Erakusketako lanak Zer da Haritik tiraka?
Erraiezko arima erakusketa Haritik tiraka proiektuaren barruan dago, hau da, ARTIUM Bilduma Zentro-Museo osoan barrena zabaltzeko egitasmoaren barruan. Hiru erakusketaren bidez antolatu da hau, Museoko hiru langileren eskutik, eta tesi nagusia da, hirurak Bilduman funtsezkoa den artelan batetik abiatzen direla, hain zuzen ere Jorge Oteizaren Homenaje a Velázquez eskulturatik. Beste hainbeste norabidetarantz tira egiten duten hiru erakusketaren abiapuntu izateko duen gaitasunak erakusten du artelan honen norainokoa.
Hiru erakusketa horietako bat, Atrakzioen muntaketa, artearen eta munduaren, kanpoko esparruen, testuinguru sozialaren arteko harremanaz mintzo bazaigu; beste bat, Ispilu irudia, arteak bere buruarekin duen harremanaz, artelan batzuek beste batzuez egiten dituzten aipamenez, joerez eta solasez ari bada; hirugarrena, Erraiezko arima introspekzioaz, barneranzko begiradaz ari da.
Hiru erakusketa hauekin ixten da arteak aipagai dituen funtsezko interesen zirkulua.
Erraiezko arima, izenak berak adierazten duen eran, bizitzaren zurrunbiloan bizirik irauteko, amaierararte aurrera eginez jarraitzeko argudioak sortzeko dugun gaitasunaren metafora bat besterik ez da, beste hitz batzuetan, transzendentziaren filosofia esaten zaiona.
Gizakiari ezer ez zaio naturalagoa bere objektutasunaz jabetzea eta, batez ere, egungo bizitzaren eta ziurra den heriotzaren arteko elkarrizketa sakon eta etengabea sortzea baino.
Horregatik, sortzaile eta artistek ahal diren bide guztietatik «nihaur»-arekiko, beldurrekiko, galderekiko, barneranzko begiradekiko, zalantzekiko, transzendentzia nahiekiko eta munduan egote hutsaren esanahiarekikoduten interesa adierazteko bitarteko bat ere baden ustean oinarritzen da Erraiezko arima. Horrek guztiak funtsezko esparru bat betetzen du artearen solasa esaten diogun horretan.
Erakusketa hau, beraz, sorkuntzaren bide honetara hurbiltze bat da. Oteizaren 1958ko Homenaje a Velázquez du abiapuntua, zeinetan Jorge Oteizaren metafisika modu gordinean agerian geratzen den hiru dimentsioak eta barne huts batean finkatzen den laugarren bat egiaztatzean. Hemen Umetokia esango diogu horri, guztiaren hasiera, zeinetatik, haritik tiraka, jaiotzearen eta adimena eta gizakiaren barne kontzientzia eskuratzearen ideien inguruan interpreta daitezkeen artelan sorta bat aterako baita.
Muntaketaren bidez —era, teknika, estilistika, belaunaldi guztietako artelanetan eskuzabala—, kontakizun bat irun eta antzeztu nahi da, non ikusleek barne unibertsoko poetika gogoetagileekin zuzenean lotutako kontzeptuzko aipamen batzuetan eta besteetan barrena bidaiatuko duten.
Horrela, Umetokia-ren aipamenarekin hasi ondoren, bidaiak Jauzia-rekin jarraituko du, kontzientzia hartze gisa, eta ondoren etorriko dira Ordezkoa, non bestea eta desberdintasuna ageri diren, Isurkariak, bizi-jario gisa ulertuak, Barrualdea, zentzuaz eta erraiez ari dena, Harremana, non familia eta gizarteratzea adierazten diren, Burua eta Nahastea, begirada baldintzatuen lotura intimo gisa eta, azkenik, Galdera, abstrakzioan, zeinuan eta transzendentzian kokatzen gaituena.
Babesleak:
![]()
![]()

Elkarlaneko proiektua
Interesgarria iruditzen bazaizu, egin click irudian
Sarrerak Online
Denda Online
