Ispilu-irudia (Haritik tiraka. Artium Bilduma)

Hasiera: Ostirala, 05 Urria 2012

Amaiera: Igandea, 01 Iraila 2013

Lekua: Hegoa aretoa

Erakusketa hau esperimentazioan, hizkuntza artistikoen garapenean eta artearen historiaren autoerreferentziazko jarreretan barrena egiten den bidaia da .

Eskupapera Erakusketako lanak Prentsa oharra
Zer da Haritik tiraka?

Ispilu-irudia izenburua daraman erakusketan esperimentazioaren, hizkuntza artistikoen garapenaren eta artearen historiaren autoerreferentziazko jarreren ikuspuntutik begiratu zaie Artium Bildumako lanei. «Arteagatiko arteak» idealismoaren estetikan du jatorria, ideien munduaren autonomia defendatzen duena ezagutzeko bide gisa. Lehen abangoardietatik hasi eta gaur arte, jardun artistikoaren parte handi bat artearekiko elkarrizketa zuzenean egon da, haren historiarekiko eta hizkuntzarekiko elkarreraginean, funtzio didaktiko, moral edota utilitarioak alde bat utziz.

Jorte Oteizaren Homenaje a Velázquez (1957) eskulturak aipamen, omenaldi eta manifestu sare konplexu baten ikuspegi liluragarria eskaintzen du, haritik tira egitean azken mende honetan arteak jasan dituen etengabeko eten eta bilakaerak agerian uzten dituena. Diktaduraren garaiko espainiar artearen jarrera berritzaileak nabarmentzen dituzten lotura eta josturek materiaren eta keinuaren inguruko esperimentuak kateatzen dituzte elkarrekin, berrikuntzarako tresna nagusia abstrakzioa delarik. Askoren ustez bide honek munduaren errealitatea eta artea bereiztea zekarren, ideologiarik gabeko zentzu politiko baten arabera definituz. Zentzu hertsian inoiz horrelakoa izan gabe, arteagatiko arteak sortzeko esparru aske bat eraiki zuen, kulturaren eta gizartearen gerruntzeak oso estuak ziren garai batean. Erakusketa honetarako aukeratu diren artistek artearen hizkuntzari eta bitartekoaren garrantziari eskaini diote beren ahalegina, baina jarrera kritikoa agertzen dute, bai artearen fenomenoari nola hark bizitzan duen eraginari buruz.

Lehen aldi honetan irudikapen mekanismoak bere buruari zuzentzen bazaizkio, artearen eta honen testuinguruaren hautematea eta interpretazioa da 70etatik aurrera analisiaren esparru nagusia. Hizkuntzaren balioa mantendu arren, objektibotasun modernoaren pitzadurak erakusten dituzten egileen lana jarri da lehen mailan, beren analisian subjektibotasun eta azal geruzak erantsiz. Mendearen azken hamarraldietako solasen eta balioen krisiak objektuarekiko begirada garratz eta kritikoa ekarri du aldi berean: zerk bihurtzen du zerbait artelan, zerk egiten du bere egilea artista eta, batez ere, zerk ematen dio ahalegin horri zentzua? Horrelako gogoetei kritikaren bidez helduko zaie, baina baita parodiaren eta ironiaren bidez ere. Era berean, ugariak dira artearen historiari begiratzen dioten artistak ere. Aita hiltzea, Freuden zentzuan, jarrera arrunta izango da, mirespena eta aurreko planteamenduekiko kontrako jarrera nahastuz. Posmodernotasunaren krisiari konponketa bat bilatzea eklektizismoaren, aipamenaren, besterenaz jabetzearen eta ordura arte erabilitako kodeen analisiaren bidez islatuko da askotan eta askotan. Originaltasunaren eta egiletzaren dilema lehen mailan kokatzen da, artearen jardunaren alderdi soziologikoak nabarmenduz.

Erakusketak artearen esparru ezagunetan barrena eramango gaitu, halako déjà vu sentipen batekin, zeinetan ezagutzea eta susmoa elkarrekin baitoaz. Arteak bere buruari begiratzen dio bere izaeraz teorizatzeko eta bere misterioez gogoeta egiteko, sortzeko mekanismoen eta elementuen artxibo bat sortuz. Ibilbidea amaitzeko, prozesu honen —eta bere erakunde, eragile eta morrontzen— mugak aztertzen dituzten proposamen batzuk egingo dira, gure testuinguru hurbilean geratuz eta hurbiltasunaren kariaz analisi honi esanahi berezia emanez.

Babesleak:


Elkarlaneko proiektua
Interesgarria iruditzen bazaizu, jo irudia

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand