Prentsa oharra | Erakusketaren liburuxka | Lan zerrenda | Katalogoa. Sarrera
Altxorrak bildumak baino lehenagokoak dira, eta hasiera batean oso lotuta egon ohi ziren konkistekin eta jabetza eskuratu eta pilatzeko modu guztiekin. Bilduma publikoa gizartea bere burua irudikatzen hastearekin batera sortu zen historikoki: lehendabiziko aldiz herritarrei talde gisa duten legezkotasuna eta jabetza izateko eskubidea aitortu zitzaienean. Gizarte garaikidean museoa eztabaidatua eta erlatibizatua izan da, eta bere agintezko izaera eraitsi eta horren ordez zerbitzuzkoa finkatu da. Baina zeharka hartuta, museoak osorik eusten dio herri-altxor gisa duen zilegitasunari; azterketarako eta babeserako toki gisa; giza jakite berezi eta bakan baten egiazko gordailuak eratzen dituzten «izaki» artistiko mota baten existentzia artifizialerako esparru gisa.
Diruaren historiaren aurretik eta hura zeharkatuz, artea balioa irudikatzeko toki kulturalki pribilegiatua izan da. Materialaren baliotik hasi eta manufakturaren baliora, balio sinbolikora edota espekulazio-baliora, kultura batek baliotsu joko duenak metafora bat eta metonimia bat aurkitu du artean. Artium Bildumako herri-jabetza funtsekin taxutua, Herri-altxorra erakusketak gogoeta eginarazi nahi du ondare komuna sortu eta lantzeko toki gisa museoak dituen eginkizunen inguruan. Artelanek balioa irudikatzen badute, bilduma publikoak gizarte-ondarea irudikatzen du. Museo publiko horietan aurki daitezkeen aberastasun, gehiegikeria eta paradoxek kultura garaikidearen konplexutasuna laburbiltzen dute.
Trukearen irudikapenetik diruaren abstrakziora, txanponen historia irudikapenaren historia da, hau da, errealismoarena. Egokitasun sistema bat bere egitea da, aginte kulturala egotzi zaion erakunde batek egindako adierazpena onartzea. Teologiak, filosofiak, ideologiak sistema naturalista handiak izan dira, hots, errealitate efektudun eraikuntza handiak, balio-egokitasunak kulturalak finkatzeko teknikak. Erakusketa-eredu gisa poliptikoaren tradizio luzea hartuz (hasi erregistro geometrikoen bidez egituratutako rretaulatik eta kabinete moderno nabar, surrealista, konstruktibista, minimalista eta abarretara, lehen bilduma publiko handietatik, «bildumako laukietatik» eta hemeretzigarren mendeko saloietatik igaroz), mosako kromatiko bat eskaintzea da asmoa, non artelanek eta haien arteko harremanek balio-nozioaren eta errealitatearen eraikuntzaren arteko loturei buruzko saiakera bat finkatzen duten.
Erakusketan hiru errealismo mota egiaztatu nahi dira, hiru zeinu modalitaterekin lotura dutenak, haietako bakoitzaren ezaugarria artearen egikeran dauden alderdi jakin batzuen balioa nabarmentzea dela:
II. Errealismo ikonikoa. Antzekotasun baten arabera sentitzen denaren edota hautematen denaren ebidentziara darama: beere objektua antzekotasunaren arabera irudikatzen du funtsean, izaera gorabehera:
II.a. Zentzumenen balioa. Bat-bateko hautemateari egozten zaion egiaren balioa da, eta baita bat-batekotasun hori lortzeko gaitasunari ere. XIX. mendeko naturalismoa, zentzumenen hurbiltasunean oinarritua, figurazio- eta fotoerrealismo-modu guztietan garatuko da XX. mendean, eta XXI.ean ikus-entzunezko erregistroaren baliabide teknikoei egozten zaien neutraltasunean oinarritutako dokumentalismo batean.
II.b. Balio emozionala. Esperientzia psikikoaren egiari egozten zaion balioa da. XIX. mendeko karikaturismoa, esperientziaren gehiegikerian oinarritua, sentitutakoaren ebidentzian, autoadierazpenaren egian oinarritutako espresionismo- eta surrealismo-modu guztietan garatuko da XX. mendean. XXI. mendean sentsibilitate hori fikzionalismo, parodia, identifikazio eta errealitate intentsifikatuen era batzuetan eta besteetan gauzatuko da.
III. Errealismo sinbolikoa. Dakigunaren, pentsatzen dugunaren ebidentziara darama, konbentzionaltasunezko izaera irudikatzaile baten arabera: egokitasun partekatu bat finkatzen du.
III.a. Egiturazko balioa. Egitura begien bistan geratzearen eta antolakuntzarako gaitasunaren balioa da. XIX. mendeko akademizismoa, formalizazioaz eta antolakuntzaz kezkaturik, egitura agerian jartzeko ahalegin gisa garatuko da xx. mendean, antolakuntza gai bihurtuz eta egitura irudi, naturalismoaren artifizialtasuna salatuz eta eraikuntzazko ebidentzietatik abiatutako errealismo berri baten itzulera, figurazio abstraktua bilatuz. Bitarteko espresiboak bihurtuko dira funtsezko eduki, are artelanaren eduki bakar XXI. mendeko medialismoan.
III.b. Balio kontzeptuala. Eraikuntza sinbolikoei eta kultura-esanahiei loturiko egiaren balioa da. XIX. mendeko konbentzionalismoa, ordezkatzen duenaren bilaketan eta formalizazio sinbolikoaren modu guztietan agertzen dena, XX. mendean naturalismo enblematiko gisa garatuko da, era bateko eta besteko tipifikazio sinbolikoetan oinarritua, XXI. mendeko simulazionismoen erabateko estatifikazio lausoraino.
I. Aztarna-errealismoa. Denaren ebidentziara darama, ondokotasun-izaera ordezkatzaile baten arabera: bi esperientzien arteko elkargunea seinalatzen du.
I.a. Balio materiala. Artelanean nabarmentzen diren elementu materialen egiaren balioa da. XIX. mendeko errealismoa, subjektibotasuna eta estiloa minimizatzeko objektibotasun ahalegin gisa pentsatua, xx. mendean «egia» materialarekiko literaltasun eta egokitze ahalegin gisa garatuko da, objektuak halako lehendabiziko adierazpen, hizkuntzaren aurreko batean «aurkezte»-aren bidez irudikapena bera gainditzen saiatuz. Ready-made delakotik minimalismoaren objektu espezifikora, literaltasun horrek XXI. mendean kontestualismo batera eramango du, non errealitate osoa irudikapenak irensten baitu eta errealitatearen eta irudikapenaren arteko muga bereizezina baita.
I.b. Testuinguruzko balioa. Artelana gertatzen den testuingurukoak diren kanpoko elementuei egozten zaien balioa da, hartan txartatuak edota hark «bereganatuak». XIX. mendeko errealismoa, garaikidetasun modu erradikal gisa pentsatua, eta zeinaren bidez testuingurua artelanaren barruan geratzen baita, xx. mendean arte politikozko modu guztien testuinguruzko tematizazioan garatuko da, situazionismoa barne, eta XXI. mendean, irudikapena gizarte-ekintza gisa tratatuz, estetika relazionaletan gertatu ohi den bezala.
Herri-altxorra (errealitate-ekonomiak). Artium Bilduma
Inaugurazioa: 2013ko urriaren 4an, ostirala, 20.00etan
Komisarioa: Juan Luis Moraza
Jarduerak: Juan Luis Morazaren hitzaldia. Urriaren 5ean, larunbata, 12.30ean
Hegoa aretoan, 2013ko urriaren 4tik 2014ko abuztuaren 31ra
Artiumek (Vitoria-Gasteiz) ekoitzitako erakusketa
Erakusketaren katalogoa. Testuaren egilea: Juan Luis Moraza
Babesleak: Arabako Foru Aldundia; Eusko Jaurlaritza; Vitoria-Gasteizko Udala; Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa; El Correo; Euskaltel; Naturgas Energia