Mitsuo Miura: Lan grafikoak eta anizkunak

Hasiera: Asteartea, 20 Abuztua 2002

Amaiera: Osteguna, 24 Urria 2002

Mitsuo Miura hemezortzi urte zituela Espainian behin betiko finkatu zen arren, bere lanari emozio bizia eta delikatua dario ekialdeko artelanen erara.

ARTISTA:

Iwate-n (Japonian) jaio zen1946an.
1966an Espainiara etorri zen Arte Ederretako ikasketekin jarraitzeko; harrezkero, hemen bizi da eta hemen garatu du bere ibilbide artistiko osoa. Bere karreran zehar, Miurak era askotako bitartekoak erabiliz lan egin du: naturarekiko esku-hartzeak, pintura, grabatua, argazkiak, istalazioak eta eskultura egin ditu, esate baterako. Cuenca, Bustarviejo, Almeria eta Madril dira artista honen lanean erreferentziagune nagusiak.
1970eko hamarkadan espresionismo abstraktu amerikarraren eragina nabari zaio, Mitsuo Miura Cuencan bizi den garaiko hastapen-lanetan. Gero, Madrileko mendilerroan dagoen Bustarviejora joango da, eta aldi horretan irudi geometriko finak nagusi diren marrazkiek eta grabatuek osatuko dute bere ekoizpen artistikoa. Une horretan hasiko da, gainera, zurez egindako eskulturaren eta objektuen ingurukoak aztertzen.
1978an Genoarren hondartza aurkituko du Almerian, eta han lan egingo du zenbait udaz. Ezinbesteko erreferentziagunea da Miuraren lanaz hitz egiterakoan, argazki-serie multzo bat landu zuen bertan, non paisaiaren eta argiaren, denboraren iraganaren eta egunerokotasunaren esperientzia irudikatzen baitu.
1980ko hamarkadaren erdi aldera burutu eta Madrileko Estampa galerian eta Gasteizko Trayecto galerian 1990an erakutsi zen 120º Genoarren Hondartzan izango da esperientzia horren gailurra. 1980ko hamarkadaren erdi aldetik aurrera hasiko da, hain zuzen ere, aldi berri bat bere margolaritzan, eta naturaren behaketa izango da bere lanaren gai nagusietako bat. Aldi horretan japoniar estetikaren fintasuna iradokitzen dizkiguten tonu leunak, masa abstraktuak eta geometria kolorebakarrak izango dira nagusi. Gero, 1990eko hamarkadaren erdi aldera gaiz aldatuko du berriro. Hiriaren eta hiriko paisaiaren behaketa izango da bere margolaritzako irudigaien inspirazio-iturri. Kaleko publizitatea, hiriko argiak, jendearen estresa eta lehia islatzen dira collage eta margolanetan, dinamismo eta indar handia duten eta askotan gainjarririk agertzen diren ertz zorrozdun formen bidez.
Erakunde garrantzitsuen bildumetan aurki daitezke bere lanak, esate baterako, Madrileko Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía-n, Las Palmaseko Centro Atlántico de Arte Moderno-n, Fundación Juan March-en, Bartzelonako Colección la Caixa-n, Colección Banco de España-n, Colección Telefónica-n, eta abar.
Arabako ARTIUMek erakusketa honetan ikusgai dauden edizioak eta horien aurreko beste edizio batzuk eta lan originalak (pinturak eta argazkiak) ditu bere funtsean.

LANA:

Mitsuo Miura hemezortzi urte zituela Espainian behin betiko finkatu zen arren, bere lanari emozio bizia eta delikatua dario ekialdeko artelanen erara. Berak dioen bezala, ezin eragotzi du bere lan artistikoak japoniako kulturak berezkoa duen izaera sakonez kutsa daitezen. Mendebaldeko artea ikusi zuen lehen aldiz izan zuen sentsazioa, opakotasunarena, materiarena, olioarena (olio-pinturarena) izan zen Japoniako gardentasunaren, arintasunaren eta uraren tradizioaren aldean.
Miura, bere lanetan, emozioen muina adierazten saiatzen da, eta horretarako ikus-oroimenaren lanabesak erabiltzen ditu soilik: kolorea, forma eta mugimendua, mendebaldeko kulturak hain gogokoak dituen kontrasteak, estridentziak eta efektuak orekaz saihesten dituela.

TEKNIKA:


Lan grafikoak eta anizkunak, lan original bat aldi-kopuru jakin batean leialtasunez berregiten duten teknika multzoa dira. Teknika horiek ugariak dira, bai tradiziozkoak -grabatua, serigrafia eta litografia, esate baterako-, eta bai teknologia edota prozesu industrialak darabilzkien gaur egungoak ere. Guri dagokigun kasuan, Mitsuo Miurak grabatuen, serigrafien eta anizkunen (objektu, mihiztadura edota eskulturen instalazioak, zeinetarik aurretiaz finkatutako kopuru jakin bat ekoizten baita) edizioak aurkezten dizkigu.
Lanen etiketetan zehazten dira edizio bakoitzaren xehetasunak eta teknika.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand