Haritik tiraka. ARTIUM Bilduma

Hasiera: Ostirala, 05 Urria 2012

Amaiera: Igandea, 03 Otsaila 2013

Lekua: Iparra, Hegoa eta Ekialde-Behekoa aretoak

ARTIUM Bildumaren hiru erakusketa: gizartea, gizakia eta arteari buruzko artea.

Liburuxka

Haritik tiraka ARTIUM Bildumaren proiektu anizkuna da, Museoak bere inaugurazioaren 10. urteurrena ospatzeko antolatu duena. Ia lau hamarraldiko ibilbidearekin, Bildumak gure inguru hurbileko esparru kulturalaren begirada plurala eratu du, gerra zibilaren aurreko abangoardietatik hasi eta gaur eguneraino. Espainian eta, Bereziki, Euskal Herrian eta Araban sortutako proposamen artistikoak izan dira urte horietan Arabako Foru Aldundiak 70etako hamarkadan hasitako bilduma garaikidearen xede nagusia. Horri azken hamarraldian iritsi zaizkigun nazioarteko artelanen gordailu ugariak gehitu behar zaizkio, eta ondare horrek errealitae artistiko garaikide konplexuaren irakurketa koherentea egiteko bidea ematen digu, modernotasunetik hasi eta gaurko egunera arte. Izan ere, zer dute elkarrekin 3 000 baino gehiago diren objektu hauek, elkarren artean hain desberdinak, hain konplexuak, batzuetan zaurtzaileak, ironikoak; beste batzuk itxuraz mutuak, edota karrankariak...? Estetikaren, gizarte zientzien edota filosofiaren abiapuntutik, baina batez ere artearen esparrutik, taxututako teoriak galdera horri erantzun bat ematen saiatu dira. Haritik tiraka erakusketak, elkarrekin lotutako beste hiru erakusketek osatua, prozesu artistikoaren, artearen xedea den harekiko hurbilketa anitza planteatzen digu.

Tesi bat da erakusketaren abiapuntua, hain zuzen ere, artearen baitako solasak hiru norabidetako helburuak dituela, azken batean, jarduera artistikoen konplexutasuna biltzen dutenak.

Lehenik eta behin, mundua, kanpoko eremuak hizpide dituena, politikazkoa eta gizartezkoa behin betiko mugatzen gaituen agertoki batean jarduten dutela eta artea kritikoki adierazten den eremua. Atrakzioen muntaketa erakusketak arazo eta gai horiek izango ditu aipagai.

Bigarrenean, jarduera horiek barrurantz biltzen dira, geure buruari buruz behin eta berriz egiten dizkiogun galderei —itomenetik eta azalpenen baten bila, edota transzendentziaren bidetik joz— era askotara erantzuten saiatzen den introspekzio baten ildotik. Erraiezko arima kontu horietatik sortzen den erakusketa da.

Azkenik, aztertuko den hirugarren adarra arteaz ari den artearena da. Artearen historian zehar hain ugaria izan den autoerreferentzialtasun horrek, bere burua zuritzeko gogoari ematen dio bide, artea izatearen beraren konplexutasuna eraikitzen eta giltzatzen duten teoriaren eta filosofiaren premisak plantetzeari. Ispilu irudia erakusketaren bidez gorabehera horiek aztertu nahi dira.

Lehen ere esan dugun bezala, lehen hurbilketa Iparra aretoan aurkezten da, Atrakzioen muntaketa izenburupean. Zinema da proiektu honen erreferentzia, eta erakusketen eta pelikulen muntaketen artean parekotasun bat finkatuz ARTIUM Bildumaren alderdi sozio-politikoa aztertzea da xedea —azterketa partzial eta berariaz subjektiboa eginez—, horrek berekin ekar ditzakeen kontraesan eta konplexutasunekin. Abiapuntua, mikropolitiken ikuspuntua da beti, estetikaren azterketa egiteko ingurune egoki bat sortzeko xedez.

Bestalde, Erraiezko arima pertsonaren barruranzko bidaia da, gure izaeraren esparru ilun eta urratzailera, gizakiaren desoseguari, nahiei, larritasunei eta ahalbideei irudi bat emanez geure burua hobeto ezagutzeko, Museoko Ekialde-Behekoa aretoan planteatutako proposamenaren elementu nagusietako bat introspekzioa da, egiuneetatik eta gizarte-itunetatik harago dagoena —irrigarria, moralgabea edota arauz kanpokoa delako bazterturik geratu dena— arakatzeko.

Eta azkenik, Museoaren Hegoa aretoko Ispilu irudia erakusketan arteak bere burua analizatzeko duen beharra da hizpide, autoerregulatzeko, ezagutzeko eta erreferentzia izateko ahalegin batean. Artearen autonomiaren kontzeptua, artea arteagatik, estetika idealistatik abiaturik sortu zena, artearen oinarrietako bat izan da modernotasunaren garaian, eta gaur egun oraindik indartsu jarraitzen du. Arteak bere historiaz, artistaren rolaz, bere testuinguruaz eta funtzioez dagien disekzio ariketaren oihartzuna jasotzen du erakusketak.

Hirurak Jorge Oteizaren lan berbera dute abiapuntu: Homenaje a Velázquez, oriotar artistaren garapen estetikoari amaiera ematen dion pieza, «asmo esperimentala»-ren gailurra, hutsaren eta materiaren arteko —sakratuaren eta gizatiarraren eremua— harremanaren azterketa. Eskultura hau jardun artistikoaren eta gero eta kontzeptualagoa den prozesu baten (estetikaren eta hizkuntzaren ikerketa, konpromiso humanista, inguru hurbilean zituen inplikazio sozialak eta politikoak) garapenaren arteko gontz baten gisakoa da. Nafarroako Altzuzan dagoen Jorge Oteiza Fundazioak proiektu honetan parte hartu du, eskultura horren bi estudio mailegatuz. 1984an artistari erositakoarekin batera, artelan berbera hiru aretoetan erakusteko aukera dugu, paradoxikoki. Jatorri berbera eta hiru ibilbide desberdin, ARTIUM Bildumaren bidez arte garaikidearen irudi global eta osoa emateko.

Babesleak:


Elkarlaneko proiektua
Interesgarria iruditzen bazaizu, egin click irudian

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand