ARTIUM zabaltzen dela-eta, arabar eta euskal gizarteak, azkenean, merezi bezala ikusi eta ospatu ahal izango ditu Arabako Foru Diputazioa mende laurden batez baino gehiagoz bilduz joan den gaur egungo arteko bildumako piezarik hoberenak. Bildumako piezarik hoberenak esatean, nahitaez, bilduma horren parte bat aipatzen dugu, ez osoa. Izan ere, Foru Diputazioko bildumak denbora horretan iritsi duen tamaina hain da handia, non, museoak erakusketarako duen leku guztia hartuta ere (3.800 metro karratu), ezin izango baitzen osorik erakutsi. Badira 1.600 obratik gora, eta altxor zabala osatzen dute, gaiaren arabera sailkatuta aldizka erakutsiko beharko direnak, ondare honetaz osorik gozatu nahi bada.
Bildumaren lehen aurkezpena ARTIUMeko Hego Aretoan ipini da, eta espainiar arteak XX. mendean zehar gaur egun arte izan duen bilakaeraren ikuspegi ortodoxoa eskaintzen du. Hautaketa honen bidez arte plastikoek azken hamarraldiotan izan duten garapenaren joera, mugarri eta izen esanguratsuenen azalpen argia eskaini ahal izan da. Hemen ageri diren artista hauek guztiek, dudarik gabe, egon behar dutenak dira, eta erakusten diren obra guztiak ere, jakina, ikusi beharrekoak dira, baina, dudarik gabe, askoz gehiago ere badira. Eginkizun arazgarri honek oso zorrotz jokatzera behartu gaitu, eta, paradoxaz, horrek gauzarik nabarmenenak, ulertzekoa den harrotasuna ematen digutenak, azpimarratzea esan nahi badu ere ere, mina ere, halako erauzte sentipen ezin saihestuzkoa, sorrarazten du gugan. Izan ere, bisitari zaletuari bildumako artelan gehiago eskaini nahi zaizkio beti, sinetsita baikaude eskertuko lukeela.
Horregatik, ARTIUMek Gotikoa..., baina exotikoa asmatu du, museoko bildumaren pieza sail handi bat erakusteko aukera eskaintzen baitu. Gure ustez ezagutu beharreko piezak dira, baina lehen hautapen honetan museoan bertan non kokatu aurkitzen ez dutenak. Baina, horrez gainera, Gotikoa..., baina exotikoa erakusketarekin, museoa ez dela bere baitan itxita geratuko adierazi nahi dio ARTIUMek arabar gizarteari, bestela baizik, alegia, artearekin eta bisitariekin elkartzen saiatuko dela esan nahi dio, asma ditzakeen modu guztietan gainera. Eta hauxe da aurreneko modua: Berpizkundeko eta barrokoko jauregietara eta Erdi Aroko hiribilduko eliza gotikoetara joan, eta topaketa harrigarria eta aberasgarria, ezkontza xelebre bat, eragin.
Espazioak ez dira gehiegikeriaz erabili nahi izan. Besteak beste, Santa Maria katedralaren eta Escoriaza Esquibel jauregiaren lankidetza badugu ere, eta hor dauden espazioak oso zabalak diren arren, uko egin zaio leku horiek osorik betetzeari. Baina kasu guzti-guztietan, historiaren eta gaurkotasunaren adostasun egoki bat lortzen saiatu gara alegia, eraikinareren arkitekturak artearen presentzia modu berezian azpimarratzen duenean, eta arteak, bere aldetik, eraikitako espazioa nabarmentzen eta beste era batera ikusarazten duenean bakar-bakarrik aurkeztu dira bildumako piezak. Elkarrekiko eragin hau ezinezkoa gertatu denean, uko egin zaie bai lekuari, bai leku horri legokiokeen artelanari.
Era horretan, gonbidatuak daude artezaleak Gasteizko hiro zaharreko espazio jakin batzuk ber-aurkitzera, eta horrez gainera, normalean sartzen ez den edo ezin sartu den leku batzuk bisitatzera. Ibilbidea liluragarria da: Tovarko Kondearen jauregian denborak izoztutako saloi isabelinoa, San Bizenteren elizako gangen eta estalkiaren artean dagoen espazio izugarria, aurretik kanpandorrea duela, Farolen Museo esanguratsua, Andre Otxandaren dorrea eta Bendaña Jauregia (Zientzia Naturalen eta Kartaren Museoak, hurrenez hurren), eta Guevara-Gobeo-San Juan Jauregia (Arkeologiako Museoa), guztiek eskaintzen dituzte berraurkitze aukera eta iradokizun ugariak.
Horregatik, espero ez diren gauzak eta elkarrekiko exotikoak gertatzen direnak harremanetan jartzeak duen iradokizun ahalmen horrexegatik, nahi izan dugu erakusketa berezi honi laguntzen dion argitalpeneko testuak gaurko artean aditu direnek idaztea. Idazleak bilatu ditugu, asmatzen izen ona lortu duten kontalariak bilatu ditugu, eta ARTIUMek hirigune zaharra gauza arraroez bete duen bezala, Erdi Aroko kale sail honetako kaleak eta kantoiak, aldapak eta plazak, nola edo hala, artearekin lotuta dauden pertsonaiekin bete ditzatela eskatu diegu. Gu guztiok gainerakoen espazioen “okupak” garen liburu bat da horren emaitza: historia, orainaren eta iraganaren, gaurkoaren inbaditzaile; artistak, arkitekturaren inbaditzaile eta kontalari, arte katalogo baten berezko hiritarrak balira bezala; elokuentziaz eta apaingarriez zamatutako eraikinak, artelan batzuetan itxi eta isilen inguruaren inbaditzaile, eta ARTIUM, bere gizarte-arte zabalkundearen mezua museoa bera baino haruntzago eramateko, hiri zahar baten erabiltzaile.
Komisariotza: Javier González de Durana, Daniel Castillejo, Juan Guardiola
Babeslea: Fundación Vital Fundazioa
Laguntzaileak: Arabako Foru Diputazioa, Gasteizko Udala, Gasteizko Gotzain barrutia, Santa Maria Katedraleko Fundazioa, Farolen Kofradia, Zientzia Naturalen Museoa, Arkeologia Museoa, Heraclio Fournier Karta Museoa.
Sarrerak Online
Denda Online