Juan Redón Bilduma

Hasiera: Ostirala, 20 Iraila 2002

Amaiera: Igandea, 24 Azaroa 2002

Lekua: Ekialde Goikoa aretoa

Erakusketa honetan Juan Redón bildumagileak duela gutxi ARTIUMi utzi dion arte-gordailua erakusten da, bere bilduma pribatuko funtsetatik hautaturiko sorta batez osatua. 63 alek osatzen dute guztira gordailu hori, zehazki, 58 argazkik, bi pinturak, bi instalaziok eta obra grafiko batek.

Liburuxka (pdf)

Erakusketa honetan Juan Redón bildumagileak duela gutxi ARTIUMi utzi dion arte-gordailua erakusten da, bere bilduma pribatuko funtsetatik hautaturiko sorta batez osatua. 63 alek osatzen dute guztira gordailu hori, zehazki, 58 argazkik, bi pinturak, bi instalaziok eta obra grafiko batek.
Juan Redón, Bartzelonan bizi den arkitekto valentziarra, 1994. urtean hasi zen bere bilduma osatzen Juan Pablo Ballester artistaren lan bat erosiz. Harrezkero azken hamarkadako argazki-lanak erosi ditu nagusiki, hala bertako artistenak –Txomin Badiola, Alberto García-Alix edota Carlos Pazosenak, esate baterako–, nola kanpokoenak –Pierre Gonnord, Robert Gligorov, Erwin Olaf edota Edward Lucie-Smith-enak, besteak beste.
Juan Redón bilduma, ausarta eta probokatzailea da eta eduki homo-erotiko handia du. Lan guztietan nabaria da erretratuaren, gizonezko biluzien, edota nortasunari eta sexu-joerari buruzko gogoetaren inguruko interesa. Bildumaren tonu urratzailea aldatuz joan da denboraren poderioz eta sendoago bihurtuz; bildumagileak berak dioen bezala, azken finean “bilduma proiektu intelektual gisa ulertu behar da, eta bere helburua mundua artisten ikuspegiaren bidez azaltzea da, baina bildumagilearen begiradaren arabera berrantolatua eta berregituratua”.
Gordailuan utzitako funtsen artetik, Bartzelonan bizi den Juan Pablo Ballester artista kubatarraren zortzi pieza daude erakusketan; artista honek En ningun lugar (“Inon ez”) izeneko argazkietan, barrualde edo kanpoalde ezagutezinetan kokaturik, ikusleari begirada zorrotza zuzentzen dieten gazte latinoamerikarrak edota emigranteen seme-alabak aurkezten ditu; ikusgai daude, era berean, Alaskaren zuri-beltzeko erretratu bat eta 1999ko Argazki Sari Nazionala jaso zuen Alberto García-Alix-ek egindako zenbait antzezle pornoren erretratuak.
Alex Francés-en bi lanetan ikus daiteke nola artista honek giza gorputza bere forma funtsezkoenetan erabiltzen duen, zentzu estetiko handiz, ikusleak gizakiaren barne gatazka eta borrokei buruzko gogoeta egin dezan. “Drag king” munduaren erretratugile den Del Lagrace Vocano artista kaliforniarraren lan polemikoak, berriz, transexual emeak biltzen ditu, arren atributu prototipikoen inguruko ironia egiten duen ar-tasun bat erakusten dutenak. Martin Parr artista britainiarra 1999an 43 toki desberdinetan aurkeztu zen Common Sense izeneko serieko hamasei pieza koloretsuren bidez dago ordezturik. Zabor-janariaren eta jostailu merkeen argazkiek gaur egungo gizartearen kontsumismo neurriz gainekoari egiten diote erreferentzia. Beste hamabost artistaren lanek osatzen dute erakusketa.

Ikusgai dauden artistak:
Txomin Badiola
Edward Lucie-Smith
Juan Pablo Ballester
Jake & Dinos Chapman
Equipo Límite
Alex Francés
Rafa Garay,
Alberto García-Alix
Robert Gliglorov
Pierre Gonnord
Del Lagrace Volcano
Angel Marcos
Santos Montes
Edwin Olaf
Carlos Pazos
Alberto Peral
Miguel Rio Branco
Joan Morey
Eugenio Vizuete
Martín Parr

Zer da arte-gordailu bat?
Museo batek artelanak erosiz eta/edo artelanak emariz jasoz haz dezake bere bilduma, baina baita artelanak dituzten bildumagile pribatuek edota erakundeek aldi baterako edota betiko utzitako gordailuen bidez ere, arrazoi bategatik zein bestegatik uste izanik artelan horiek museoan egonda funtzio sozial jasoagoa bete dezaketela pribatutasunaren eremuan edukita baino. Jakina, museoak ere uste izan behar du lan horiek gordailuz izanez hobeki betetzen dituela bere helburu artistikoak eta sozialak.
Gordailugilea eta museoa adostasun batera iristen direnean, gordailuz utzitako lana bere bildumako beste pieza bat balitz bezala gorde eta zaintzeko erantzukizuna hartzen du bere gain museoak. Artelanak museora iristen direnean, katalogatu egiten dira eta berriztatu ere bai, behar izanez gero. Une horretatik aurrera museoan bertako aretoetan erakus daitezke, eta baita beste erakunde batzuei mailegatu ere, gordailugileak eragozpenik jartzen ez baldin badu. Gordailua aldi baterako edo betiko izan daiteke, alde bien interesen arabera. Juan Redónen bildumaren multzo esanguratsu hau berritu daitekeen bost urteko aldi baterako utzi zaio gordailuz Arabako ARTIUMi.
Duela gutxi, museoak beste gordailu bat jaso du, 30 lan baino gehiago biltzen dituen multzoa, Rafael Zabaleta Jaengo artistaren familiakoekin izenpetutako hitzarmenaren bidez.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand