Proiektuaren zuzendaria: Enrique Martínez Goikoetxea
Lan-zerrenda Esku-papera Prentsa oharra Jaime Cuencaren testua (katalogoa) Santiago Arcedianoren testua (katalogoa) Aretoko testuak Txostena (Liburutegia)
Xuxurlaka erakusketan artista honen azken lanen artean aukeratutako hogeita hamar bat margolan daude ikusgai, formatu handikoak, euskal margolaritza garaikideak duen artista sendoenetako baten lanaren ikuspegi leiala osatzen dutenak.
Juan Miegek konpromiso sutsua du margolaritzarekin. Bere lana intuitiboa da, barne-prozesuetatik sortzen den halako autoerretratu psikologikoa. Bere ibilbide luzean ez du ia bihurgunerik izan. Aitzitik, etengabeko bilaketako prozesu bat izan du, ia obsesiboa. Ezagutzeko tresna gisa darabil margolaritza, teknika bera komunikazio-kode gisa aztertzeko, baina baita bere burua ezagutzeko bitarteko gisa ere, barne-izaeran sartzekoa, behin subkontzientea —norberarena eta mugatua— gaindituz gero esparru unibertsal batera daramana, hots, inkontziente kolektibo zabalera.
Azken 50 urte hauetan inoiz ez dio nabarmenkeriari amore eman. Bere lan-prozesua zorrotza da, eta darabilen hizkuntza koherentea eta zehatza, xuxurlaka inkontzienteko irudiak ateratzen dituena. Azaleren trataerak, ehundurek, kolore-jokoak, kolore masen eta tarte irekien arteko tenkek..., Juan Miegek margolaritzaz duen ezagutza sakona erakutsiz, energiaz betetzen dute bere lana, aldi berean ikuslearen inkontzienterako bidea zabaldu eta, inposatu gabe, era bateko eta besteko irakurketak proposatuz.
Mieg proiekturik eta zirriborrorik gabe jartzen da oihalaren aurrean, irudiei eta bere lanaren erritmo eta intentsitateei jariatzen utziz. Artista honek artearen historiarekin duen elkarrizketa beste tresna bat bihurtzen da. Horrela, Jaime Cuencak —erakusketari lagun egiten dion katalogoko testuaren egilea— dioen bezala, artista «automatismoak eta ikasitako keinuak» ekiditen ahalegintzen da, lehen orbanetatik hasita, dagoeneko erabilitako eskemekin hausteko estrategiak bilatzen.
Erakusketako artelanak, egilearengan ohikoa denez, ez dute izenbururik, eta azken urteotan eginak izan arren, are azken asteetan, datarik gabe ageri dira. Antza denez, bere lanarekiko ahalik eta lotura gehienak moztu nahi ditu; eta bere lana bilbe batetik, denbora batetik askatu, ikuslearen esperientziari, interpretatzeko unean, erabateko askatasuna emateko.
Juan Mieg Vitoria-Gasteizen jaio zen 1938an. Arkitektura ikasten hasi zen Bartzelonan, baina 1962an ikasketak alde bat utzi eta margotzeari eman zitzaion erabat. Bartzelonan korronte surrealista eta informalistak ezagutu zituen, eta haien lan-prozesu eta argudioek eragina izan zuten bere proposamen piktorikoetan. Paristik itzultzean, 1966an, Orain taldea sortu zuen Joaquín Fraile, Carmelo Ortíz de Elgea, Alberto Schommer eta Jesús Echeverría eskultorearekin batera. Aldi berean, gainerako euskal probintzietan Gaur. Hemen eta Danok taldeak sortu ziren. Guztiak hastapen berberetan oinarritzen ziren eta kultura gizartean nahasteko konpromisoa eta Euskal Eskola nazioarteko abangoardiaren testuinguruan sartzeko borondatea partekatzen zuten. Gaur egun, Vitoria-Gasteizen bizi da eta bertan lan egiten du.
Paraleloan / En paralelo, Artiumek ekoitzitako bi erakusketa berri, Juan Mieg. Xuxurlaka eta Luis Gordillo XXL/XXI, biltzen dituen proiektuaren izena da. Erakusketa hauek 2014ko apirilaren 9tik abuztuaren 24ra egongo dira ikusgai.
Programa honen eta hemen aurkezten diren proposamenen jatorrian toki eta denbora berean beren lana margolaritzaren paradisu galduan garatzen duten egileak elkartzeko asmoa dago. Artearen kritika argudioz eta eztabaidaz bete duten lanak, hizkuntza artistikoen berrikuntzan erabakitasunez parte hartuz eta gaur egun sortzeko gogo berarekin lanean jarraitzen duten artistak. Proiektuaren helburuen artean historian zehar izan duen estatus estetikoa galdu duela dirudien teknika bat sorkuntza garaikidearen testuinguruan kokatzea eta hari balioa ematea da. Margolaritzak, izan ere, tradiziozkoa delarik ere ez du akademizismoarekin zerikusirik, eta artistaren eta sortze-ekintzaren, eta artelanaren eta ikusleen arteko harreman natural, hurbil (erotiko?) bat iradokitzeko gaitasuna bizirik mantentzen du. Horrez gainera, egoera artistikoaren inguruko gogoeta bat eragin nahi da —arlo horretan diskurtsoak hartzen baitu sarritan objektuaren lekua—, margolaritzaren errealitate fisikoaren zentzumen-esperientzia nabarmentzeko.
Bi artista hauek joan den mendeko hogeita hamarretan jaio ziren eta beren garaiko hizkuntza akademikoak gainditzeko beharra sentitu zuen belaunaldikoak dira. Bi bizi-proiektu paralelo, aukera estetiko bana, baina oraindik ere sorkutzaren bulkada bizi-bizirik, egungo garaiarekiko aurrez aurreko elkarrizketan.
Babesleak: