Ez ukitu, arren

Hasiera: Ostirala, 2013(e)ko Maiatzaren 17a

Amaiera: Igandea, 2013(e)ko Irailaren 01a

Lekua: Iparra aretoa

Bisitariek artelanen aurrean eta museoari dagokionez dituzten jokabide eta jarrerak aztertzeko leihoa

Komisarioa: Jorge Luis Marzo

Parte hartu duten artistak: Guillermo Trujillano, Joan Fontcuberta, Mireia c. Saladrigues, Andrés Hispano, Félix Pérez-Hita, Oier Gil, Sandra Amutxastegi, Pau Figueres eta Arturo fito Rodríguez.

Ez ukitu, arren bloga Liburuxka Prentsa oharra

Artelan baten aurrean zentzuzko tarte bat gordetzea museo baten bisitari gehienek bereganatua duten keinu bat da; etengabe gogorarazten digute behatzaileek, segurtasun kordoiek eta erakusketa aretoetako idazkunek. Hala ere, artelana ez den irudi baten aurrean, edota haren errepika baten aurrean ezerk eta inork ez digu eragozten hurbiltasuna: berez, inguruan dauzkagu etengabe eta hatz puntaz ukitzen ditugun pantaila guztietan daude. Irudiaren edota objektuaren balio berezi, artistiko eta ondarezkoak ikono bihurtzea dakar, bere inguruan halako zentsura giro bat hedatuz: ez ukitu, ahots apalean hitz egin, argazkirik ez egin, ez jan... Baina museoak berak ere eragiten du giro hori: nahikoa da bere hormetan artearekin zerikusirik ez duen edozein irudi zintzilikatzea, berehala gorputzaren zenbait errituren bidez begiratuko diogu: eskuak gorputzaren atzean elkartuz, aurrerantz makurtuz...

Artearen historiak artelanei «berez» begiratu behar zaiela erakutsi digu, begira diezaiegun baitaude hor, norbaitek begiratu behar diela, erantzun egin behar diela kontuan izan gabe. Ikusleaz ari garenean, haren erantzunean epaitzen duguna, oro har, duen prestakuntza artistikoa nahiz intelektuala eta «bere baitan biltzerakoan» duen sentiberatasuna dira. Hala ere, ikusleek objektu edota irudi jakin batzuen interpretaziorako beste irizpide batzuk ere izan ditzakete, eta museo batean egoki jotzen denaz bestelako era batera erantzun dezakete, han indarrean dagoen diziplinatik aldenduz.

Ez ukitu, arren erakusketaren abiapuntua Artiumeko erakusketa aretoetako gorabeheren erregistro zehatza da, 2002an zabaldu zenetik Museoko langileek jasoa. Erregistro hori bisitariek artelanen aurrean eta museoari dagokionez dituzten jokabide eta jarrerak aztertzeko leihoa da. Kontua ez da jarrera horien kalitatea epaitzea, artearen munduak sortzen dituen hautemateen askotarikotasuna eta museoa den bezain gune arautuan gizartearen konplexutasuna nola adierazten den aztertzea baizik.

Gorabehera horiek agintearen eta diziplinaren aurrean etengabe gertatzen diren tentsioen adierazpena dira; objektuen lapurretaz eta are artelanen gaineko indarkeriaz mintzo zaizkigu; zaintzaileez, gidariez, jatorrizkoen balioaz eta are ikusleak erakusketagai izateaz ere. Horrek guztiak bide iradokitzaileak zabaltzen ditu, museoen eta haien barruan dauden objektuen funtzio sakona aztertzeko aukera emango digutenak.

Jorge Luis Marzoren komisariotza izan duen erakusketa honetan Guillermo Trujillano, Joan Fontcuberta, Mireia c. Saladrigues, Andrés Hispano, Félix Pérez-Hita, Oier Gil, Sandra Amutxastegi, Pau Figueres eta Arturo fito Rodríguez artistek esku hartu dute. Gainera, parte-hartze berezia dute Paulo Freire EPAko Arte Garaikideko Programaren, Ignacio Aldecoa Kulturetxeko Irakurketa Lantegiaren eta Udaleko Kale Hezkuntza eta Gazteria programetako kideek, guztiak Vitoria-Gasteizkoak, erakusketa zabalik egongo den denboran Museoko bisitarien jarrerak argazkietan jaso eta ikusgai jarriko baitituzte.

Erakusketa honekin batera, gai horiek guztiak sakonago jorratuko dituen katalogo bat argitaratuko da. 2012ko otsailean hasita eskuragarri dago onlineko artxibategi bat, askotariko jatorriko testu eta ikus-entzunezko dokumentu ugari duena, ikusleen eta artelanen arteko historiari eta egungo egoerari buruzko ikuspegi zabala eskaintzeko asmoa duena. Mundu guztiari zabalik dago nahi dituen kontsultak eta iruzkinak egiteko.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand