Praxis programaren argibide gehiago
Munduaren hondamen amaigabea eraikiz proiektuak oroimenaren ideiari heltzen dio mundu birtualaren barruan, esparru ikusezin horretan dituen sortzeko sistema berriak –gizarte esparru garaikidearen espazioa konkistatuz ari dena–, zalantzan jarriz.
Proiektu honen abiapuntua Victor Burgin-en Memory Culture and the Contemporary City liburuko «Sonnen-Insulaner: On a Berlin Island of Memory» saiakera da. Argitalpen horretan hiri-oroimenari eta hiri garaikidean eta honen ekinez arkitektura, artea eta monumentuak oinarri hartuz oroimenaren kultura bat nola sortzen ari den gaia jorratzen dute zenbait egilek. Burginen abiapuntua Didi-Hubermanek Roland Barthesen teoriaz egindako analisia da, argazkiek zerbait bizirik mantentzeko duen gaitasunari buruz, eta imago (irudi) eta vestigium (aztarna, arrasto, hondakin) kontzeptuak bereizten ditu nola ikus daitekeen munduak galdutako antzekotasun baten arrastoa daraman azaldu ahal izateko. Aurrerago, Jasper Johns margolari amerikarrak adierazitako nahia aipatzen du, gauzen galeraz, suntsipenaz eta desagertzeaz arituko llitzatekeen objektu bat egiteari dagokionez. Burginek objektu hori argazkiarekin lotzen du, irudi gisa munduaren aurreko egoera baten aztarna baita, gauzak nolakoak ziren erakusten duen arrastoa, eta ondorioztatzen du argazki guztiak batera jarrita munduaren hondakinak direla.
Juanli Carriónek nonahikotasun kontzeptuarekin jolastuz espazio ikusezina edo espazio birtuala bi tokitatik gauzatzen saiatuko da: Vitoria-Gasteiztik Espainian, eta Nueva Yorketik, Estatu Batuetan. Horretarako, eta abiapuntu gisa, hiru toki horietan hitz egiten diren hizkuntzetan hondamen/hondakin hitzari lotutako irudiak bilatuko ditu Googlen: euskaraz (hondamen/hondakin), ingelesez (ruin) eta gaztelaniaz (ruina).
Prozesuari ekiteko Google bilatzaileak ikusten uzten dituen irudien bilduma bat egingo da, eta horietatik abiatuz, artista munduaren «hondamen» posibleetako bat osatzen saiatuko da, aurkitutako irudietan oinarrituz.
Carrión ARTIUMeko erakusketa aretoan egongo da proiektuak dirauen artean, batzuetan gorputzez eta beste batzuetan birtualki, artista New Yorkeko Abrons Arts Center-en proiektua egiten ari dela irudiak zuzenean igorriz. Sortutako irudietan oinarrituz, bi erakusketa guneetan argazki sorta bat eta eskultura bat «eraikiz» joango da, eta horrela performancea, net-art, ikus-entzunezkoak, argazkia eta eskultura elkartuko dituen proiektu bat osatuko du.
Carriónek oroimenaren gaia jorratuko du mundu birtualean, eta baita oroitzapenen kontzeptu aldakorra ere.
Webcam direlakoak eta Internet erabiliz, informazioa kontrolatuz, eta proiektuaren funtsezko elementuetako gisa behaketa dela, Carriónek zaintzaren estetikarekiko lotura egiten du, genero horrek aldaera ugari garatu baititu hirurogeita hamarretan sortu zenetik, Foucaultek behaketari buruz egin zuen analisi politikoan (ik. Surveiller et Punir: Naissance de la prison) eskaini zion arretaren ondorioz, bereziki. Foucaulten ustez ez gaude Guy Debordek iragarri zuen ikuskizunaren gizartean, zaintzarenean baizik. Gure hau zaintzaren genero askoz urrunago eta abstraktuagoa izango litzateke, eta osagai politikoa ez litzateke behaketaren jardunean egongo, artistak kameraren beste aldean dagien lanaren edukian baizik.
Munduaren hondamen amaigabea eraikiz proiektuan, Carrión aro birtualaren eraginez gertatzen ari den oroimen kontzeptuaren aldaketaz mintzo da, baina baita boterearen antolakuntza eta mendekotasunaren eraginez ere, irudia haren mende egoten jarraitzen baitu ciberespacio delakoan hizkuntzaren, kokagunearen eta are politikaren bidez. Era berean, askotan, esperientzia birtuala irudira mugatzen da, eta horri jarri dio arreta proiektuak.
Sarea betetzen duten irudiak gero eta gobernu, enpresa eta norbanakoek ezarritako premisa, arau eta mugen mendeago daude. Eremu publiko birtualean mundua eratzen duten irudien sorta «kolektibo» landua geratzen zaigu. Irudi horietatik asko ikus daitezke, ez ordea «erabili», beren gainean jabetza eskubide bat baitago, eta horrek irudikatzen duten espazioa menderatzea mugatzen digu, baina haren irudira iristeko bidea ematen digu une jakin batean.
Bestalde, irudiak ere katalogatu eta egituratzeko giza beharraren biktima ere badira, mundu birtualean ere gertatzen baita hori gure irudiak «antolatzeko» erabiltzen ditugun tag edo etiketen bidez. Etiketa horiek ongi argitzen dituzte tresna hegemonikoak eta agerian uzten dituzte informazioa bideratzen eta kontrolatzen duten botere egiturak.
Google munduko erabiltzaileen %70ak Interneten bilatzen hasten diren lehioa da (AEBetan %81, Britainia Handian %90, Australian % 93, Frantzian % 90, Alemanian % 9%, Espainian % 93, Googleren beraren merkatu azterketa baten arabera)
Horrela Juanli Carriónek esaten diguna da Google erraldoia eta haren bilaketa algoritmo ospetsua direla, gaur egun, talde iruditeria finkatzen duena. Sortu zenean informazioa bilatzeko helburu erabilgarri eta praktikoa zuen, baina denbora igaro ahala beste interes batzuek kutsatu dute, komertzialek batik bat, Googleren esanetan xedea erabiltzaileei emaitzetan kalitate handiagoa eksaintzea bada ere. Nolanahi dela ere, horrek eragin zuzena du bilatzailearen erabilera ez-komertzialetan eta barruko memoriak duen funtzionatzeko eran. Gaur egun sarean dagoen Lady bakarra Ledy Gaga da, eta ez Lady garrantzitsuagorik egon ez delako.
Googleren argudioa da uste osoa duela erabiltzailearengan eta honen pentsaera kritikoan bere bilaketa iragazteko orduan. Guztiz zalantzagarria gertatzen den neutraltasun baieztapena.
Bilaketarako algoritmo horrek oinarri sendoa du lokalizazioan eta erabiltzailean berean. Hau da, emaitzen agerpen hurrenkera desberdina da erabiltzaile bakoitzarentzat, baita horiek gela berean badaude ere, Googlek bilaketa egiten den ordenagailuaren IP delakoaren bilaketa-historia ere kontuan izaten baitu. Non dago hemen neutraltasuna?
Baina ez da emaitzen agerpen hurrenkeraren kontua baizik, emaitza horietatik zenbat ikus ditzakegun baizik. Izan ere, Googlek gero eta gehiago murrizten ditu ikus daitezkeen emaitzak, bilaketak «erabilgarriago» egiteko, hala diote behintzat. Bilaketa batek milioika emaitza eskaintzen dizkigu, baina horien sorta bat baizik ezin ikus dezakegu, gure bilaketaren emaitzen artean garrantzitsuenak direla iritziz aurretik hartu den erabaki baten arabera. Zehazki, Googlek ezarri duen muga 1000 sarreratara murrizten da.
Gauzak horrela, Internet gero eta gutxiago da hasieran esan ohi zen eremu publikoa, norbanako eta talde batzuek eta besteek askatasunez adierazteko aukera izango zuten toki benetan publikoa, mundu birtuala milieu de mémoire bihurtuko zuena. Gure oroitzapenen gauzatzea locus birtual batean suntsitzen dira, zeinari agian egokia litzatekeen non-lieu de mémoire esatea. Gu desagertu ondoren berritzen den eta gure gainean berridazten duen sistema askoz ekologikoagoa, dudarik gabe.
Praxis. Juanli Carrión. Munduaren hondamen amaigabea eraikiz
Proiektuaren iraupena: 2011ko azaroaren 4tik 2012ko otsailaren 18ra
Juanli Carriónek
Abrons Arts Center erakusketa gunean lan egingo du www.abronsartscenter.org
2011ko azaroaren 4tik abenduaren 8ra Parts and Labor erakusketa landuz.
Asteartetik igandera 10:00etatik – 14:00etara New Yorkeko ordutegian (Vitoria-Gasteizko 16:00etatik 20:00etara)
Artistaren harrera Abrons Art Center-en:2011ko azaroaren 4an, 18:00etatik 20:00etara.
ARTIUM erakusketa gunean lan egingo du www.artium.eus
2011ko abenduaren 13tik 2012ko urtarrilaren 14ra.
Asteartetik igandera, 16:00etatik 20:00etara (10:00etatik – 14:00etara New Yorkeko ordutegian)
Ekoizlea: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz) Abrons Art Center-en laguntzarekin eta Recess-en babesarekin
Komisarioa: Blanca de la Torre
Laguntzailea: Abrons Art Center. Babeslea: Recess
Sarrerak Online
Denda Online