Liburuxka
Aballí lantegian (bideoa) www.ignasiaballi.net
Izenburuak —This Is Not The End («hau ez da bukaera»)— Ignasi Aballíren (Bartzelona, 1958) erakusketaren izaera igarokorra adierazten du, eta atzerabegirako inbentariorik ez egiteko asmoa. Erakusketan artistak azken aldian egin dituen lanak eta azken hamar urteetan egindakoen sorta bat bildu dira, artistaren interes berezien berri ematen dutenak (zinema, literatura, kolorea, eta abar). Lurrazpian legokeen labirinto isil baten erako ibilbide batean aztarna multzo gisa banatu dira erakusketa aretoan, eta mundu itxi eta finko bat eratu arren, erakusketa egin den gunearen baldintzan dituzten behin eta berriz aipagai: tenperatura aldaketa ia hautemanezinak, ezinbestean pausatzen den hautsa eta denboraren iragana ikusarazten duten eguneroko beste zenbait gertakizun.
This Is Not The End erakusketak esperientzia bat proposatzen dio, batez ere, ikusleari, itxuraz harago begiratzekoa, «lerro artean» irakurtzekoa, urrutirago bilatzekoa: hutsik dagoela dirudiena presentzia baten arrastoek markatuta dago, hilik dagoela dirudiena bizirik dago, errepikatzen dela dirudiena etengabe aldatzen da. Beraz, Ignasi Aballíren lanak ikusezina dena izendatzen du sarritan eta, gure eguneroko ingurua osatzen duten gauza, solas eta irudien artean, haien erabilera eta eginkizuna gainditu eta beren material tasunean ikusarazten dizkigu eta, harago, beren ukiezintasunean. Une horretatik aurrera, beti gardena iruditu zaiguna arretu eta opaku bihurtzen da, edota bere irudia islatzen du. Hortik dator Aballíren lanek gehienetan eragiten duten txundidura: hurbilena, ohikoena, «infra arrunt»-ena, Georges Perec-en esapidea gogoratuz, ez da, gehienetan, ikusten ez dakiguna baizik. Aballík testu baten lerroen arteko hutsuneari, edota laino itsu batek erabat estaltzen duen paisaiari argazkia ateratzen dionean, gure zentzumenak atzipetzen ditu. Hutsik dauden azalerak erakusten ditu, itxuraz ulertezinak, eta aldi berean ikusleari eremuz kanpoko bat proposatzen dio, irudimena proiektatzeko azalera bat, John Cagek Robert Rauschenberg-en margolan zuri kolorebakarretan «argiarentzako, itzalentzako, partikulentzako aireportuak» ikusten zituen eran. Jakintsuak hatzaz ilargia erakusten duenean ergelak hatzari begiratzen diola dioen esaera zaharrak hemen du bere kontrapuntua. Izan ere, Ignasi Aballík hala ilargiari nola hura erakusten duen hatzari begiratzeko gonbidapena luzatzen du mugimendu bakarrean. Horrela, esate baterako, erakusketarako egin duen pelikuletako baten hasieran —zinemako pelikkula bat proiektatu bitartean— proiekzio tresnaren aldera itzultzen du kamera, pantailarantz zuzendu beharrean. Esperientzia materiala da (mekanika bat agerian uztea) eta pertzepziozkoa (ikusizko lilura) da aldi berean, eta ez dago besteari nagusitzen zaionik. Begiaren eta espirituaren artean, Ignasi Aballíren lanak ez dio bien artean zein den hatza, ezta ilargia zein den ere.
Babesleak: