Grey Flag artearen beharra erakusteko derrigortasunetik sortu da, eta baita gizarteari hura eskaintzeko dugun konpromiso eta betebeharra erakusteko ere. Artea gizarte baten zibilizazio eta kultura mailaren termometro gisa ikusi behar dugu, eta artista homo politikon gisa, harreman eta ekoizkin sare baten sortzaile gisa, artelanaren balio estetikoetan barneratzen diren balioen sortzaile gisa.
Proiektu honek kartel-pankarta sorta bat biltzen du, hainbat artistari egiteko eskatu zaienak. Guztiek artearen mundua, ideiak eta egoerak izango dituzte aipagai, umorez, ironiaz eta sarkasmoz erabiliak.
Proiektuaren izenburuaren jatorria, Grey Flag, britainiar egunkari anarkistaren izenaren (Black Flag) eta borrokan etsitzearen seinale den bandera zuriaren (white flag) nahasketa da. Horrekin anarkisten jarrera eta estetika berreskuratzea eta kolore grisaren ñabardura guztiak ikusteko beharra lotuz, egungo krisialdi ekonomiko, politiko eta moralaren aurrean, batik bat. Formak ere bere garrantzia du, bandera edo estandarte izango diren pankarta erraldoi sorta bat egingo baita, Museoaren bulegoak dauden eraikinaren bi muturretan zintzilikatuko direnak.
Grey Flag programako afixa-pankartak, 100na metro karratuko azalerakoak, ARTIUM eraikinaren ekialdeko hegaleko fatxadaren bi muturretan daude zintzilikaturik. Bi pankarta daude aldi berean ikusgai.
Komisarioa: Blanca de la Torre
Babeslea: Mario Legorburu
Kepa Garraza (Berango, 1979). Sin título 1 (Artearen beharra)
Bere margolanetan nahitako literaltasuna darabil artearen munduari eta honek gizartean duen eginkizunari buruz gogoeta eginarazteko. Hurbiltasun sendo batetik abiaturik, metahizkuntza darabil erakundeen legezkotze prozesuak zalantzan jartzeko, eta haien mintzaldi hegemonikoez eta —etengabeko krisian sartuta dagoen gizarte baten egoera islatzen duen— egituren hauskortasunaz ironiaz aritzeko.
Bestearenaz jabetzea, autoerretratua eta klixea (oraingo honetan artista bera hutsik dagoen lauki baten aurrean museo baten aretoa dirudien toki batean) erabiliz, artelanaren izaera ikonikoaren eta fetixe bihurtzearen inguruan ironizatzen du, eta baita «gustu» ofiziala eratzeko mekanismoen inguruan ere.
Juan Pérez Agirregoikoa (Donostia, 1963). Berriz heztea
Errealitatea eta honek kuturaren baliabideen bidez eszenaratzeko dituen bideak etengabe zalantzan jartzearen inguruan antolatzen da bere lana eta horien irakurketa anitzak, testua protagonista dela, irudikapenaren ironia areagotzen du.
Oraingo honetan txakur harrapari baten bidez eratu du eszena. Haren jarrera hotsandikoa da, animalien artean esanekoen eta otzanena dela erakutsiz. Lepokoan «berriz hezitzea» hitzak irakur daitezke. Atze oihal gisa, jaietakoen erako banderatxoak daude, eta adigai bera errepikatzen dute euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez (berriz hezi, reeducación, reeducation). Kontzeptu horrek, Txinako biztanle guztiak berriz hezitzeko xedea izan zuen Kultur Iraultza gogorarazten du. Berriz hezitzearen estandartea aurretik zuela, Maok milioika tituludun bidali zituen landara, nekazariengandik ikastera, aurrerantzean haiek izango baitziren herriari irakasteko eginkizuna izango zutenak.
Atzeko berbena giroak halako kutsu ludikoa ematen dio eszenari eta, aldi berean, ondare sozio-kultural batzuk baztertu eta etengabeko berriz-hezitze prozesuan egoteko beharra nabarmentzen du.
Laurina Paperina (Rovereto, Italia,1980). Art Is Dead
Makabrotasunetik hurbil dagoen umore garratza da, halako osagai naif batek ñabartua, Laurina Paperinaren lanaren ezaugarri nagusia. Bere lanen protagonistak herri kulturako pertsonaiak dira, telebistatik, zinematik, musikatik eta, bereziki, artearen mundutik hartuak, era askotako euskarritan —kartoia, zura, oihala, papera eta animazioko bideoak— fikzioak garatzen dituztenak.
Artistak ironia handiz irudikatzen du artearen mundua, haren kodeak gainazpikatuz eta artista garaikide ospetsu batzuen solasak desegiteko zentzugabekeriarekin jolastuz.
Oraingo honetan Paperinak Arthur C. Dantoren «Artearen heriotza» esapide mitikoa darabil artista ospetsuen hilotz itxurako aurpegiekin graduatze argazkien tankerako bat egiteko. Mundu garaikidean «artea hil den» tesia —Hegelen Estetikan oinarritua—, artistaren irudiaren eta arteak gaur egun duen eginkizunaren inguruan modu erradikalean ironizatzeko abiapuntua da, aurkitzen garen une zurrunbilotsuan bereziki, ikuslearen kontzientzia esnarazi eta Dantoren erara iradokitzeko badela, behingoz, aldatzeko denbora.
Artemio (México Hiria, 1976). Bandera pirata

Artemioren lana diskurtsoaren dogmatismoa zalantzan jartzearen inguruan dabil, gai nagusiak indarkeria, gerra edota artea bera dituela. Zinismoz eta umore kaustikoz, mass media direlakoen manipulazioaren inguruan gogoeta egiten du, haien bertsio guztiak (telebista, zinema, publizitatea...) bere eginez. Horrekin haien hustasuna eta eduki eufemistikoa nabarmendu nahi ditu, zer esan bezain garrantzitsua dela nola esaten den erakusteko.
Oraingo honetan, bandera pirata bat egin du, star system delako artista txit ezagunen kodeak bereganatuz, esate baterako Murakamiren begiak, Jeff Koonsen txakurtxoa edota Damien Hirsten eta Gabrial Orozcoren burezurrak. Horrekin, berriz ere, botere egiturez, komunikabideez eta indarkeriaz ari zaigu, eta artearen mundua ere, industrializazioaren prozesuak bereganatu zituenetik, besterenaz jabetzearen estrategiatik ez dela salbatu adierazteko.
«Ez dago ezer originalik. Ebats ezazu inspirazioa ernarazten dizun edozein tokitatik eta elika ezazu zure irudimena.» (Jim Jarmush).
2012ko uztailatik abendura
Francesc Ruiz (Bartzelona, 1971)
Francesc Ruizek marrazkiaren esparruan garatzen du bere lana, batez ere komikien, posterren eta zerrenda marrazkidunen hizkuntza erabiliz. Oinarri horrekin hurbilak gertatzen zaizkigun kontakizun sorta bat egin du, egunerokotasunaren itxurazko sinpletasunaren atzean era guztietako gizarte arazoen ikuspegi satiriko bat ezkutatzen dutela.
Horrela, kultura «jaso»-aren eta kultura «xehe»-aren arteko zubi horretan kokatzen da, eta situazionismotik edota kontzeptuzko artetik hartutako estrategiekin batera, halako «komiki hedatu» bat sortuz, bizi dugun kontestuaren kontakizun ironiko bat marrazteko.
Oraingo honetan, meme direlakoekin —burutik burura edota belaunaldi batetik bestera igarotzen diren informazio erregistroak— zerikusia duten bi fenomenotan oinarritu da: alde batetik rage comics (haserrearen komikiak) direlakoek -foro batzuetako eta besteetako internauta multzo batek sortuta berez bezala jaioak- gaur egun duten ospea eta, bestetik, interneten aurreko garaiko lehendabiziko memeetako bat berreskuratu du, smiley delakoa, 70etan «aldarte ona»-ren sinonimo gisa zabaldu zena eta 80en bukaeran acid house delakoaren eraginez egokitua.
Horrela, artistak "umore oneko" aurpegiak eta "umore txarreko" aurpegiak jarri dizkigu aurrean, bigarrenak, argi eta garbi, egungo garaia aipagai duela. Bien arteko harremanak manera onekin, duintasunarekin eta jendetasunarekin du zerikusia, horien egokitasuna zalantzazkoa den une batean.
Ruth Gómez (valladolid, 1976). Beste errealitate bat ere balieke
Ruth Gomézek gogoko ditu egunerokotasun kutsuko eszenak eta denboraz hurbilak bere lanean. Istorio bizidunak proposatzen ditu, gizakion izaerari buruz gogoeta eginarazteko, batetik, eta fantasiaren hegaletan ihes egiteko moduez, bestetik. Bere esperientziaren luzapen bat da, geurea ere izan litekeena, eta batzuetan errealitatea eta fikzioa elkarrekin nahasten diren proiekzio partekatu bihurtzen dira.
Bere irudiak —dinamismoa eta kolorea erabiltzeko duen era berezia ezaugarri dituztela— marrazki klasikoaren, pop art-aren eta japoniar animeren eragina dute. Aldi berean, ordea, lerro eta puntuen sare konplexu baten emaitza ere badira, erabilitako bitarteko digitalei nolakotasun piktorikoak ezartzen dizkiena.
Grey Flag-erako grafitiaren erreferentziak eta muralen estetika biltzen dituen lan bat osatu du: harrapakakao ihesaldi batek gaurkoa izan litekeen toki deseroso batetik beste batera garamatza, litekeen beste mundu batera. Horrela, erantzun ezkonformista bat ematen dio egoera bati, aldi berean arbuio bat eta nahi bat adieraziz. Eta artearen baliagarritasunaz mintzo zaigu, beste edozein errealitate irudikatzeko duen gaitasunagatik askatasunerako bidea delako.
Sarrerak Online
Denda Online