juan Urriosen erretratu manipulatuek ongi frogatzen duten bezala. Eta nortasunaren eta apailuaren gaia berriro Sarah Lucasen autorretratuetan, begirada ironiaz bete bat azalzen baitu bere pose eta jarrera zehatz-mehatz aztertu eta prestatuetan.
Artistak
Richard Avedon
Valérie Belin
Julia Margaret Cameron
Christine Davis
Pere Formiguera
Craigie Horsfield
Do Hu Soh
Zhang Huan
Sarah Jones
Sarah Lucas
Vic Muniz
Thomas Ruff
Sam Taylor-Wood
Juan Urrios
Andy Warhol
Bestearen begirada. Erretratua Ordóñez-Falcón argazki bilduman
Hasiera: Ostirala, 26 Apirila 2002
Amaiera: Igandea, 16 Ekaina 2002
Lekua: Ekialde Behekoa aretoa
Argazkia errealitatea interpretatzeko modurik zuzenenetako bat dela uste izaten da. Bide egokia da ideiak, kontzeptuak, egoerak edo gertaerak komunikatu, transmititu, islatu eta adierazteko.
Etiketak:
© 2025 Artium Museoa.