Regina José Galindo. Oilo ipurdia

Hasiera: Ostirala, 2012(e)ko Urtarrilaren 27a

Amaiera: Asteartea, 2012(e)ko Maiatzaren 01a

Lekua: Iparra aretoa

Regina José Galindo poeta gisa abiatu zen artearen munduan, eta 1999 urtea arte ez zen bere gorputzarekin lanean hasi, modu zuzenago batean.

Liburuxka Prentsa oharra
Katalogoa: Blanca de la Torre Katalogoa: Maite Garbayo
Katalogoa: Sayuri Guzmán Katalogoa: Omar Pascual

Regina José Galindo (1974, Guatemala Hiria) poeta gisa abiatu zen artearen munduan, eta 1999 urtea arte ez zen bere gorputzarekin lanean hasi, modu zuzenago batean, adierazpide nagusi gisa performancea hautatuz. Bere lanek egungo gizartearen arazoetan sarrarazten gaituzte, errealitate gordin batean, bere gorputzaren kontakizunaren bidez, era berean gordinak, muturrekoak eta sinbolismoz beteak eta ikusleei gogoeta eginarazteko abiapuntu diren ekintza sorta baten bidez.

Bere ekintzak eragin asaldatzaile bortitza dute ikusleengan, eta inpaktua ukaezina da. Baina aldi berean erritu pertsonalak, elegiak, gizarte errealitate jakin baten, gehiegikeria baten, bidegabekeria baten biktima den gizatalde bati egindako omenaldiak ere badira. Bere hitzetan, Reginak beste gorputz batzuen islada izateko darabil bere gorputza. Oilo ipurdia kanpoko eragingarrien –esate baterako hotza– edota barrukoen –esate baterako emozioa– ondorioz sortzen den adierazpen bat da, hau da, musculus erector pili delakoa, «gihar ile lazgarria» ere esaten zaiona, uzkurtu eta ilea laztu egiten du. Izenburu honek artistaren lanek eragindako emozioaren literaltasunera garamatza, baina baita azalera ere, haren lanak duen materiazkotasunera eta gizatiartasunera.

Audiogida

Oilo ipurdia gorputzean barrena egindako bidaia da, bost aretotan zehar giltzatzen den bidaia, ikuslearen musculus erector pili delakoa esnatuz. Lehendabiziko esparrua mintzaerari dagokio, hitza lanaren protagonista bihurtzen duen gogoetabide bati. Abiapuntua 1999ko Lo voy a gritar al viento ekintza da, zeinetarako artista Guatemala Hiriko zubi batetik zintzilikatu baitzen bere poemak jendeari oihukatzeko.

Hurrengoa metafora nagusi den esparru bat da, Reginaren alde poetikoena agerian uzten duena. Hemen, artistaren gorputza bitan banatzen da lan sorta batean, bestearen azalean, sufritzen duenaren, bidegabekeriaren mende dagoenaren azalean sartzen den halako alter ego bat eratuz. Atal honetan performancearen esparruan garrantzitsuak diren kontzeptuak agertzen dira, esate baterako, malenkonia: nortasunaren, malenkoniaren, errepikatzearen eta performancearen arteko lotura.

Hurrengo esparruan Regina haragikoiena edota, hobeto esanda, gordinena aurkituko dugu. Bertako lanek islatzen duten torturaren fisikotasunaren bidez norbere heriotzaren trauma etorriko zaigu gogora, besteen heriotzarekin loturik. Erdiko espazioaren gaia trauma historiko batzuk gainditzea da, Veneziako Biurtekoaren inguruko alegiazko berregite batetik abiaturik. Galindo lau aldiz hautatu dute bere lana han erakusteko, eta Urrezko Lehoi ospetsua jaso du bere lanagatik. Lehoi horren erreprodukzio batek, geroago egina, egituratzen du aretoa, erdian kokaturik. Gune honetan Biurteko horretan parte hartzeak dakartzan kontuak eta gaiak planteatzen dira, esate baterako, artista batek horrelako gertakizunetan parte hartzeak bere ibilbidean eragiten duen aldaketa sakona, edota horrek ondorioz dakartzan kontraesanak.

Azkenik, azkeneko esparrua «transmisio» kontzeptuaren inguruan giltzaturik dago, ekintzaren parte bat «bestea»-rengan kokatzean, «beste» hori eragile aktibo gisa, nahiz ekintza zuzenean jasotzen duen hartzaile gisa, nahiz gertakizunaren pertsonaietariko baten gisa –gertakizuna ekintza artistiko gisa ulertuz–, edota eragile gisa, zeina gabe ekintza hori bizirik gabe geratuko litzatekeen. Hemen kokatzen da erakusketari izena ematen dion Oilo ipurdia performancea ere. Inaugurazioak dirauen artean artista hil-hozkailu baten barruan egongo da, eta ikusleek noiznahi zabaldu ahal izango dute atea, hotzaren eraginez haren azalaren itxura nola aldatzen den ikusteko. Ekintza hau filmatu egingo da eta argitaratu ondoren erakusketa osatuko duen beste pieza bat izango da.

Regina José Galindo. Oilo ipurdia
Iparra aretoan, 2012ko urtarrilaren 27tik maiatzaren 1era.
Komisarioa: Blanca de la Torre.
Erakusketaren katalogoa, ARTIUMek argitaratua. Testuen egileak: Maite Garbayo, Omar Pascual eta Sayuri Guzmán.
Inaugurazioa: urtarrilaren 27an, ostirala, 20.00etan.
Regina José Galindoren performancea (Oilo ipurdia): urtarrilaren 27an, ostirala, 20.00etan.
Regina José Galindoren eta Blanca de la Torre arteko elkarrizketa: urtarrilaren 28an, larunbata, 12.30ean.

Ekoizleak: ARTIUM (Vitoria-Gasteiz), TEA (Santa Cruz de Tenerife) eta CAAM (Las Palmas de Gran Canaria).

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand