Carmen // Shakespeare (2012-2018) proiektu globalari buruzko oharrak
Carmen // Shakespeare proiektua bi artistaren arteko elkarrizketaren emaitza da; hain zuzen ere, zenbait lurralde artistikoren arteko mestizajearen bidez istorioak sortzeko gailu polifazetiko bat osatu nahi duten bi artistaren arteko elkarrizketaren emaitza: Opera garaikidea? Shakespeareren Maitasun sonetoen doinua eta Bizeten Carmen operaren pasioa elkartuz, Infante-Mesa duoak indar «barroko» bat proposatzen digu (hitzaren zentzu hertsian): desiraren gaiaren inguruan jira-biran korapilo batzuk eragiten, islatzen eta adierazten dituen perla akastun baten indarra.
Artiumen, puzzle horren ikuspegi orokorra estreinatuko dute artistek. Hala, bada, Carmen // Shakespeare: Desiraren iragarpenak erakusketak arte eszeniko, plastiko, literario eta ikus-entzunezkoen arteko pasabideak sortuz metatutako energiak astinduko ditu.
Erakusketari buruzko oharrak
Gizonak dio: Hau ez da simulakro bat; ezta erakusketa bat ere, agian…
Emakumeak dio: «Esperientzia» bat izan liteke, agian. Horregatik ote dago jende guztia apur bat urduri?
Gizonak dio: Baliteke! Eta zu?
Emakumeak dio: Bazatoz?
Gizonak dio: Hara?
Espazioak - Denborak: ontzat emandako ulermen akatsak
Carmen // Shakespeare: Desiraren iragarpenak deseo proposamen hibridoa da, eta maitasunari eta giza harremanei buruzko gaiak jorratzen ditu, horiek teknologiak anplifikatuak, isilaraziak, uhertuak edo sortuak direnean.
Kontakizun mitiko, poetiko eta egunerokotasunezko handi bat da erakusketa. Espazio eta denbora erakustaldi izugarri «dramatizatu» baten modura planteatuta dago, eta zenbait bider aktibatuko da pizgarri gauzatzaileen bidez, «hemen eta orain» ideia zalantzan jarriko duten hitzorduetan.
Desira, konfiantza, askatasun eta botere harremanei loturiko ideiak garatzen dira erakusketa ibilbidearen 20 etapetan. Ideia horiek anplifikatu egingo dira itzulpen arazo batzuei esker eta hitzak, soinuak eta irudiak keinuaren aurrez aurre (kameraren aurrean eta atzean) jartzen direneko polisemia liluragarriari esker: Maitasuna?
«Carmen // Shakespearen, kaleidoskopio batean bezala erakutsiko dugu nola zeharkatzen duten gure garaia gure gorputzak eta irudiak kontrolpean dituzten teknologiek. Orobat erakutsiko dugu hemen nola teknologia horiek berek (tranpa, aukera eta oztopo) baimentzen dituzten botere, sedukzio, beldur, desira, lilura, adiezintasun, konplizitate, jeloskortasun, pasio… harreman berriak. Maitasuna?»
«Maite zaitut nire zalantza bera baino gehiago» (William Shakespeareren soneto baten moldaketa)
«Maite ez banauzu, nik maite zaitut… eta maite bazaitut… argi ibili!» (Carmen, Bizet-Mérimée)
Hara jarraituko nauzu! Nora? (Ibilbideak, paseoak, noraezak, harat-honatak…)
Iniziazio bidaiaren ideia ez zaio proiektu honi arrotza. Gune, soinu, objektu, testu eta irudiek lekualdatzeak proposatzen dituzte «trastetegien labirinto» baten barruan: artistek poliki-poliki bilbatutako «esperientzien stock» ia infinitu hori. Ikuskizunak, bideoak, instalazioak, performanceak eta tailerrak izan dira 2012aren amaieraz geroztik Europan nahiz Hego Amerikan eta Ipar Afrikan gauzatu eta zabaldutako «Carmen // Shakespeare formetako» batzuk.
Bisitariaren irudia oso kontuan harturik (haren gorputza, haren mugimenduak, haren memoria), paradoxa bat esperimentatzeko gonbita egiten digu erakusketak: Itxuraz abentura gidatu bat badugu ere aurrez aurre (gune tematikoak ordenatzen eta bereizten dituzten lurralde espezifikoekiko plano handi bati esker), berehala sentituko dugu nola den plano hori aitzakia bat, organismo konplexu batean galtzen laguntzen diguna. Enigma bat?
Zantzu gutxi-asko «susmagarri» ugarik puntukatuta, erakusketa barneko gure bidaiak itzalak, argiak, irudiak, islak eta soinuak sortuko ditu, bisitaren denborarekin negozia dezagun, azeleraziora, atzera egitera edo behaketarako etenaldia egitera xaxatzen gaituztelarik.
Guneak
Erakusketak 4 gune tematikotan banatzen du espazioa; ordenarik gabeko baina elkarri loturiko 4 gunetan, zeinak baitagozkio Carmen // Shakespeare proiektuaren pultsua ahalbidetu duten 4 aldiei.
1. gunea: Sedukzioaren makina // 2. gunea: Gatazkaren makina (Crash-test) // 3. gunea: Jitoaren makina (Erresistentziarena?) // 4. gunea: Heriotzaren makina
Carmen // Shakespearen, «barrenak ateratako makinek» etengabe dihardute irudiak eta soinuak proposatzen, denborak gainkatuz. Makinak arauzko hierarkiak aldatzen ditu, etengailuak sortzen ditu eta eskalak eraldatzen ditu. Makinek areagotu egiten dituzte isla batzuen distirak eta itzal guztien sakontasuna. Haren aurrean –unez une eta lekualdatzez lekualdatze–, bere berezitasuna eta askatasuna berretsi behar ditu gorputzak. Gorputz horrek uko egin behar dio, paradoxikoki, (desiraren?) objektu izateari, bizia ematen dioten teknologia horiei guztiei aurre eginez.
Museoan, gune bakoitzean instalazio nagusi bat izango da, eta zenbait antena barreiatu: «Ganbarak» —eten egoeran dauden memoriaren toki gisa—, «Stocka» —sormen prozesuko erreferentzia eta objektu guztiak berriro aktiba litezkeen toki gisa—, «Maketak» —eskala fisiko eta metaforikoaren ideia krisian jartzen diren espazioak—, «Zinemak» —non begizta eran aktibatzen baitira memoria berreginak eta alfer hizketak— eta «Bulego faltsuki simetrikoak».
Dramaturgia hedatu bat /soinu-espazioen orkestratze bat. Hurbil? Urrun? Ikusgai? Ikusezin?
Ongi etorriak istorio zatikatu batera. Gure mugimenduek hurbiltasunak eta urruntasunak sortzen dituzte, eremu ikusgarriak eta ikusezinak. Gure lekualdatzeek sortuko dute dinamismoa eta erakusketaren partituraren osagai tematikoen nahastea.
Labirinto honek identifikatu gabeko mehatxuen abentura bat proposatzen du, ez al gara bizi akaso etorkizun zalantzagarri baten hersturak eutsitako mundu batean?
Sartu eta ikusi: barruan da askatasuna!
Carmen // Shakespeare. Desiraren iragarpenak (bertsio laburra) from Artium on Vimeo.
Prentsa oharra Inaugurazio-programa
Carmen // Shakespeare proiektuaren gunea
Proiektuaren zuzendariak: Enrique Martínez Goikoetxea eta Hors Champ
Sarrerak Online
Denda Online