Luis Gordillo XXL/XXI

Hasiera: Azteazkena, 2014(e)ko Apirilaren 09a

Amaiera: Igandea, 2014(e)ko Abuztuaren 24a

Lekua: Iparra aretoa

Espainiar margolari ezagunenetako baten formatu handiko 25 lan egin-berri ikusgai

Proiektuaren zuzendaria: Enrique Martínez Goikoetxea

Lan-zerrenda Esku-papera Prentsa oharra Juan Francisco Ruedaren testua (katalogoa) Aretoko testuak Txostena (Liburutegia) (gaztelaniaz)

Luis Gordillo XXL/XXI erakusketak Sevillako artista honen sormenaren emankortasun oparoa dakar Artiumeko aretoetara. Erakusketarako artelanen hautaketa eta taxuketa artistak berak egin du. Inaugurazio eguna baino urte eta erdi lehenago abiatu zen lana, artistaren lantegira egin genuen bisita batean. Han erabaki zen proiektuaren oinarrizko egitura, eta asmoa, funtsean, bere lantegiaren itxura kaleidoskopikoa erakusketa-aretora eramatea izan zen, hau da, esperientzia estetiko hutsa, bere sorkuntzaren egungo egoera zuzenean erakustea, beste interesa batzuk alde bat utzita. Oro har, artelanak azken egindakoen artean aukeratu dira, formatu handikoei eta egun ikertzen ari den serieei lehentasuna emanez, biak ala biak bere lan-prozesuan garrantzi handia duten bi tipologia.

Artistaren lantegiak berez bere lanean ikertzen duenaren eta han sortzen denaren hurbilketa leiala eskaintzen du: bilakaeran dauden irudien collage erraldoi bat, dinamismoz eta energiaz beteak, oreka bizi egonkor bat aurkitu zain. Prozesuan dauden lanak, irudi zatikatuak, argazkiak, erreprodukzioak eta margolanak makrokosmos baten osagaiak dira, eta dokumentu-aratxiboekin, koadernoekin eta azpimunduetan arretaz antolatutako objektu txikiekin —era guztietako ideia eta loturetan oinarriturik hautatuak— batera bizi dira. Kanpoko argia turrustan sartzen den gune hori artistaren inkontzienteko mundu berezi eta elektrikoa eta partekatutako munduaren kontzientzia sakona elkartzen diren arragoa da.

Erakusketaren izenburua, XXL/XXI, arroparen izaria adierazteko erabiltzen den kodearen eran irakur genezake, hau da, «estra-handia/21». Horrela, 5 metro luze ere badiren artelanen tamaina nabarmentzen da, eta elementuen ugaritasuna; aldi berean lan horiek azken hamar urteetan kokatzen ditu kronologikoki. Erakusketako artelanak 26 dira, baina batzuk serieak direnez gero, aleak 60 baino gehiago dira guztira. Guztiei elkarrekin artistaren interes nagusiei eta bre lanak hedatzen duen energiaren jatorriari buruzko ñabardura ugari darie. Artelan hauen bidez, artistak bere lanari heltzeko dituen era desberdinak ikus daitezke. Gordillok «bertikala» esaten dion eran, artistak bere barne-ebokazioekin eta bere margo-paletarekin aurre egiten dio oihal zuriari. Prozesu horrek asko eskatzen dio artistari bere lanarekiko eta bere barnearekiko. Beste lan egiteko eran, «horizontala» esaten diona, artelan batzuk beste batzuetatik eratortzen dira, betierekoa izan litekeen jarraitasun batean. Horrela, bi bidetatik hurbil gatzaizkioke egilearen errealitateari: bata sarkorra, sakona, bulkadatik jaiotzen dena; bestean, bulkada hori kudeatuz, eta arrazionaltzen eta zehazten duten prozesuen bidez, molde bat sortzen da, kodeak, hizkuntzak, egiteko eta munduan egoteko moduak berritzen dituzten planteamenduak ikertu eta esperimentatzeko. Bilakaera, eratortze, desbideratze eta gisa horretako kontzeptuek bide ematen diote proiektuaren sail nagusiari. Eta han, izenburuetako batzuk (izenburuak, irudia eraikitzeko oso garrantzitsuak iruditzen zaizkion tresnak) Darwin aipatzen dute, lanaren bilakaerazko garapen bat, non artelan batek hurrengoaren hozia duen, eta erabiltzen diren prozesuak, bikoiztea, moztea, tolestea eta errepikatzea, neurri handi batean zoriak iltzatuak. Lan horiek egiteko bitarteko fotomekanikoak eta digitalak erabili ditu, eta irudia analizatzeko posibilitateak biderkatzen dituen eta lan-gorputz berean erraietakoa eta eredua elkartzea errazten duen edozein lanabes mota.

Luis Gordillo Sevillan jaio zen 1934an. Berandu hasi zen margotzen, Zuzenbideko lizentzia burutu ondoren, eta berrogeita hamarren bukaeran frantziar eta espainiar margolaritza informalista ezagutu zuenean hasi zen lan txit pertsonal bat garatzen. Aurrerago pop-a ezagutu zuen eta 1963an psikoanalisia egiten hasi zen, bere lanean eragin handia izango zuen esperientzia. 1967an Juan Antonio Aguirrek kritiko eta margolariak bultzatutako Nueva Generación taldearen kide egin zen, eta handik gutxira margolari gazteen belaunaldi baten (Carlos Alcolea, Guillermo Pérez- Villalta, Carlos Franco eta Rafael Pérez-Mínguez, besteak beste) eredu nagusi bihurtu zen. 1974an Sevillako M-11 zentroak Gordilloren lanaren lehendabiziko erakusketa antologikoa antolatu zuen, hortik aurrera eta gaur arte ezin konta ahala erakusketa egin ditu munduan barrena. 1981ean Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen, eta 1996an Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina. 2007an MNCARS-en erakusketa antologiko handia egin zioten urtea, Arte Plastikoen Velázquez saria jaso zuen.

Erakusketa honen inguruan Carlos Serranok diseinatutako katalogo bat argitaratuko da, Juan Francisco Ruedaren eta Daniel Castillejoren testuekin.

    Paraleloan / En paralelo, Artiumek ekoitzitako bi erakusketa berri, Juan Mieg. Xuxurlaka eta Luis Gordillo XXL/XXI, biltzen dituen proiektuaren izena da. Erakusketa hauek 2014ko apirilaren 9tik abuztuaren 24ra egongo dira ikusgai.

    Programa honen eta hemen aurkezten diren proposamenen jatorrian toki eta denbora berean beren lana margolaritzaren paradisu galduan garatzen duten egileak elkartzeko asmoa dago. Artearen kritika argudioz eta eztabaidaz bete duten lanak, hizkuntza artistikoen berrikuntzan erabakitasunez parte hartuz eta gaur egun sortzeko gogo berarekin lanean jarraitzen duten artistak. Proiektuaren helburuen artean historian zehar izan duen estatus estetikoa galdu duela dirudien teknika bat sorkuntza garaikidearen testuinguruan kokatzea eta hari balioa ematea da. Margolaritzak, izan ere, tradiziozkoa delarik ere ez du akademizismoarekin zerikusirik, eta artistaren eta sortze-ekintzaren, eta artelanaren eta ikusleen arteko harreman natural, hurbil (erotiko?) bat iradokitzeko gaitasuna bizirik mantentzen du. Horrez gainera, egoera artistikoaren inguruko gogoeta bat eragin nahi da —arlo horretan diskurtsoak hartzen baitu sarritan objektuaren lekua—, margolaritzaren errealitate fisikoaren zentzumen-esperientzia nabarmentzeko.

    Bi artista hauek joan den mendeko hogeita hamarretan jaio ziren eta beren garaiko hizkuntza akademikoak gainditzeko beharra sentitu zuen belaunaldikoak dira. Bi bizi-proiektu paralelo, aukera estetiko bana, baina oraindik ere sorkutzaren bulkada bizi-bizirik, egungo garaiarekiko aurrez aurreko elkarrizketan.

Babesleak:

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand